Grande-Marlaska, polizia togaduna

2022ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Egutegiak dena azaltzen du. Iragan martxoan, Melillako hesian egindako hiru jauzitan, 2.500 migratzaile inguruk erdietsi zuten Espainiako lurraldean sartzea. Polizia marokoarrak, konplize bera, erraztasun guztiak eman zituen horretarako. Mugako gatazka areagotu gogo zuen eta estatu espainiarrari arazo larriak sortu. Geroxeago, ekainaren 8an, Kongresuan, Pedro Sanchezek azaldu zuen politika espainiarraren erabateko aldaketa Saharari dagokionez. Marokoren proposamen autonomista defendatu zuen, ordura arte aldarrikatutako autodeterminazioari muzin eginda. Loturik al zeuden bi gertaera horiek?

BBC telebistak berriki plazaratu du ekainaren 24an Melillan gertatutako sarraskiaren inguruko ikerketa. Bezperan, hurbileko mendietako migratzaileen kanpalekuak bortizki eraso zituen polizia marokoarrak, bai eta hustu ere. Hurrengo egunean, 2.000 migratzaile inguru saiatu ziren Maroko eta Melilla bereizten dituzten hesiak eskalatzen. Polizia marokoarrak eraso egin zien gomazko pilotak eta gas negar-eragileak erabilita, eta guztiak amorru handiz jo zituen. 700 migratzaile inguru harrapaturik eta zanpaturik gelditu ziren oso esparru murriztuan. Espainiako hesiko ateak ez ziren ireki, alderantziz. Guardia Zibilak ere gasak eta gomazko balak erabili zituen azken hesian jauzi egin nahi zutenen kontra. Emaitza: 24 migratzaile hilik gutxienez, horietako asko lurralde espainiarrean, eta 70etik goiti desagertu.

Pedro Sanchezek horren kulpa bota zien pertsonen mafia trafikatzaileei eta erran zuen auzia «aski ongi» konpondu zela. Fernando Grande-Marlaska, bere aldetik, «bere mugari eta bere segurtasun indarrei egindako eraso bortitzaz» mintzo zen, eta erran zuen ez dutela «inolako konplexurik» poliziaren jarduna «arduratsua» izan zelako. Gero, Kongresuan, PSOEk, PPk eta Voxek atzera bota zuten gertaerak ikertzeko batzorde bat sortzeko eskaera.

Pixka bat beranduago, uztailaren 8an, Europako Batasunak (EB) eta Marokok sinatu zuten migrazio-kontrolerako beste akordio bat. Bertan erabaki da estatu horri 500 milioi euro ordaintzea hurrengo bost urtetan. Kopuru horrek bikoizten du orain arte zegoena. Akordioa agintari marokoarrek, Grande-Marlaskak eta Ilva Yohanson Barne komisario europarrak kudeatu zuten. Laburbildurik, EBk ordaindu, Marokok sarraskitu eta Estatu espainiarrak jo egiten du, herri sahararraren burujabetza salduz eta errepresio poliziala sostengatuz.

Bertze gai batera. PSOEren Barne ministroek ohore tokia mereziko lukete izuen museoan. Horietako lehenbizikoa Jose Barrionuevo izan zen (1982-1988), hamar urteko espetxe-zigorrera kondenatua bahiketagatik eta GAL finantzatzeko funtsak bidegabeki erabiltzeagatik. Horrek berak, duela egun gutxi, irribarretsu eta harro deklaratu du hura guztia, eta askoz gehiago, bere gain hartzen duela. Ondorengoa, Jose Luis Corcuera (1988-1993), Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen aita izan zen, Atean ostikadaren lege gisa ezagutua. Dimisioa eman zuen Auzitegi Konstituzionalak legearen zati handi bat baliogabetu ondoren. Hurrengoa Antonio Asuncion izan zen (1993-1994), ETAren presoak sakabanatzeko politikaren arduraduna. Horrek ere dimisioa eman zuen, Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari nagusiak, mota guztietako kontu eta funts publikoetan eskua sartu zuen lapur damugabeak, ospa egin ondoren.

Juan Alberto Bellochek (1994-1996) bere agintepean batu zituen Justizia eta Barneko sailak, inolako lotsarik gabe erakutsiz gaurko erregimenean borra eta togen artean dagoen ezkontza. Demokraziaren aldeko epaileen bozeramailea izan zen, bai eta Euskal Herriko Giza Eskubideen elkarteko sortzailea ere, baina superministerio hori erdietsita, gor-itsu bihurtu zen bere mahaira torturengatik iritsi ziren salaketen aurrean.

Perez Rubalcaba ministeriotik pasatu ondoren (2006-2011), hura epaile baten eskuetara itzuli zen. PSOEk gobernua berreskuratu zuen 2018an eta kargurako Grande-Marlaska izendatu zuen. Inportik ez PPk Botere Judizialaren Kontseilu Nagusirako proposatu izana, Poliziaren goi kargudunen eta informazio zerbitzuen konfiantzakoa baitzen, eta hura zen bere bermerik behinena. Gainerakoa, peccata minuta.

Estatu espainiarrak, tortura polizialak ez ikertzegatik, azken urteotan jaso dituen hamaika kondenetatik seik zerikusi zuzena izan dute Grande-Marlaskarekin. Horietako batean, Portu eta Sarasolarenean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak azaldu zuen tratu anker eta degradatzaileak ere jasan zituztela, baina hori ere bost axola Pedro Sanchezi. Peccata minuta gehiago.

Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko parlamentariak, Kongresuan, Eusko Jaurlaritzak agindutako txosten ofizial batean aitortutako 4.113 tortura kasuengatik Grande-Marlaskari galdetu zionean, hark, harropuzkeriaz, erantzun zion. «Nahi duzuna erraten ahal didazu, baina nik erraten dizut ezetz. Ez dago ebazpen judizialik 4.000 edo 5.000 izan direla dioena... Ohitu zaitez aintzat hartzera egia egia judiziala dela». Argi dago. Arrazoi berberagatik frankismoaren krimenak ez dira gertatu eta ez dira aintzat hartu behar, auzitegi bakar batek ere ez baititu epaitu ezta kondenatu ere.

Hain zuzen ere, ehunka salaketa jartzailek auzitegi espainiarretara jo dutenean krimen frankistetarako egia eta justizia eske, aurpegian danbatekoa eman diete, kereila guztiak onartu ez eta artxibaturik. Eta Memoria Demokratikoaren Lege dotore berriak gauza bera egiten segitzen du, Justizia eskuratzea galarazten jarraitzen baitu. Laburbilduz, egia judiziala da balio duen bakarra, baina justizia espainiarrak uko egiten dio ikertzeari eta Gobernuak jardun hori babesten du. Grande-Marlaskak tranpa egiten du eta harropuztu egiten da.

Itzul gaitezen hastapenera. Melillako esku hartze polizial kriminala arrazoizko eta aski ontzat hartzen duen gobernu batean soilik uler daiteke Grande-Marlaska bezalako ministro bat egotea, areto polizialetan torturaren praktika errepikatuaren konplizea baita. Elkarren antzekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.