Gaur lako egun batean...

2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Inoiz ahaztu ezinezko gaur lako egun batean, orain 35 urte, Bizkaian eta Euskal herriko hainbat zonaldetan ikaragarrizko uriolak izan genituen. Orduko abuztuko hilabete euritsuan, gaur lako abuztuaren 26an, ikaragarrizko euri-jasak jausi ziren batez ere Bizkai aldean.

Gogoan dut Bilbon egun hartako goiz ilun hark gaua zirudiela. Bilbo Aste Nagusian zegoen, eta bart kantatu dudan leku berean, Plaza berrian, izan behar nuen orduko kantaldia bertan behera gelditu zen. Nerbioi-Ibaizabal ibaia urez gainezka eta Bilboko hainbat auzotatik, kalez kale; hiri erdirantz zetozenek errekak ziruditen.

Bilbok ez ezik, Laudiok, Etxebarrik, Galdakaok, Gernikak, Bermeok... eta beste hainbat herrik jasan zuten inoiz ahaztuko ez duten uriola haren zigorrada eta triskantza. Laster etorri ziren albisterik latzenak, 34 hildako eta bost bat desagertu.

Halako zorigaitzetan, guztion laguntzeko premia eta gizakiaren elkarkidetasuna nabaritzen dira, halaxe, ehunka herritar boluntario gogorik onenez prestatu zen lanean, urak utzitako lokatza eta zaborra garbitzeko asmoz.

Gaur, 35 urte ondoren, arazoak arazo, eta krisiaren sarraskia bistan izanik, denda itxiak nahinon ikusten direlarik; hala ere, gure hiriak eta herriak eraldatu egin dira, eta gehienak distiratsuago agertzen zaizkigu. Guztion ahotan da Bilbok egin duen izugarrizko aldaketa hau. 1983. urtean, apenas ikusten zen Bilbon turistarik, eta kanpoko norbait guganatzen bazen, arrarotzat hartzen genuen; gaur, Bilbo beste Bilbo bat dugu, bai hirigunean, baita auzoetan ere. Bilboko alde zaharrean, kanpoko ehunka turista ikusteak poza ematen du, hiri bizia dugulakoan.

Bilboko aurtengo Aste Nagusiaren kartelaren irudiak jatearen premia nabaritzen du: platera, tenedorea eta koilara. «Basque country- welcome to the culinary nation». Gure gastronomiaz gozatzea ez dago gaizki, baina ez gara ogiz eta edariz bakarrik bizi eta, beste gauza asko ere baditugulakoan, zer garen eta nor garen kanpokoek jakin dezaten. Bilboko mapamundia, planeta guztien epizentroa izanik, janarietatik at beste gauza askotan izan daiteke erakusgarri. Geure kultura eta euskara hedatzeko ere aukerak zabal ditzagun, beraz.

Ur laster eta hitz umel hauen ostean, Bilboko jaien zaparradarekin gauza onak esan eta tartean hobetu daitezkeenak ere ageri nahi ditut. Horrela ba, 35 urte hauetan egindakoak bere martxa segi dezala eta uriolak zaintzeko urak itsasorantz modurik onenean joan daitezen neurriak hartuak izan direlakoan.

Agian, Bilboren suspertzea urak gainezka egin eta sarraski haren ostean etorri zen. Zeren eta ordura arte ibaiari bizkarra ematen eraikitako eraikuntza asko eta asko ibaira begira jarri ziren, eta Bilbon bertako biztanleei eta kanpotik zetozeneiibaiaren garrantzia bistaratu zitzaien. Bilboren eraberritzea ibaiaren ondoan egin behar zela konturatuz.

Hatza zerion ibai zikin hark, itxura ederragoa hartuz, gaur xarma erakargarriago bat hartu du hiriaren ekarpen onenetarikoa izanik. Ibaiaren ondoko eraldaketa berri baten historia ekarri du.

Bilboko itsasadarra eta bere inguruan eraikitako proiektua, Bartzelonako Ranblak edota Erromako Fontana de Treviren antzera, sustatu beharreko ikurra bihurtu zaigu. Egokia benetan, Thomas Krens, Guggenheim fundazioaren zuzendariaren irudipena. Leku hortan eraiki zitekeenik inork ez zukeen sinistuko, baina, iluntze baten Salveko zubi gainetik footing egitean, halako epifania bailitzan, senak eman zion hantxe, orain agertzen den leku berean egin behar zela Guggenheim museoaren eraikuntza.

Thomas Krensen orduko euskal solaskideek ez zioten sinesgarritasunik eman. Nola liteke ibai zikin haren ondoan eta apenas ezelako egiturarik agertzen zen gune hartan halako ikono esanguratsua eta erakusgarria bihurtu beharko zen zerbait eraikitzerik? Thomas Krensek han iragarritakoak ehunka urte atzera garamatza, etxetik kanpo hainbat hilabete pasatzen zuten marinelak eta itsasgizonak Bilboranzko itsasadarretik sartu eta urak bihurgunea hartzen zuen gune hartatik, Salveko zubi azpitik, Artagan mendatea ikustatzen da (Begoñako basilika dagoen lekua), orduan baseliza.

Thomas Krensek bere epifania izan zuen leku hartan. Kronikak zera diote: marinelak etxera bizirik eta osasunez itzuli zireneko esker onez, Begoñako baselizara begira, salbea errezatzen eta kantatzen zutela. Eta sinbologia harengatik bataiatu zutela gune hori Salve izenaz.

Urak desbideratzen diren lekuak berebiziko energia dutela eta, «urak dakarrena urak daroa» euskal esaera zaharra geroan kantu bihurturik bizitzaren ikasgaia dugu, eta urak bere bidean dariona bueltan datorkigunaren esanahia. Bizitza ur biziaren ibaia eta ezustean bere norabidea alda dezakeen seinale bezala.

Gaur jakin badakigu Guggenheim museoa itsasadarren ondoan kokatua izateak bitxitasuna eta garrantzia eman diola. Bultza dezagun, beraz, Bilboko itsasadarra eta bere ondoan duguna. Mundu osoan ezaguna egin zaigun Aste Nagusia amaitzen den egun hau onik eta alai izan dezagula. Gora Marijaia eta gora Bilboko ura!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.