LAU IZANGO DIRA MUBILEN ZEREGIN ARLOAK

2020ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Laborategi teknologikoa

Elektromugikortasun zentroaren lan nagusia izango da, eta enpresek euren entsegu, test eta kontzeptu probak egiteko ekipamendu oso aurreratua eskainiko du. Punta-puntako laborategia izango dela dio Ainhoa Aizpuruk. «Urte erdi daramagu enpresekin zerrenda osatzen». Administrazioak inbertsioa egingo du, baina enpresek konpromisoa hartuko dute ekipamendu horien erabilera ziurtatzeko. Lehen laborategia energia biltegiratzeari dagokiona izango da, baterien garapenerako.Proiektu pilotuek fabrikaziora pasa ahal izateko beharrezkoak dituzten proba fase mordoak laborategi horretan egin ahal izango dira.

Ezagutza berria

Mubilen lana izango da ere mugikortasunaren inguruko teknologia eta merkatu zaintza egitea.

Informazioa bildu, jakin zein diren merkatuko joera, material berriak... Administrazioei laguntzea ere izango dute xede, aholkularitza emanez mugikortasunari lotutako politikei eta joerei buruz. Ildo berean, formakuntzak ere garrantzia izango du Mubilen. Aizpururen ustez, «dagoeneko lanean ari diren pertsonei prestakuntza emango zaie, baina langile berriak prestatu behar dira. Guri CAFek, Irizarrek eta besteek esaten digute jendea falta zaiela autobus elektrikoetan lan egiteko. Hemendik 2025era salto handi bat ematera bagoaz, bide horretan azelerazioa behar dugu, eta jendea honetan formakuntza izango duena». Lanbide Heziketarekin hezkuntza dualaren formatua erabiliz, hiruzpalau titulazio jarriko ditu martxan Mubilek.

Ekintzailetza

Mubilen egitekoetako bat da mugikortasunaren berriaren alorreko aktiboen identifikazioa egitea. «Balorizazio prozesu bat egiten ari gara zentro teknologikoekin eta unibertsitateekin. Biltegiratzean, material berrietan, konektibitatean, zein ikerketa egiten ari diren ikusteko, eta gero, normalean luzatu egingo litzatekeen azterketa horren paraleloan enpresa berriak, start-up-ak azeleratzeko».

Gipuzkoa Living Lab izatea

Proiektu estrategikoetarako diputatuak argi dauka: «Gipuzkoak ezaugarri bereziak dauzka bere tamainagatik, errepideetan dituen eskumenengatik, eragileen tamainagatik, Europako zeharbide izateagatik... Eta Gipuzkoan probak eta antzeko gauzak egin daitezke, adibidez, Miramonen jarri genuen autobus elektrikoentzako kargalekua». Udazkenerako beste proiektu bat aurreikusten dute, Ibilekin batera, iturri berriztagarrietako energia izango duen kargaleku ultralaster bat ezartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.