Herria haserre dago justiziarekin

Xabier Rico - Lehen Hezkuntzako irakaslea

2018ko irailak 2
2018. urtea oso korapilatsua izaten ari da Espainiako epailetzan. Justiziak hartutako erabaki batzuen aurrean, herritar asko kalera atera baitira injustizia salatuz; manada-ren eta Altsasuko gazteen kasuetan, esate baterako.

Muturreko egoera ugari nola epaitzen diren ikusita, aspaldiko istoriotxo hau etorri zait burura: Protagorasen paradoxa.

Orduko sofisten trikimailuak versus gaurko epaiketa kontrajarriak.

Istorio hau Grezia Klasikoaren garaitik dator, sofistak jaun eta jabe zirenean. Haiek, gaurko politikarien antzera, beltza zuri edota zuria beltz ikusarazten zuten abilezia handiz.

Istorioaren protagonistak abokatu izan nahi zuen, baina eskolak ordaintzeko diru nahikorik ez zuenez, proposamen honekin joan zitzaion legegizon ospetsu bati doktrinamendu bila: «Protagoras jauna, zu bezain abokatu ona izan nahi nuke eta zure irakaspenak jasotzeko prest naukazu. Nire familiak, ordea, ez dauka zuri ordaintzeko adina. Beraz, ongi baderitzozu, abokatutzan hasten naizenean, irabazten dudan lehenengo auziaren soldatarekin ordainduko dizut».

Maisua konformatu zen eta, irakastaldi gogor eta emankor baten ondorioz, gazteak ondo baino hobeto ikasi zituen lanbidearen trikimailu guztiak. Haren dialektikaren xarma azkar zabaldu zenez, politikari ospetsu bihurtu zen, abokatutza alde batera utzita. Urteak pasatuta, Protagoras maisuak auzitara eraman zuen gazte politikaria, agindutakoa ordaintzen ez ziolako.

Ebazpena jaso behar zuten egunean, epaitegiko aurreneko itxaron gelan maisu zaharra azeri irribarrez hurbildu zitzaion gazteari esanez:

—Aspaldiko! Ene ikasle gaztea! Banuen gogoa zu berriro ikusteko. Zure antzinako zorra eta zure agindu zaharra ere behingoz beteak izan daitezen... Sentitzen dut, baina gaurko auzi honetan epailearen erabakia edozein izanda ere, era guztietan ordaindu beharko didazu...

—Zer ba?...

—Hona hemen zure aspaldiko agindua, zuk sinatua: «Hitzematen dut orain dohainik jasoko ditudan abokatutza-eskola hauek ordainduko ditudala, irabazten dudan lehenengo auziaren sariekin»... Beraz, gaurko auzi hau galtzen baduzu nahi eta nahi ez ordaindu beharko didazu. Eta epaile jauna zurekin errukitzen bada eta auzia zure aldekoa ateratzen bada, nolanahi ere modu berean ordaindu beharko didazu; zure hitzarmenaren arabera, irabazten duzun lehengo auzia izango delako; eta, horren ondorioz, ordaintzera behartuta egongo zara... Izan ere, ez duzu irtenbiderik... —azkeneko esaldi hau barre-algara zalapartatsuan amaitu zuen—.

Baina labur iraun zuen haren irriak. Hain zuzen ere, maisua zur eta lur geratu zen berak botatako argudioak zein erraztasunez irauli zituen ikasle azkarrak, era honetan adierazita:

—Oker zaude, maisu jauna. Epaileak arrazoia ematen badit eta auzia irabazten badut, ez dizut inolaz ere ordain-saririk eman beharko, epailearen erabakia horrelakoxea izango baita. Eta, berriz, jujearen ebazpena nire kontra ateratzen baldin bada; era berean, nire hitzarmenaren arabera, oraindik jarraituko dut auzirik irabazi gabe, eta, horren ondorioz, ezin izango dizut ordaindu... Beraz, era batean edo bestean garaile aterako naiz.

Honela argi geratu zen ikasleak maisua gainditua zuela silogismoen arrazoibideetan. Haatik, sofista peto-petoa zela.

Era berean, aurreko istorioarekin ondorioztatzen da zuzenbidea ez dela matematikoa, eta sarritan norberaren iritzien arabera epaitu ohi dela.

Grezia klasikotik 2018. urtera salto eginda, hainbat epaiketa kontrajarriren aurrean, herritar ugari bildu dira kaleetan injustiziaren kontra. Izan ere, epaile batzuen erabakiak oso mingarriak izan dira, proportzionaltasun faltaz eta konparaziozko bidegabekeriaz beterik.

BERTSO BERRIA, JUSTIZIARI JARRIA

Doinua: «Gaur goizean pasa det / ikararen marra» edo «Gaztalondo handian».

Herria haserre dago

justiziarekin

ez delako izaten

denontzat berdin

eguneroko prentsan

gorroto eragin

manada, Gurtel ta hainbat

odol noble urdin

batzuk zigor arin

herritarron sumin

bi tratu ezberdin

bi eredu gordin:

Altsasuko gazteak

eta Urdangarin! (bis)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna