HIZPIDEAK

Beste behin, errealitatea aurretik

Martxelo Otamendi Egiguren -

2018ko uztailak 12
Behin eta berriro errepikatzen da gidoia, erakunde publikoek edo erakunde publikoetan batzuek egindako irregulartasunak salatzen direnean. Hasieran ukatu egiten da, eta esaten da berme guztiarekin egin dela dena; gero, segun zer norabide hartu duen aferak, aho txikiarekin esaten da ikertuko dela, baina konbentzimendu handirik erakutsi gabe; auzitara iritsiko dela ikusten dutenean, larritu egiten dira eta aldatu egiten dute ahotsaren tonua; eta, azkenean, azterketa batzuk errepikatu egingo direla iragartzen da, atzo Darpon sailburuak jakinarazi zuenez.

Askotan, errealitatearen atzetik doa administrazioa, eta errealitateak arrastaka eramaten du erakunde publikoa; kudeaketa zintzo eta konprometitu baten kasuan —Pertsona helburu harekin gogoratzen?— alderantziz izan beharko lukeen arren.

Nahiko argibide eman zigun Ahal Dugu-k jakinarazi zigunean azterketa egin aurretik utzi zituela notarioaren esku lanpostuak lortuko zituzten hautagaien izenak. Ehuneko ehunean asmatu zuten. Zer gehiago behar zuen Osakidetzak hartu beharreko neurriak hartzeko? Salaketa gehiago jartzeko informazioa eduki dezaketenei lan babesa eskaini gabe segitzen du Osakidetzak, eta hori egin beharra dauka.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna