ELAk lanuzte batera deitu du bihar Nafarroan, jaietan saltokiak irekitzearen aurka

Eguerdian elkarretaratzeak egingo dituzte Iruñeko Karlos III.a etorbidean eta Itaroa merkataritza gunean, atsedenerako eskubidea defendatzeko

ELAko Olaia Alonso eta Ainhoa Urkia eta errege magoetako bat, atzo, Iruñeko ELAren egoitzan. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Aurten urtarrilaren 5a igandea bada ere, Nafarroako saltoki batzuek ateak irekiko dituzte. Hiru errege magoak desfilez desfile dabiltzan bitartean, ELAk lanuztera deitu du, jaiegunetan saltokiak irekitzearen aurka protesta egiteko, eta herritarrei dei egin diete erosketarik egin ez dezaten. Mezu horri indarra eman nahirik, errege magoek ere bat egin zutela irudikatu nahi izan zuen ELAk atzo, eta haietako batek babesa adierazi zion aldarrikapenari, prentsa aretoan: «Egunotan nahiko lanpetuta gaude, baina sektoreko langileen gutun guztiek argi adierazi dute ez dutela urtarrilaren 5ean lan egin nahi. Saltoki handietako ateak irekitzeak langileen baldintzak okertzen ditu, eta haien eskubideak urratzen dira».

Bihar, Hipercorrek 22:00 arte ireki nahi ditu ateak, eta, ondorioz, Uharteko Itaroa merkataritza gunea ere zabalik egongo da. Horregatik, ELAk elkarretaratze bat egingo du han, 12:00etan. Lanuzte partzialetara ere deitu du. Iruñean, saltoki handi ugari biltzen dituen Karlos III.a etorbidean egingo dute beste protesta bat. Etorbidea goitik behera zeharkatuko dute, ateak irekita saltokietan egoeraren berri emateko, eta 12:00etan, Eguberritako zuhaitzaren parean, sektoreko langileek 2020ra begirako nahiak utziko dituzte. Azkenik, 12:30ean elkarretaratzea egingo dute Gurutzeko plazan. Cordovillako La Morea gunea itxita egongo da.

Hamar jaiegunetan, aukera

Nafarroako 2001eko merkataritza legeak urteko jaiegun jakinetan irekitzeko aukera uzten du, eta Nafarroako Merkataritza Kontseiluak hamar jaiegun proposatu ditu urte honetarako, tartean urtarrilaren 5a: martxoaren 9a, apirilaren 9a eta 10a (Aste Santua), uztailaren 5a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, abenduaren 3a, abenduaren 7a eta tokiko jaiegun bat.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2005eko dekretu batek gehienez zortzi egun irekitzeko aukera ematen badu ere, sindikatuen presioaren ondorioz, ez da jaiegunetan lan egiten.

Nafarroan, egoera bestelakoa denez eta biharko eguna ate joka izanik, ELAk gainerako sindikatuei proposatu die jaiegunetan ateak irekitzearen aurka protesta egitea. CCOOk eta UGTk ez dute bat egin, «Espainiako Estatuan jaiegun gehiagotan ateak irekitzen direlako». ELAko Olaia Alonso eta Ainhoa Urkiaren arabera, sektoreari begirako akordio bat hitzartu daiteke, eta bete beharreko neurriak lor daitezke. Akordio horretan, astelehenetik larunbatera lan egiteko egutegia zehaztu daiteke, Decathlon, Hipercor eta beste saltokiak betetzera behartuz. «Horrek eragotzi egingo luke jaiegunetan irekitzea», argudiatu dute.

ELAren arabera, jaiegunetan irekitzeak ez du jarduera ekonomikorik handitzen edo lanposturik sortzen: «Jendeak ez du gehiago erosten ordu gehiago irekitzeagatik», aipatu du Urkiak. Era berean, ez dute uste kontsumitzaileei askatasuna ematen zaiela, saltoki txikiek ezin dutelako egun gehiago ireki eta handiekin lehiatu. «Balizko eskaera artifiziala da, sinetsarazi nahi digutelako eskubideak irabazten ditugula». ELAren arabera, egungo egoerak langileen baldintzak okertzen ditu.

Sindikatuko kideek kritikatu dute Nafarroako Gobernuaren jarrera ere, Merkataritza Kontseiluak proposatutako egunak legeztatzen dituelako. «Hori gezur hutsa da. Zer eredu komertzial eta sozial nahi du?». ELAk herritarrei dei egin die jaiegunetan ez erostera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.