Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Azken lerroa

Julen Gabiria.
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kroazia eta Ingalaterraren arteko partida irratiz entzun nuen. Egun batzuk lehenago, Domagoj Vida jokalari kroaziarrak «aintza Ukrainari!» oihua bota zuen, zale errusiarren sumindurarako, eta irratiko esatariak gai horri heldu zion: «Zoragarria da futbolak lau urterik behin ematen digun aukera, nazioarteko gatazken berri izateko». Niri zoragarria ez: txundigarria egiten zait batzuek nola behar duten lau urtean behingo futbol-burbuila bat, hortik kanpora mundua deitutako zerbait existitzen dela jabetzeko. Izan ere, niri kontrakoa gertatzen zait: nahi ezta ere, egunero enteratzen naiz futbolaz.

Bai eta futbolaren periferiez ere: esaterako, Gareth Southgate Ingalaterrako hautatzailearen eta Three Lions kantuaren arteko loturaz. Ingalaterran jokatzekoa zen 1996ko Eurokoparako sortu zuen kantu hori The Lightning Seeds talde ingelesak, eta hitzak bi umoristak idatzi zituzten: abesti satirikoa da, selekzioari barre egiten diona.

Bada, Eurokopa hartan, Ingalaterra finalera iritsi zen Alemaniaren aurka. Ametsa ber-bertan zuten, eta abestiaren hitzak ezerezean uzteko gogoa ere bai. Arauzko denboran berdindu ostean, penaltiak: batek sartu, besteak sartu… bosna. Kale egiten zuen lehenengoak galduko zuen finala. Southgateren txanda zen. Jaurti, eta estadioa mutu geratu zen. Southgatek behea jo omen zuen ondorengo egunetan.

Handik bi urtera, The Lightning Seeds taldekoek hitzak aldatu zizkioten kantuari: bertsio berriak leku handiagoa ematen zion esperantzari. Eta 20 urte behar izan dira, baina aurten Ingalaterrak ia zerua ukitu du… penaltia huts egin zuen gizon haren agindupean. No more need for dreaming kantatzen dute zaleek, abestiaren azken lerroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.