Gorka Herranz Landa. Irizarreko finantza zuzendaria

«Brasilen egoteak aukera ematen digu inguruko merkatuetara iristeko»

aitor biain
2022ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Eskarmentu handia du Irizar taldeak Brasilen. 1997an zabaldu zuen autobus konpainiak ekoizpen lantegia han. Mende laurdeneko ibilbidea bada nahikoa merkatuaren nondik norakoak ezagutzeko. Gorka Herranz Landa finantza taldeko zuzendariak aitortu du merkatu zaila dela, baina merezi diela han egotea, inguruko merkatuetara hedatzeko aukera eman dielako. Egun, Brasilgo lantegian ekoizten dituzte Latinoamerikarako eta Hegoafrikarako autobusak.

Zergatik erabaki zenuten Brasilen lantegia zabaltzea?

Garai hartan, Irizarrek soilik Marokon zuen lantegia hemendik kanpo, eta pentsatu genuen, Amerikako merkatua eta zehazki Brasilgo merkatua handia zenez, aukera ona izan zitekeela. Hausnarketa bat egin ondoren eta ikusita non eta nola posizionatu gintezkeen, pentsatu genuen han fabrikatzen hastea. Batez ere, Brasilgo merkatuari begira ekin genion, baina baita Latinoamerikako merkatuari begira ere. Hain zuzen ere, urtebetean Mexikora hedatu ginen. Bi urtean operazio garrantzitsuak izan ziren guretzat, Latinoamerikara eta Erdialdeko Amerikara zabaldu ginelako.

Han ekoizten dituzue autobusak. Nolako merkatua da?

Oraintxe bertan gutxi gorabehera 400-450 autobus egiten ditugu urtero han. Tamaina ertain eta luzeko autobusak egiten ditugu batez ere orain. Brasilerako ez ezik, inguruko herrialdeetarako ere egiten ditugu autobusak, baita Hegoafrikarako eta Australiarako ere. Gaur egun, Brasilgo lantegian ekoizten diren busen %15-20 inguru dira soilik han bertan saltzeko, gainontzekoa inguruko herrialdeetara saltzen dugu. Urtearen arabera, aldea egon daiteke, baina gaur egun Brasildik ia gehiena kanpora ateratzen dugu.

Nolakoa izan da mende laurdeneko bilakaera?

Bilakaera agian ez da izan hasieran uste genuena. Izan ere, pentsatzen genuen batez ere Brasilen bertan aukera gehiago izango genituela, baina gu iritsi eta hilabete gutxira hango monetak, Brasilgo errealak, sekulako beherakada izan zuen. Horrek Brasilgo merkatua ia uztera behartu gintuen, marjina aldetik negatibora eramaten gintuelako; alegia, autobusak egiteak dirua galarazten zigulako. Beraz, inguruko herrialdeetara zabaltzea erabaki genuen.

Eta bezero gisa, nolakoa da? Asko hitz egiten da muga zergez eta traba burokratikoez...

Esaten dena egia da: burokrazia handia dago, baina guri han egoteak aukera ematen digu inguruko merkatuetara iristeko. Gainera, hango langileek ere prestakuntza nahikoa dute; beraz, baliagarri zaigu hori. Gure kasuan, orain 25 urte gurekin lanean hasi ziren askok segitzen dute gaur egun oraindik.

Gainontzean, prezioa, esaterako, oso garrantzitsua da Brasilen, baina guk autobusei, berrikuntza eta kalitate aldetik, beste balio batzuk ematen dizkiegu, eta hanhoriek ez dira hainbeste baloratzen. Beraz, hori gehiago baloratzen dutenengana zabaltzea beste aukerarik ez dugu. Horrek ez du esan nahi merkatua ez dugunik han; urte batzuetan inportantea izan da.

Pandemia, aldaketa politikoa... Nolakoak izan dira azken urteak? Eraginik izan dute?

Ez digu hainbeste eragin. Esango nuke eragina handiago izan zuela dibisaren gorabeherak aldaketa politikoak baino. Noski, eragina izan du, baina egoera nahiko egonkorra izan da, eta kanpoko merkatuetara zabalduta egoteak lagundu digu konpentsatzen.

Zaila da esaten, akaso, baina luzerako apustua duzue han?

Bai, epe luzerako apustua dugu. 25 urte daramatzagu, eta ongidoakigu. Gure kasuan, uste dugu Brasil egon behar den herrialde bat dela. Izan dadila beste urte askoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.