Txabola batean bizi zen gizon baten gorpua aurkitu dute Tuteran

Maiatzaren 15ean sute bat izan zen Badina makaldian, eta herenegun topatu zuten hilotza, erabat errea. Hildakoa Beasaingoa zen, 70 urtekoa

Erredakzioa
Iruñea
2021eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Tuterako suhiltzaileek herenegun arratsean, 19:35ean, gizonezko baten gorpua topatu zuten Badina izeneko eremuan. Atzo eman zuen Nafarroako Gobernuak ezbeharraren berri. Hilotza erabat belztua eta erreta zegoen, eta hipotesi nagusia da hamar egun lehenago inguruko makaldian izandako sute baten ondorioz hil zela.

Hainbat tuterarrek Udaltzaingoari jakinarazi zioten aspaldi ez zutela ikusia handik ibili ohi zen gizona, eta desagertuta zegoela. Udaltzainek abisua pasatu ondotik bertaratu ziren suhiltzaileak txabolara eta inguruetara. Gobernuak jakinarazi duenez, txabola «oso hauskorra» zen, eta zati bat hondoratuta zegoen. Arrastoak eta hondakinak kentzen ari zirela agertu zen gorpua, erabat erreta.

Foruzaingoak hartu du heriotzaren zergatiak eta nondik norakoak ikertzeko ardura. Foruzaingoaren Ikerketa Kriminaleko atalean lan egiten duten poliziak bertaratu ziren hildakoa agerturiko tokiari so egitera. Tuterako Zaragoza etorbidean bazterturiko adreiluzko txabola bat dago, eta, itxura guztien arabera, han bizi zen pertsona. Jatorriz Beasaingoa zen, eta 70 urte zituen. Foruzainek argitu behar dute hildakoaren aztarnak bat datozen datu horiekin eta nortasunarekin.

Bost hildako aurten

Tuteran topaturiko gizonarekin, Euskal Herrian aurten bost dira kalean bizi eta bertan hil diren pertsonak. Aurrekoa maiatzaren 14an topatu zuten. Etxegabe baten gorpua aurkitu zuten Orkoienen (Nafarroa), zaborra biltzeko kamioi batean. 27 urte zituen gazteak, eta Madrilgoa zen sortzez, baina asteak zeramatzan Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.