«Bidaia gogorra eta luzea izan da»

Nekea. Zenbait ukrainar atsedena hartzen, bidaia luzea eta gogorra egin eta gero. AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
Przemysl
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Juliana Nazarenko Kievetik iritsi da Przemysleko tren geltokira, eta Euskal Herrira joango da asteartean. 11 urte zituela hartu zuten etxean Irungo arretxetarrek, eta haien babesera itzultzea erabaki du. Arriskua sumatuta, berriz ere «lasai» egotera joan nahi du Euskal Herrira 14 urteko semearekin. Txernobylgoa den galderari erantzun gabe alde egin du, «presaz». «Bosgarren elkarrizketa dut gaur, eta pixka bat nazkatuta nago». Umorea ez du galdu, eta barrez erantzun ditu galdera guztiak.

Nondik zatoz?

Kievetik nator, Kievetik ihesi. Egoera ondo zegoen, baina bonbak-eta entzuten nituen, eta beldurtu ginen. Loak hartzen zaitu, eta bat-batean dena dago dardarka. Oso gaizki.

Noiz erabaki zenuen Kievetik ateratzea?

Herenegun [duela hiru egun]. Dena lasai zegoen Errusia Ukrainarekin hizketan ari zelako, eta egoera lasai zegoela aprobetxatu nuen alde egiteko.

Familiarekin bidaiatzen ari zara?

Bai, semearekin. Anaia han geratu da. Gizonak atera ezin direnez, nire anaia han geratu da.

Zer ari da egiten?

Ezer ez. Egonean.

Non ikasi zenuen gaztelaniaz hitz egiten?

11 urte nituenetik familia batengana joan nintzen Irunera, eta asko erakutsi zidaten.

Irunera? Euskaraz ikasi zenuen?

Ez. Hitz batzuk bakarrik: «Eskerrik asko, agur...».

Nora zoaz orain?

Ikastetxe batean hartuko dut babes, eta gero familiarengana noa Irunera, Duela 15 urtetik ez naiz haiekin egon.

Noiz joango zara Euskal Herrira?

Asteartean. Lehenengo Valentziara [Herrialde Katalanak] eramango naute hemen laguntzen ari diren talde batekoek, eta hara joango da familia nire bila.

Nola izan da bidaia?

Oso luzea eta gogorra. Jende asko zegoen, eta bero handia egiten zuen trenetan. Ume asko zeuden builaka, eta bi egun egin genituen ia lorik egin gabe, jan gabe.

Nola azaldu diozu semeari gertatzen ari dena?

Telebistaz ikusten zuen dena. Ulertzen ditu gauzak. 14 urte dauzka.

Ukrainara itzuli nahi zenuke?

Oraingoz, ez naiz itzuliko. Hau aprobetxatu nahi dut atseden hartzeko.

Hemen lasai zaude?

Hemen? Bai. Ni beti nago lasai. Hemen bonba bat eroriko balitz ere ni lasai nago. Ez dut beldurrik. Asko bidaiatzen ari garela-eta urduri bai, banago.

Zer egiten zenuen Ukrainan?

Aberatsen etxeak garbitzen nituen. Diru asko irabazten genuen.

Eta orain? Zer egitea gustatuko litzaizuke?

Errefuxiatu moduan egon. Atseden hartu.

Espero zenuen hemen halako laguntzarik?

Ez nuen espero. Jatekoa ematen digute, opariak, goxoki asko... lasai eta pozik egoteko.

Zer ekarri duzu maletan?

Arropa, eta nire haur txikia, txakurtxoa.

Eta zer utzi duzu Ukrainan?

Etxea, anaia eta lana. Neukan guztia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.