Azaroaren 17rako grebara deitu du ELAk zaintzako hainbat sektoretan

Zaintza profesionala «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izateko eskatuko dute. LAB «haserre», grebara «alde bakarrez» deitzeagatik

Zahar etxeetako langileek egindako protesta bat, otsailean. A. CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
ELAk grebara deitu du azaroaren 17rako, «lan merkatu formal prekarizatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan». Horien artean dira adinekoak, adingabeak, «aniztasun funtzionala» dutenak eta bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak zaintzen dituztenak. Etxeko langileak ere izanen dituzte kontuan, nahiz eta ELAk salatu duen ez zaiela greba egiteko eskubiderik «aitortzen», «ezta lan eskubide oinarrizkoenak ere»: «Baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan».

Zaintzaren sektorea «publikoa, duina, unibertsala eta doakoa» izan dadila eskatuko du ELAk grebaren bitartez. Izan ere, sindikatuak salatu du «pribatizatuta eta merkantilizatuta» dagoela zaintza, «etekin ekonomikoa lehenesten duten enpresa pribatuen esku». Sindikatuak ohartarazi du erakunde publikoek ere hori sustatzen dutela: «Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?».

Koronabirusaren testuinguruan zaintza sistemak «eztanda» egin duela uste du ELAk, eta langileak ari direla «ondorioak pairatzen»: «Eurek sostengatzen dute milaka pertsonaren bizia, larrutik ordainduz, esplotazio fisiko, psikologiko eta emozionalaren pean». Sindikatuak espero du azaroaren 17ko grebak aldaketa «historikoa» ekartzea.

LAB, harrituta

LAB sindikatua «haserre eta harrituta» agertu da ELAren deialdia dela eta. Adierazi duenez, bi sindikatuak elkarrekin lantzen ari ziren grebarako deialdi hori. Salatu du «alde bakarrez eta ezkutuan» egin duela ELAk deialdia, «langileen bizkar», eta sindikatuaren interesei begiratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.