Gutuna Barkos presidenteari

Enrique Miranda Garcia
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Atseginez irakurtzen aritu naiz Uxue Barkos Nafarroako presidentearen idazkia. Testu horretan, herritarrek gobernuaren erabakietan parte hartzearen alde egin du, eta adierazi gobernuak lanerako eta garapenerako espazio fisikoak aurkitu nahi dituela elkarrizketaren bidez; izan ere, Barkosen ustez, horretarako eskubidea dute kolektibo ugarik, izaera eta adin guztietakoek, hala gazteen lokaletakoek eta erretiratuek, nola beste ezin konta ahala talde sozialek. Ongi, diotsot neure buruari, horixe da aldaketaren gobernua.

Baina, irakurtzen segitu ahala, begiak igurtzi behar izan ditut; hain zuzen ere, espazio fisikoak izateko eta parte hartzeko eskubide hori arma gisa jaurti zaio gazteen kolektibo bati, baina gazte horiek topagune eta parte hartze sozialerako leku baino ez dute bihurtu Iruñeko Alde Zaharreko eraikin abandonatu eta huts bat, gazteak ez ezik auzo oso bat ere dinamizatzeko asmoz. Maravillas gaztetxeaz ari naiz.

Lehenik, Barkosek mezu bat igorri du: «esku beltz» bat ezkutatzen dela gaztetxe bihurtzearren Rozalejoren jauregia behin eta berriz okupatu izanaren atzean, Nafarroaren erregimen aldaketarako abagune egokiak izan direnetan okupatu izan baitute behin eta berriz. Presidente andrea, ba al duzu inolako frogarik, Maravillas egunez egun eraikitzen ari diren gazte horiek aldaketaren kontra edo hura bihurritu nahian ari direla esateko? Nik ez dut uste eraikin abandonatu bat okupatzeak aldaketaren kontra jotzen duenik. Egoera tenkatzen duela? Bai. Baina halakoxe erronken bidez bereizi ahal dira UPNren lohiak eta aldaketa honetako loreak... Bestela, non dago aldaketa?

Eta, irakurketan zenbat eta aurrerago egin, orduan eta harrituago geratu naiz, eta, berriro ere, begiak igurtzi behar izan ditut. Presidenteak dioskunez, Rozalejori jada badagokio proiektu bat, eta Memoria Historikoaren Institutuaren egoitza izango da aurrerantzean. Eta okupazioak ez dio ukatuko bere egoitza Memoriaren Institutuari. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Harri eta zur geratu naiz, eta neure buruari galdetu diot, eta Memoria Elkarteetan lan egiten duten lagun batzuei ere galdetu diet ea inoiz parte hartu al duten inolako eztabaidatan, Memoriaren Institutu horren egoitzaren, ereduaren eta abarren inguruan. Eta hau ondorioztatu dut: herritarrek ez dutela inolaz ere parte hartu halako gai garrantzitsu batean, institutu horren egoitzari buruzko ezein eztabaidatan.

Horrez gainera, gogoan dudanez, Iruñeko Udalak abian du prozesu parte-hartzaile bat erabakitzeko zer egin Erorien Monumentuarekin, aurrerantzean ez dadin izan eraile frankisten gorazarrerako gune bat. Eta gogoan dut, halaber, gai horren inguruko jardunaldi batzuetan hitz egin ere hitz egin zela hura eraisteaz edota Memoriaren Institutu bihurtzeaz. Toki hobea al da Rozalejoren jauregia? Zergatik?

Dirudienez, gobernuak argi dauka. Eta argi al dauka udalak? Argi al daukate elkarte memorialistek, eta jendeak? Galdetu al die gobernuak? Ez al da komeni Memoriaren Institutuari buruzko prozesu parte-hartzaile bat egitea?

Ez zait ongi iruditzen presidenteak memoria historikoa erabiltzea eraikina utzarazteko aitzakiatzat. Obrak hastear ditugu ala? Oraintxe hustu behar?

Ez dakit, baina ez dit batere ahogozo onik eragin; bai, ordea, galdera ugari aldaketaren gobernua gai horren inguruan egiten ari den kudeaketari buruz.

Eta kontsideratzen dudanez aldaketaren gobernuak hobeto egin dezakeela eta hobeto egin behar duela, atzera bota behar da utzaraztea, eta patxadaz hitz egin behar da ea zer egin Iruñeko Alde Zaharreko eraikin horrekin eta beste batzuekin, auzoa dinamizatzen lagun dezaten; baita gazteen kudeaketaren bidez bada ere, bai, baita bide horretatik ere.

Eta ondorioztatzen baldin bada Rozalejok gaztetxe bat ez beste zerbait izan behar duela, bada, orduan, ikusi beharko da zer alternatiba merezi duten Maravillas eraikitzen ari diren kolektiboek, beste edozein kolektibok bezala, presidente horrek esatera, baina besteen eskubide berberekin, ez bat gutxiagorekin ez bat gehiagorekin, eta hustu gabe, husteak ez bailuke ekarriko Rozalejo beste urte parrastada batean hutsik edukitzea baino.

Izan ere, presidente andrea, guk ez daukagu presarik. Ez dira bihar bertan hastekoak Rozalejo berritzeko obrak, ezta?

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.