Euskara hezkuntzan

Euskaraz ikasi nahia eta ezina

Hezkuntzan euskaraz aritzeko zailtasunak dituztela salatuko dute kalean ikasleek. «Eskolak ez baditugu jasotzen kalitatezko euskara batean, gure eskubideen urraketa da».

Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Eskolak gazteleraz edo frantsesez jaso beharra, irakasgaietako materialak erdaretan izatea, irakasleek euskara maila eskasa edukitzea... Asko dira Euskal Herriko ikasleek euskaraz ikasi ahal izateko gainditu behar dituzten hesiak, Haur Hezkuntzatik hasita unibertsitateraino. Anotz Arnaiz Ikamako kidearen hitzek laburbiltzen dute egunero ikasleek ikastetxeetan eta unibertsitatean bizi izaten dutena: «Euskara, zentzu askotan, eskubide bat baino gehiago, pribilegio bat bihurtu da». Horren aurka egiteko eta hezkuntzak euskaraz izan behar duela aldarrikatzeko, manifestazioak egingo dituzte datorren ostegunean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Gazte Euskaltzaleen Sareak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko eta NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko euskara taldeek deituta.

Bigarren mailakoak balira bezala. Hala ikusten dute tratatzen dituztela euskara eta euskaldunak hezkuntzan, bai Arnaizek, bai eta Oier Errementeriak eta Argiloa Pinzolasek ere. Errementeria Gazte Euskaltzaleen Sareko kidea da; Pinzolas, EHUren Donostiako campuseko euskara taldekoa. Egungo egoerarekin ez daude konforme. Hala nabarmendu du Errementeriak: «Euskara bigarren mailako hizkuntza gisa geratzen da. Ez dago aukerarik hezkuntza bere osotasunean euskaraz egiteko».

Bigarren mailako hizkuntza eta hiztunak, zergatik? Pinzolasek xehatu ditu arrazoiak bata bestearen atzetik. Ikasgaien hizkuntza: «Ezinezkoa da gradu bat hasi eta guztiz euskaraz izatea. Jende asko behartua dago aukeratu ez duen hizkuntza batean ikasgaiak jasotzera». Edukiak: «Euskaraz ikasi nahi baduzu, ezin da, materiala gazteleraz dago». Eta irakasleen euskara maila: «Irakasle askok ez daukate maila nahikorik euskaraz eskolak ondo emateko, edo, zuzenean, ez dira gai eskolak euskaraz emateko, eta gazteleraz eman behar dituzte». Baina ez irakasleena bakarrik: «Izan behar dugu eskubidea edozein lekutara joan eta euskaraz normal egin ahal izateko, eta ez da gertatzen: bazoaz idazkaritzara edo edozein tokitara, eta, agian, langileak ez daki euskaraz».

Horrela, ikasle euskaldunei eskubideak ukatzen zaizkiela uste du Pinzolasek: «Guk ez baditugueskolak jasotzen kalitatezko euskara batean, gure eskubideen urraketa bat da. Ez dugu imajinatzen gaztelerazko eskola bat akatsez beteta egotea; euskaraz gertatzen denean, ez zaio ematen garrantzi nahikorik».

Horrek isla du ikasleen eguneroko bizitzan. Sare sozialetan bolo-bolo dabiltza beste ikasle batzuek emandako adibideak. Hala dio batek: «Erizaintzako ikaslea naiz Leioako campusean. Irakasleek pasatzen dizkiguten apunteak ulertezinak izaten dira, zuzenean Googleren itzultzailetik ateratakoak: adibidez, odol edalontzia edo erradiatutako zelaia jartzen dute. Horrelako mila adibide». Beste batek: «Duela urte batzuk irakasle batek gure gelakide lapurtar bat Rousseau frantsesez irakurtzera behartu zuen gela osoaren aurrean, altuan, 'zu Frantziakoa zarelako'. Ez zen nahaste bat izan».

Dena dela, Pinzolasek nabarmendu du ardura ezin dela irakasleen bizkar utzi: «[EHUk] Ardura dauka guk hezkuntza euskaraz jaso ahal izateko. Gabezia horiek guztiak ikusita, ez du bere ardura betetzen. Gobernuek eta instituzioek ere badute ardura falta». Baliabiderik eza nabari du Errementeriak: «Irakasleek ez daukate baliabide nahikorik euskaraz egiteko. Bai irakasleek bai ikasleek egin behar badute haize kontra euskaraz irakatsi ahal izateko, haizea ez doa norabide zuzenean».

Errealitate desberdinak

Arazoak identifikatuta dituzten arren, ikasleek argi dute Euskal Herri osoaren argazkia ez dela berbera, badagoela aldea lurraldetik lurraldera. Batetik, Ipar Euskal Herria: unibertsitatera arteko ikasketak osorik egitea ikastolek soilik bermatzen dute. Arnaizek azaldu du: «Hiru probintzietan lizeo bakarra dago euskaraz ikasteko, ikasle askok astero bidaia luzeak egin behar dituzte, ezin dira egunero etxera bueltatu...». Baxoa eta brebeta ere ezin dituzte osorik euskaraz pasatu. Bestetik, Nafarroa: «Beste traba bat da Nafarroako zonifikazio legea». Azkenik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, itxuraz hobeto daude. Errementeriak egin du ñabardura: «Egia da D eredua bera lorpen bat dela, eta joan behar gara horretan sakontzen, baina inondik inora ez da garaipen bat». Izan ere: «D eredua toki askotan ez da arnasgune, zeren eskoletan gazteleraz egiten baita. Eskoletan ez dira saiatzen bermatzen atxikimendu bat euskararekin, eta D ereduak ez du behar beste funtzionatzen».

Euskaraz ikasi nahi eta ezinak zenbait euskal herritar etxean arrotz sentitzea ere eragin dezake. Nafarroako ikasleak aipatu ditu Pinzolasek, NUPen egoera «askoz okerragoa» dela-eta Donostiara joatea erabakitzen dutenena. «Jende asko etortzen da Nafarroatik, uste duelako Ibaetan gradua osorik euskaraz egin dezakeela —ez irakasgaiak bakarrik, baita materiala ere—, eta errealitatea ez da hori: gabezia asko daude irakasleen mailan, eduki mailan, itzulpengintzan inbertsio falta...». Kasu jakin bat kontatu du Errementeriak: «Pisukide baten gelakidea Iparraldekoa da, eta,gazteleraz ez zekienez, itzuli behar izan zuen, eta frantsesez ikasi behar izan zuen. Diskriminazioa da denok gazteleraz dakigula pentsatzea ere».

Arazoa, hizkuntzatik harago

Gainera, begirada altxatuta, hizkuntzatik harago ere ikusten dituzte ezinak. Hezkuntzan Euskal Herria ez dela aintzat hartzen diote. Adibidez, Arnaizek esan du Hego Euskal Herrian Batxilergoko bigarren mailan Espainiako Historia ikasten dutela, baina zenbaitek Euskal Herriko historiaz ezer gutxi dakiela.

Eta nola egin horri aurre? Lau proposamen dituzte antolatzaileek: hezkuntza %100 euskaraz izango dela bermatuko duten irakasleak kontratatzea, eduki guztiak euskaraz izatea, hezkuntza prozesua garatzeko eremua %100 euskalduna izatea eta hezkuntza prozesua Euskal Herriko errealitatera egokitzea.

Arnaizek gehitu du kontuan hartu behar dela hezkuntzarena «arazo estrukturala» dela, bi «estatu zapaltzaileren» menpe dagoela Euskal Herria, eta Madrilek eta Parisek hartzen dituztela erabakiak hezkuntzan, «interes batekin»: «Hezkuntza da gaur egungo gizarte kapitalista eta zisheteropatriarkala erreproduzitzeko tresna bat». Beldur bat nabari du Errementeriak: «Hizkuntza batek egiten du askotan herri bat, eta uste dut hori dela daukaten beldurra. Guk eskatzen dugun bakarra da euskaraz egiteko gaitasuna bermatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.