Podemos modura forukoetara

EAEko zuzendaritzak atzo hartu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozetara marka propioarekin aurkezteko erabakia.

Eztabaida handia izan du Madrilekin
Roberto Uriarte, EAEko Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusia, duela bi aste, Bilbon.
Roberto Uriarte, EAEko Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusia, duela bi aste, Bilbon. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2015eko martxoak 7
EAEko Podemos Ahal Dugu-ko zuzendaritza estatukoari gailendu zaio, eta maiatzaren 24ko foru hauteskundeetara Podemos izenarekin aurkeztuko da. Atzo gauean hartu zuen erabakia, Bilboko batzar batean. Astelehenean eta ostegunean Espainiako zuzendaritzarekin bildu zen.

Podemosek estatuko batzar orokorrean erabaki zuen udal hauteskundeetara ez dela joango marka propioarekin, hautagaitza asko izango direla-eta alderdiak kaltea jaso zezakeelakoan Moncloarako lehian. Erkidegoetako bozetara, berriz, Podemos modura aurkeztea deliberatu zuen; Nafarroako Parlamenturakoan, adibidez. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakora nola joan erabaki gabe zeukan, lurralde historiko haien egitura berezia izateagatik. Zuzendaritzaren azaroko txosten batean lehentasuna eman zioten hautesle elkarte gisa joateari, baina Podemos modura aurkeztuko dira.

«Maiatzaren 24an foru hauteskundeak izango dira Euskadin. Herrialde Historikoen esparruan egiten den prozesua izanik, Podemos Ahal Dugu-n Euskadiko Kontseilu Hiritarrari dagokio han parte hartzeko erabakia. Kontseilu Hiritar honek, Bilbon egindako ohiko bileran, euskal dokumentu politikoa eta estatukoa aztertu ditu eta bi dokumentuek zabaltzen dituzten aukera guztiak kontuan hartuta, estatuko Kontseiluarekin batera, 2015eko foru haueskundeetara Podemos modura joateko erabakia hartu du, betiere lurralde historiko bakoitzean parte hartzeko borondatea eta gaitasuna frogatzen bada». Hala dio atzo gauean EAEko Podemos-Ahal Dugu-k hedabideetara igorrirako oharrak.

Ikusita zuzendaritza nagusiarekin ez zirela ados jartzen, Roberto Uriarte Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak «herritar batasuneko» hautagaitzen aukera aipatu zuen ostegunean, Madrilgoekin bildu aurretik. Aukera hori indarra hartzen ari da Podemosen. Bartzelona hiriko ereduari jarraiki, atzo bertan jakin zen Madrilen halako udal hautagaitza bat eratzea lortu dutela, beste eragile batzuekin batera. Bilbon ere antzeko formula atera daiteke, IbaiZabal espazioan bat egiteko prozesuan baitabiltza Podemos, Irabazi koalizioko Ezker Anitza, Equo eta Alternativa Republicana eta norbanako beste batzuk; pare bat astera joko dute bat egitea egintzat, eta bozetarako zer formula erabiliko duten zehaztuko dute orduan. Uriartek, ordea, ez zuen alderdien arteko itunik nahi foru hauteskundeetarako.

Irabazi koalizioko eta EAEko Podemosekoek asteotan izan dute hartu-emanik, baina lehen kontaktua egiteko izan da.

Politika desberdinak

Artean EAEko Podemos Ahal Dugu-ko idazkari nagusi izateko hautagai ere ez zela, Uriartek iazko azaroan BERRIAn iritzi artikulu bat idatzi zuen alderdi hari buruz, Ahal Dugu-k zer etorkizun du? izenburupean. Espazioa irabazteko politika desberdinak egin beharko dituela zioen idatzian: «Zer espazio eta zer etorkizun du Ahal Dugu-k Euskal Herrian? Ahal Dugu-k gauzak zailago ditu hemen beste leku batzuetan baino. Baldintza objektiboak desberdinak dira: ustelkeriak berezitasunak ditu hemen, ez dago bipartidismorik, alderdi desberdinen artean banatuta dago lurralde-boterea, arazo nazionalak baldintzatu egiten du eztabaida politikoa… Tradizionalki, alderdi transbertsalek ez dute izaten aukera handirik nazionalismoaren desberdinen arteko polarizazio handia dagoenean. Arazo nazionalari buruzko planteamenduek eta dinamikek jan egiten dietelako indarra besteei. Orain dauden alderdien arauekin egindako tableroan jokatzen badu, besteek behartzen badute beraien lehentasunekin jokatzera, ez du aukera handirik izango burua ateratzeko. Baina tinko mantentzen bada bere lehentasunekin, baliteke Euskal Herrian ere tableroa mugitzea eta espazio bat lortzea».

Nafarroan, irekita

Nafarroan ez dago hautagaitza zabal bat eratzeko aukera itxita, nahiz eta ofizialki esana duten parlamenturako bozetara Podemos modura aurkeztuko direla. Zuzendaritza hautatzeko kanpainan Joan Josep Boschen taldeak iragarri zuen nahiago zuela Podemos izenarekin ez aurkeztea, Nafarroa estatuan kasu delikatua dela eta. Laura Perez idazkari nagusiak aitortu du gaia mahai gainean daukatela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna