Tapiak petrolioaren eta gasaren krisiarekin lotu du Tubacexen egoera

aitor biain
Gasteiz
2021eko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburuaren arabera, Tubacexen krisia ez da «koiunturala» edo pandemiaren eraginez sortutakoa; haren ustez, lehendik zuen egoera are gehiago okertu da izurriaren ondorioz. EH Bilduren galderari erantzunez, sailburuak legebiltzarrean azpimarratu zuen petrolioaren eta gasaren sektorean izaten ari den krisiak lotura zuzena duela Arabako hodi egilearen «egoera konplikatuan», eta ohartarazi zuen sektoreak bere burua berrasmatu behar duela halabeharrez, eta horretarako ezinbestekoa dela «etorkizunerako jauzia» bilatzea.

Koalizio abertzalearen arabera, ordea, kaleratzeak saihets zitezkeen, eta enpresak bestelako neurriak hartuta egin diezaioke aurre krisiari. Eba Blanco legebiltzarkideak Jaurlaritzari egotzi zion, hain zuzen, bitartekaritzarik egin ez izana, eta zuzendaritzaren alde lerratu izana hasieratik. Haren hitzetan, erantzun politikoa «indartu» behar da orain.

Enpresaren ohartarazpena

Bien bitartean, zuzendaritzak ohar bidez adierazi zuen kaleratzeak saihesteko ahaleginak egin dituela, baina azpimarratu zuen enpresaren krisia «estrukturala» dela, eta «orain arte ikusi gabekoa». Langileei greba mugagabea amaitzeko eskatu zien, halaber; jarraituko balute «arriskuan» jarriko luketelako Aiaraldeko lantegien etorkizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.