Urpean gelditu da Erribera

Bidasoa ibaian hilda agertu da desagertuta zegoen Elizondoko gizona. Arga ibaiak Faltzes, Funes eta Azkoienen erregistro historikoak gainditu ditu. Txarrena gaurko espero dute Castejonen eta Tuteran

Dozenaka errepide itxi behar izan dituzte uholdeengatik. Irudian, Castejon. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Euskal Herriaren zati batean garbiketarako eta urak eragindako kalteak zenbatzeko eguna izan zen atzo; beste eremu batzuetan, ordea, ibaiak bidetik kanpo ibili ziren, eta uholde larriak pairatu behar izan zituzten. Arga eta Ebro ibaiek egin zuten gainezka, eta Nafarroa hegoaldean izan ziren uholderik larrienak: urpean geratu ziren Faltzesko eta Azkoiengo hainbat kale, eta Funes ia osoa. Gainera, edizio hau ixteko orduan oraindik okerrena iristeko zegoen Castejonen eta Tuteran. Izan ere, goizaldean zen iristekoa Ebro ibaia maila gorenera.

Kalte materialak ez ezik, bi hildako ere eragin dituzte azken egunetako euriteek. Elizondoko (Nafarroa) 61 urteko gizonezko bat desagertu zen herenegun, Lesakara (Nafarroa) lanera zihoala. Atzo aurkitu zuten hilotz Bidasoa ibaian, Lesaka parean. Autoaren barruan zegoen, eta ezin izan zuten atera, uraren indarragatik etaateratzeko lanetan sor zitezkeen zailtasunengatik. Gaur saiatuko dira handik ateratzen. Azken egunetako uholdeetan hildako bigarren pertsona da. Izan ere, herenegun andre bat hil zen Sunbillan (Nafarroa), luizi batek harrapatuta.

Egoeraren larritasuna ikusita,Nafarroako Gobernuak Larrialdietarako Aholku Batzordea bildu zuen atzo goizean. Parte hartzaileen hitzetan, «ezohiko emaria» izan zuen Arga ibaiak, eta orain arteko erregistroak gainditu zituen Faltzesen, Funesen eta Azkoienen. Hiru herrietan bizilagun batzuk etxetik atera behar izan zituzten. Gainera, Funesko zaharren etxea berogailurik eta argindarrik gabe geratu zen iluntzean, eta Foruzaingoak eraman behar izan zien janaria, eraikinera ura sartu zelako eta bakartuta zegoelako.

Gaur, espero dute Ebro ibaiak egitea kalterik handienak. Atzo egun osoan uraren maila igotzen aritu ostean, Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, 03:00etan zen iristekoa maila gorenera Castejonen, eta Tuteran, 07:30ean. 2.750 metro kubiko segundoko izango ditu Castejonen, eta 2.700 Tuteran. Cabanillasen eta Fustiñanan gerta daitekeenak ere kezkatzen du Nafarroako Gobernua, «erdi bakartuta gera daitezkeelako». Nafarroako Gobernuak eta uholdeek kalte eginiko herrietako udalek eskatu dute ura irits daitekeen lekuetara ez joateko.

Atzo Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea Burlatan eta Atarrabian izan zen, eta gaur Faltzesera eta Tuterara joango da, uholdeek eragindako kalteak bertatik bertara ikusteko. Nafarroako Ahal Dugu-k esan du «konpromisoa» dutela kaltetuei konponbideak emateko «bide politiko guztiak» martxan jartzeko. Navarra Sumak esan du hondamendi eremua izendatzea eskatuko duela.

Araban, Zadorrari so

Uholdeek arazo larrienak Nafarroan eragin badituzte ere, Araban ere gorabeheratsua izan zen atzoko eguna. Zadorra ibaiak gainezka egin zuen Duran, baita Gasteizko Abetxuku eta Gamarra auzoetan ere, euriaren eta urtegietatik ateratako uraren ondorioz. Gasteizko gizarte zerbitzuek Abetxukuko 28 bizilagun artatu zituzten. Guztiek hotel batean igaro behar izan dute gaua. Gainera, jakinarazi zutenez, herenegun Aztegietako lau familiatako bederatzi bizilaguni ere ostatua aurkitu behar izan zieten, etxean ura sartu ostean. Halere, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan zuen kalteak ez direla espero bezain larriak izan.

Eta errepideetan ere, buruhausteak. Ur putzuen eta luizien ondorioz, dozenaka errepide itxi behar izan zituzten: besteak beste, N-121-A errepidea, Belateko eta Almandozko tunelak itxita zeudelako; N-113 errepidea; Gasteizen,Bilbora Forondatik eta Gamarratik joateko errepideak; Baiona eta Uztaritze (Lapurdi) arteko errepidea; eta Azkaine eta Senpere (Lapurdi) artekoa. Mallabian (Bizkaia) ere hamabost egunez egongo da itxita errepidea. Aldiz, bezperan itxita egon baziren ere, atzo irekita zeuden Mendarorako (Gipuzkoa) sarrera-irteerak. Nafarroako Gobernuak gomendatu zuen errepidera ez ateratzeko, «ezinbestekoa» ez bazen behintzat.

Gainontzean, lasaiago

Euskal Herriko gainerako lekuetan lasaiago igaro zuten eguna. Atzokoa garbitzeko eta bezperan urak eragindako kalteak zenbatzeko eguna izan zen. Iruñerrian, esaterako, kalte ugari sortu zituen urak, eta atzo eskuak bete lan izan zuten. Atarrabian auzolanera deitu du udalak atzo eta gaur, eta kaltetuei nola lagundu diezaieketen jakiteko telefono zenbaki bat jarri diete eskura. Iruñeko Arrotxapea auzoan ere auzolana antolatu zuten, euriteek sortutako kalteak konpontzeko asmoz. Ehun herritar baino gehiago joan dira kalte ordainak aseguruei nola eskatu jakiteko Iruñeko Udalak jarritako bi lekuetara.

Baionan, berriz, hogei lagun atera zituzten etxetik, euriteengatik. Gainera, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroa Baionara etorri zen, kaltetutako saltegiak bisitatzera. Orotara, Errobi ibaiaren bazterreko hogei saltoki ingururi egin die kalte denboraleak, eta Darmaninek esan zuen hondamendi eremu izendatuko dutela Ipar Euskal Herria. Hala ere, pixkanaka, normaltasunera itzultzen ari dira Baionan. Herenegun itxi bazuten ere COVID-19aren aurkako txertoa jartzeko atondutako gunea, atzo, adibidez, berriro martxan jarri zuten.

Atzo goizerako okerrena pasatuta zegoen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Josu Erkorekak adierazi zuenez. Goizean egin zuten uholdeez hitz egiteko bilera, eta erabaki zuten arrisku maila apaltzea Bizkaian eta Gipuzkoan: larrialdi fasetik alerta fasera igaro ziren. Araban, berriz, mantendu egin zuten larrialdi fasea, Zadorrak eragin zitzakeen arazoengatik. Halaber, euriagatik abisu horia ezarrita egon zen hiru lurraldeetan.

Segurtasun sailburuak eskerrak eman zizkien larrialdi zerbitzukoei, eta meteorologia zerbitzuen lana ere goraipatu zuen, kalte «ugari» izan badira ere «ahalik eta txikienak» izaten lagundu dutelako. Erkorekak esan zuenez, aurreko hiru egunetan 1.500 gorabehera erregistratu zituzten, eta atzo, ehun inguru. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren arabera, «azken hamarkadetako denboralerik garrantzitsuenetakoa» izan da: «Leku askotan hamar edo hogei egunean urte osoan egiten duen euriaren herena egin du». Gaurtik aurrera, eguraldiak hobera egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.