Martxoak 8: greba feminista. Mundua

Handitzen ari den olatua

Kontinente guztietan mobilizazio arrakastatsuak egin dituzte milioika emakumek. Iberiar penintsulako grebak arretagune handia izan dira, eta hedatu egin da protesta modu hori

Madrilgo erdigunea jendez gainezka, atzo iluntzean, mugimendu feministak antolatu zuen manifestazioan. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
mikel rodriguez
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Erabat handitu den eta are gehiago handitzeko etorkizuna duen olatua. Horixe erakutsi du aurtengo Martxoaren 8ak bortz kontinenteetan. Iaz, 70 herrialde ingurutan egin zituzten greba deialdiak. Nabarmenenak Argentinan eta Iberiar penintsulako herrialdeetan egin zituzten, eta, arrakasta ikusita, aurten ehun herrialde gehiagotara zabaldu zen deialdia. Berriz ere iazko bi foku nagusiek mobilizatu dituzte emakume gehien, baina nabarmentzeko moduko mugimendua sortu da iaz baino herrialde gehiagotan. Eta, grebak ez ezik, manifestaziorik jendetsuek ere bete dituzte planetaren hainbat bazterretako hiriak, oinarrizko aldarrikapen batekin: emakumeei gizonen eskubide berak onartzea.

Argentinan laugarren paro (geldialdi) eguna izan zuten atzokoa, 2016ko urriaren 19koaren, 2017koaren eta iazko Martxoaren 8koaren ondoren. Feminizidioen aurkako Ni una menos (emakume bat gutxiago ere ez) mugimenduak antolatu zuen lehenbiziko lanuztea, eta Argentinako mugimendu feminista mundu osora zabaldu den olatuaren aitzindari izan da. Feminizidioak geldiaraztea, lan arloko berdintasuna eta abortatzeko eskubidea izan ziren atzo ere aldarrikapen nagusiak. Argentinako emakumeen eskubideek kolpe gogorra hartu zuten iaz, senatuak ez zuelako onartu abortua despenalizatzeko legea. Atzo, ehunka protesta deialdi egin zituzten hiri nagusietan, eta irudi batek egunaren arrakasta erakutsi zuen: arratsaldean Buenos Airesen egin zuten manifestazioak, Kongresuaren Plazatik hasi eta Maiatzeko Plazaraino iritsi zenak.

Argentinako ereduari jarraikiz, grebarako eta protestarako deialdiak ugaritu egin ziren atzo herrialde anitzetan. Brasilen, 25 manifestazio egin zituzten gutxienez, hiri nagusietan; Uruguain, PIT-CNT zentral sindikalak lanuzte orokorrera deitu zuen 16:00etatik aitzinera; Perun, emakumeen grebara deitu zuten hezkuntza arloan; eta Txilen, lanuzte batera deitu zuten 40 hiritan. AEBetan, emakumezkoen eliteko futbol selekzioak, munduko txapeldunak, herrialdeko federazioa auzitara eraman zuen atzo, «genero diskriminazio instituzionalizatua» egiteagatik; izan ere, gizonezkoei baino gutxiago ordaintzen die, eta baliabide kaskarragoak paratzen dizkie.

Europan, iaz bezala, Iberiar penintsulako mobilizazioek erakarri zuten gehien nazioarteko hedabideen arreta. Espainian, azken urtean are gehiago hazi da eskuin muturra, eta gogor erreakzionatu du mugimendu feministaren aurka; aurten, kanpaina mediatiko gogorra egin du Martxoaren 8aren kontra. Halere, Martxoak 8 Koordinadorak antolatutako greba orokor eta mobilizazio deialdiek jasotako erantzuna iaz bezain ikusgarria izan zen. Bi sindikatu nagusiek, UGTk eta CCOOk, adierazi zuten gutxienez sei milioi herritarrek bat egin zutela grebarekin, iaz erran baino milioi inguru gehiagok —Hego Euskal Herrikoak eta Herrialde Katalanetakoak sartu zituzten datu horietan—. Hainbat ministrok parte hartu zuten arratsaldean Madrilen egin zen manifestazio erraldoian.

Portugalen, berriz, iaz baino indar gehiago izan zuten mobilizazioek, bertzeak bertze feminizidioei buruzko kezka handitu egin delako. Gobernuak larrialdi politikoko arazotzat onartu du, eta dolu egun nazionalera deitu zuen herenegun. Atzo, berriz, 30 kolektibo baino gehiago biltzen dituen Martxoak 8 Sareak greba feministara deitu zuen, eta hamabi hiritan antolatu zituen mobilizazioak. Herrialde Katalanetan, Espainian bezala, greba orokorrerako deialdia egin zuten. Bartzelonako Gran Via etorbideak gainezka egin zuen iluntzeko manifestazioarekin. Ada Colau alkateak aurten ere greba egin du.

Iberiar penintsulako deialdi arrakastatsu horiek domino efektua sortu dute Europan, eta Frantzian, Belgikan, eta Grezian lehenbiziko aldiz deitu zuten grebara. Frantzian, 8mars15h40.fr-n elkartutako kolektiboek emakumeei eskatu zieten lanik ez egiteko 15:40etatik aitzinera, soldata arrakalaren ondorioz emakumeek «doan» lan egiten dutelako ordu horretatik aitzinera. Istanbulen (Turkia), berriz, Poliziak eraso egin zion Martxoak 8ko manifestazio jendetsuari, kolpeka eta negar eragiteko gasarekin, azken urteetan LGTBI jendearen eskubideen aldeko martxari eraso izan dion bezala.

Hilketen aurka Kenyan

Afrikan, Martxoaren 8ko aldarrikapen ekintzak ez dira Europan eta Amerikan bezain ugariak, baina atzo zenbait herrialdetan antolatu zituzten protestak. Aljeriako Aljer hiriburuan, atzo emakumeak joan ziren Abdelaziz Buteflika presidentearen aurkako manifestazioaren buruan, eta Kenyan manifestazioak antolatu zituzten Nairobi, Mombasa eta Kisumu hirietan, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko —Hildakoak Zenbatzen gobernuz kanpoko erakundearen arabera, aurten 25 emakume hil dituzte gizonezko bikotekideek—. Asian, martxa jendetsuak egin zituzten Indian, Pakistanen, Bangladeshen, Filipinetan eta Indonesian, gehienbat feminizidioen eta sexu indarkeriaren aurka, eta lan baldintza duinen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.