Koronabirusa

COVID-19aren artak beste patologien kaltetan egiten direla salatu dute Baionan

Ospitaleko buruek onartu dute lekuz eskas dabiltzala. Osakidetzaren eta Osasunbidearen datuetan ere nabarmena da gaixoak ugaritu direla

Baionako ospitaleko zerbitzuak berrantolatu behar izan dituzte. G. FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Arantxa Iraola
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Badira zenbait egun Ipar Euskal Herriko egoera epidemiologikoa okerrera ari dela. Intzidentzia tasa handia da: 490ekoa, zazpi eguneko. Maritxu Blanzaco Eskualdeko Osasun Agentziako departamendu buruak erran du birusaren zirkulazio handiak eragina duela Baionako ospitalean. Plan zuria aktibatu behar izan zuten iragan astean, eta, geroztik, «tentsioan» dago osasun egitura. 28 paziente artatzen dituzte COVID-19a duten gaixoak artatzeko zerbitzuan; hamabi suspertze zerbitzuan; 11 zerbitzu arruntean, eta bost amatasun zerbitzuan.

Suspertze zerbitzua kezka iturri da, ohe kopuru mugatua baitu: usaian, hamabost ohe dituzte bertan, eta hogeira igo behar izan dute kopurua. «Arazoa da bestelako patologiak dituzten pazienteak artatzeko ohe kopurua txikitu dela, birusa duten pazienteak hartu ahal izateko», azaldu du Jean Bernard Cazenave ospitaleko lehendakariordeak.

«Laugarren olatua kolpez iritsi zaigu, eta hiru lehenak baino bortitzagoa izaten ari da». Kezkati mintzatu da Jerome Pillot suspertze zerbitzuko medikua. Birusaren lehen hiru oldarraldietan, Baionako ospitalean beste leku batzuetako pazienteak artatu zituzten; oraingoan, Akizera eta Pauera (Okzitania) garraiatu behar izan dituzte paziente batzuk, leku eskasari aurre egiteko. Gainera, Delta aldaera agertu denaz gero pazienteen soslaia aldatu egin dela nabarmendu du Pillotek. «11 pazientetarik hamarrek ez dute txertorik hartu. Batez besteko adina 54 urtekoa da. Bereziki kezkatzen gaitu haurdun diren emakumeak ere artatzen ditugulako suspertzean». Izan ere, uztailetik bi emakume haurdun artatu behar izan dituzte zerbitzu horretan, eta horietako bat oraino artatzen ari dira.

Hego Euskal Herriko erietxeetan ere agerikoa da birusaren asteotako goraldi horren eragina. Herenegun 11 paziente hartu zituzten Osasunbideko erietxeetan, osasun egoera larriagotuta. Osakidetzan beste 72 ospitaleratze izan ziren erietxeko gela arruntetan; azken bi asteotako kopururik handiena da. Denera, ZIUetan dauden pazienteak ere aintzat hartuta, 266 lagun daude COVID-19arekin Osakidetzako erietxeetan, eta hori ere azken bi asteetako kopururik handiena da. Uztailaren 21ean 220 paziente ziren; orain 327 dira. Hego Euskal Herriko osasun agintariak ere ohartarazten ari dira erietxeetan igartzen ari den «presioaz», kezkatuta.

Andre haurdunen gaineko kezka orokorra da, eta Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak, bere aldetik, eskari bat egin du: nabarmendu du haurdun dauden andre guztiak haurdunaldiaren seigarren hilabetea baino lehen txertatzea lehenetsi behar dela, behin fase hori igarota arazoak izateko arriskua handiagoa izaten dela ohartarazita.

Langile gehiagoren premia

Baionako erietxeko langileek nabarmendu dute langile eskasia ere badutela egoerari aurre egiteko. Oporretan dauden mediku, erizain eta erizain laguntzaile batzuk berriz deitu behar izan dituzte, eta ebakuntza eta kontsulta batzuk atzeratzen ari dira: %40 oraingoz. François Bannier medikuak gehitu du aurreko oldarraldiekin alderatuta uda honetan ez dagoela neurri murriztailerik, eta, gainera, turismoaren eraginez jende gehiago dela. «Lehen oldarraldietan koronabirusa baizik ez genuen artatzen, konfinamenduen ondorioz. Oraingoan, ez da horrela gertatzen. Dena den, ezin da horrela gertatu, bestelako patologien artak ezin baitira beste behin atzeratu». Hala, ospitaleko medikuek txertaketa kanpainarekin segitzeko beharra azpimarratu dute, baita segurtasun neurriak betetzen jarraitzekoa ere.Eskari horixe egin zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik ere: esan zuen oraindik badirela libre udan txertoa hartzeko orduak —22.000 ordu dira, irailaren hasiera bitartean hartzeko eran daudenak— eta jendeari dei egin zion urratsa egiteko.

Osakidetzak eta Osasunbideak atzo ere plazaratu zituzten COVID-19aren jarraipena egiteko txosten epidemiologikoak. Horien arabera, 11.835 proba egin zituzten herenegun, antigeno testak eta PCRak, eta 1.389 izan ziren positiboak. Uztailaren hasieran ageriko goraldia erakutsi zuen izurriak; mila kasu baino gehiago izan ziren uztailaren 10ean, eta ordutik datuak muga horretatik gora ibili dira egunero. Ez da apaltzea lortu. Herrialdeka, Bizkaia dago goian oraindik ere: 589 positibo izan ziren. Gipuzkoan, 321; Nafarroan, 303, eta Araban, 154. Aste barruan COVID-19aren ondorioz hildakoen berri ere eman zuen atzo Osakidetzak: hamalau pertsona izan dira. Osasunbideak, berriz, izurriaren ondorioz hildako pertsona baten berri eman zuen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.