Albistea entzun

BERRIA Taldea. Zuzendari aldaketa BERRIAn

Amagoia Mujikak hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Amagoia Mujika Tolaretxipi. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Jon Ordoñez Garmendia - Arantxa Iraola -

2023ko ekainak 4 - Andoain

Urtero, urduritasun puntu batekin joaten dira BERRIA Taldeko arduradunak akziodunen batzarrera, gizartearen oinarrietatik gora eraikitako proiektuaren habeetako bat baitira akziodunak, eta haien aurrean etxeko martxa zertan den adieraztea ardura handiko lana baita. Atzo, emozioa ere izan zuen bilerak, handia, Martxelo Otamendi erretiroa hartzera baitoa, eta haren tokian BERRIAko zuzendari nor jarriko den esateko eguna baitzen: Amagoia Mujika Tolaretxipi izango da, egungo zuzendariordea.

Etxean zaildutako kazetaria da; Euskaldunon Egunkaria-n hasi zen, BERRIAn hasieratik dago, eta zuzendariorde egin ditu urteok. Esker oneko hitzak izan zituen Martxelo Otamendirentzat: «Luxu bat da haren ondoan lan egitea». Akziodunek txalo zaparrada bat eskaini zioten Otamendiri, eta albistea zabaldu bezain pronto naro zabaldu ziren sare sozialetan-eta ere hari eskerrak emateko mezu askotarikoak. Ez da gutxiagorako. 30 urte egin ditu zuzendari lanetan; Euskaldunon Egunkaria-n aurrena, eta, hura indarrez itxi eta gero ere, BERRIAn.

Ikusi gehiago: «Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

«Egun hau berezia da niretzat, BERRIA osatzen dugunontzat, hemen gauden guztiontzat. Ohore handia, zinez», esan zuen BERRIA Taldeko administrazio kontseiluko lehendakari Beatriz Zabalondok, hunkituta: «Ezaguna zaigu Martxelok konbentzimendu osoz defendatu duela beti informazio askatasuna, eta horregatik larrutik ordaindu behar izan duela herri honek euskarazko egunkaria izatea. Profesional eredugarria izan da Martxelo euskal hedabideen historian».

Otamendiri gorazarre

Zabalondok zuzendariaren dohainen gorazarrea egin zuen. «Berarekin bost minutuko solasaldia nahiko da ohartzeko zer jakituria zabala duen, zer memoria, zer gaitasun analisirako eta zein erraz bururatzen zaizkion egunerokoa interpretatzeko gakoak. Nondik ateratzen du hori guztia? Zer materia gris klase heredatu edo landu du buru horretan? Zer neuronak egiten dituzte hain konexio eta lotura fin bikainak? Ezaugarri horiek janzten dute». Irudi bat ekarri zuen gogora, 2003ko otsailean, Euskaldunon Egunkaria itxi eta gero, atxiloalditik irten berri, «txikituta» utzi zuten gizon harena. «Orduan ere irmo hartu zenuen BERRIAren lema, atzerako imintziorik egin gabe. Eta hura ez zen soilik eredugarria izan: maitasun keinu erraldoia izan zen». Oroigarri bat eman zioten Otamendiri, eta esker on keinu artean jaso zuen.

Martxelo Otamendi, ezkerrean, Amagoia Mujikaren eta Bea Zabalondoren ondoan, akziodunen batzarrean eman zioten oroigarria jasotzen. Jon Urbe, Foku

Estimatu zituen Otamendik Zabalondoren hitzak. Urteotan egin duen bideari dagokionez, «askatasuna» goraipatu zuen, batez ere, eta propio eskertu zien akziodunei: «Eskerrik asko emango diguzuen askatasun eta lanerako konfiantzarengatik». Hitz ederrak izan zituen lan taldearentzat ere: «Egunkari bat zuzentzea erraza da zuek bezalako jendearekin». Eta konfiantza erabatekoa erakutsi zuen zuzendari berriaren ardurapean egunkariak izango duen eboluzioan: «Amagoia Mujika Tolaretxipik BERRIA eramango du inoiz egon ez den maila batera». Sorburuak ere gogoratu nahi izan zituen, 1990ean Euskaldunon Egunkaria-ren oinarriak jarri zituzten gizon eta emakumeak; haiek abiatu zuten «abentura zoragarriaren» tamaina goraipatu egin zuen.

Aurrerantzean Martxelo Otamendi Administrazio Kontseiluko kide izango da. Harekin sartuko dira Eider del Canto eta Iñaki Lazkano. Erika Lagoma, Txema Ramirez de la Piscina eta Idoia Torregarai aterako dira.

Amagoia Mujika eta Martxelo Otamendi. Jon Urbe, Foku

Mujika Tolaretxipik ere biziki eskertu zuen Otamendiren ekarpena, eta haren ondoan beti zer ikasia badela gogoratu zuen. Aurrera begira datozen «erronkak» hizpide, BERRIA berritzeko asmoz abian den prozesua aurkeztu zuen akziodunen aurrean. «Digitalizazioan» aurrera egitea da asmoa, eta, horretarako, egiten dena ez ezik, egiteko «moduak» ere aldatu egin nahi dira. «BERRIA eguneratuko da aldi konplexu hau hobeto kontatu, aztertu, ulertzen laguntzeko asmoz. Ahalegin hori edizio digitalean zein inprimatuan nabarituko du irakurleak», iragarri zuen.

Ibilbide osoa

Kazetaritza lizentziaduna da Mujika, eta eskarmentu handia du. Praktikak Euskadi Irratian egin zituen, eta gero Aiurri aldizkarian aritu zen. 1995ean hasi zen Euskaldunon Egunkaria-n lanean, eta hura itxi arte aritu zen bertan: Agenda, Gizartea, Politika eta Kultura sailetan. Egunkaria-ren itxieraren ondoren, Egunero-n aritu zen lanean, 2003ko ekainaren 21ean BERRIA argitaratzen hasi zen arte. Hogei urte hauetan BERRIAko erredakzioan aritu da, Mundua eta Webgunea sailetan eta herrialdeetako Hitzetako arduradun. Donostiako Musika Hamabostaldian ere aritu zen lanean denbora batez, komunikazioan. Uztailaren 1ean egingo da ofizialki kargu aldaketa.

«Zuzendari andrea» gisara zuzendu zitzaion atzoko bileran, hala ere, Zabalondo, biziki hunkituta. «Eskuzabaltasuna» eta «erantzukizuna» eskertu zizkion.

Egoeraren erretratua

Historikoa hitza erabili zen atzoko biltzarrean, eta ez zen gutxiagorako; 30 urteren ostean, zuzendari aldaketa albiste garrantzitsua da. Gainerakoan, urteroko martxan joan zen akziodunen batzarra. BERRIA Taldearen egoeraren erretratua egin zuen Administrazio Kontseiluko ordezkari Iban Arregik. Datu ekonomikoak eman zituen, eta irakurleen bilakaera erakusten dutenak. Hilabeteotan gastuek gorakada handia izan dutenez, «zailtasunak» agerikoak izan direla gogoratu zuen, irakurketa ohitura berrietara egokitu behar izateak ere erronka berri eta handiak dakartzala, baina, hala ere, oro har, balantzea ona da: «Gure komunitateak hazten jarraitzen du». 20. urtemuga du BERRIAk hilabete honetan, eta hirugarren hamarraldiaren hasierara sendo heltzea lortu du. Iazko urtearen balorazioa, bide horretatik: «Zaila, baina emankorra».

Amagoia Mujika Tolaretxipi akziodunen batzarrean udazkeneko jauzi digitalaren berri ematen. Jon Urbe, Foku

«Gauzak beti daude zail guretzat, baina aurrera goaz», esan zuen Zabalondok, euskarazko hedabideek usu ibili behar dituzten bide meharregiak hizpide. Baina esperantzaz mintzatu zitzaion zuzendari berriari. «Konfiantza osoa daukagu zugan eta lantaldean, Amagoia».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Kilometroak jaiaren une bat, gaur, Errenterian (Gipuzkoa). ©Maialen Andres / Foku

Kilometroak 2023, «marea bizi bat» Errenterian

Arantxa Iraola

Gipuzkoako ikastolen festak jendea erruz erakarri du, giro paregabean

Ikasle batzuk pantailen bidez ikasten, artxiboko irudi batean. ©GORKA RUBIO / FOKU

EZ ETSAI, EZ PANAZEA

Oihana Teyseyre Koskarat - Ion Orzaiz - Irati Urdalleta Lete

Ordenagailuak eta arbel digitalak Euskal Herriko eskolen parte bihurtu dira, baina hezkuntzaren digitalizazioa kezka ere pizten ari da azkenaldian. Adituek iritzia eman dute, eta hauxe ondorioa: ezer ez da zuri edo beltz, eta erabaki guztiak hausnartuta hartu behar dira.

Ikasnova gunea, Nafarroako ikastetxe batean. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Iruñea. Ikasgela bat hezkuntza berritzeko

Ion Orzaiz

Iruñeko San Frantzisko ikastetxea Ikasnova proiektura batu zen iaz. Chromebook-ak erabiltzeaz gainera, eskolaren metodologian txertatu dituzte robotika eta IKTak, «edukiak beste era batera lantzeko».
Ikasleak Luberri sistema eragilea erabiltzen, Antigua-Luberri ikastetxean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Donostia. Arazoari etxeko konponbidea

Irati Urdalleta Lete

Donostiako Antigua-Luberri eskolan Luberri sistema eragile «propioa» garatu dute. Dagoeneko zenbait eskolatara zabalduta dago.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.