Beste argazki bat dator

Euskotren ligan, San Juanen geroa ilunduta dago oraingoz, Orio indartu egin da, Donostiarrak taldea biribildu nahi du, eta Arraunek eutsi egiten dio. ETE ligan, berriz, aldaketa handiena da Zumaia berriro ariko dela.
San Juan, Hondarribia, Orio eta Arraun, joan den udan jokatutako estropada batean.
San Juan, Hondarribia, Orio eta Arraun, joan den udan jokatutako estropada batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aitor Manterola -

2018ko azaroak 7
Beti izaten dira aldaketak arraun taldeetan denboraldi batetik bestera, baina, emakumezkoen kasuan, baliteke udazken hau izatea inoizko mugituena. Badira aldaketak hainbat taldetan, eta azken sasoietako garaile nagusia izan den San Juanen ez dago batere garbi nolako taldea izango duten. Badira mugimendu gutxi izan dituzten taldeak ere, eta berriz uretaratuko den bat ere bai: Zumaia.

Araudi berriak ere izango du zeresana datorren udan, arraunlariek hiru egoera hauetako bat izango dutelako Euskotren eta ETE ligan: harrobikoa, etxekoa edo kanpokoa izango da bakoitza. Taldeek zazpi etxeko arraunlari atera beharko dituzte estropadako, eta horietako hiruk harrobikoak izan beharko dute; bestela, sei etxeko eta horietatik lau harrobikoak; edo, bestela, bost etxeko, baina bostak harrobikoak.

SAN JUAN

Itxura onik ez

Azken bost denboraldietan beste hainbat bider Kontxako Bandera eta Euskotren liga irabazi ondoren, ziklo aldaketa iragarri zuen Anartz Gereño entrenatzaileak, eta haren lekuan, behintzat, izan da aldaketa: Guruzne Azpiroz izango da entrenatzaile berria. Bere garaian, Bateleretan arraunlari izan zen, eta Lapurdiko entrenatzaile izan da udan. Taldean ere izango dira berrikuntzak. Arrauna utziko dute Ane Pescadorrek, Josune Ugartek eta Oihana Cereijok, eta gainontzekoek oraindik ez dute erabaki nora jo. Hainbatek aukerak dituzte taldea aldatzeko, baita San Juanen segitzeko ere, baina ez dirudi azkeneko aukera horrek indar handirik duenik, gaur-gaurkoz. Adibidez, Nerea Perez patroia Hondarribira doa.

ORIO

Indartu egin da

Uda honetan San Juanen atzetik ibili eta gero, aurtengo aurrerapausoari beste bat gehitzekotan da Orio, eta, horretarako, lehen oinarria taldearen bizkarrezurrari eustea izan da. Hiru arraunlari bakarrik dira uztekoak, eta horrek lanari segida emateko aukera emango dio Xanti Zabaleta entrenatzaileari.

Oinarri sendo hori gutxi ez, eta lau berrikuntza ere badituzte: Leire Alcala, urteetan Hibaikan ibilitako arraunlari zaildua; Sandra Piñeiro, Riveira Galiziakoa; Amaia Arregi, bere garaian Orion bertan arraun egindakoa; eta, azkenik, Amets Aranguren getariarra. Izan daiteke beste mugimendu gehiago.

ARRAUN

Udazken lasaia

Ohikoak izan dira Arraunen barruan udazken mugituak, ia urtero arraunlari dezentek uzten zutelako taldea, baina aurten beste kontu batzuk datoz Donostia aldetik. Izan ere, uda honetako taldetik arraunlari bakarra galduko du, eta horrek aukera ona emango dio taldeari beste pauso bat edo batzuk emateko gorantz. Ondo aritu zen udan, eta klubaren lehen bandera irabazi zuen Euskotren ligan —Ondarroako estropada—; eta segida emanda arraunlari multzoari, oinarri sendoa dauka Arraunek hobetzen segitzeko. Datorren udan ere Euskotren ligan ariko da, San Juan eta Oriorekin batera, eta Donostiarra izango da laugarrena. ETE liga irabazi izanagatik igoera lortu eta gero.

DONOSTIARRA

Hobetzeko gosez

Donostiarra ez da denbora-pasa aterako datorren udako Euskotren ligan. Badaki taldea indartu beharrean dela, berriz ere ETE ligara ez badu jaitsi nahi. Orio eta Arraun indartsu ariko direla ikusita, San Juanekin zer gerta daude Donostian. Pasaitarrek hondoa joko balute, eta egitasmo berri bati ekin beharko baliote, egungo Donostiarraren aurkari izango litzateke datorren udan. Baina Donostiako taldea ez da zain egongo, eta indartu nahi du taldea. Aurtengoari eutsi egiten dio, arraunlari bati izan ezik, eta berriren bat ere bada. Gehiago nahi du, baina. Ikusiko da datozen egun eta asteetan asmo hori gauzatzen duen edo ez.

ETE LIGAKOAK ETA RIVEIRA

Zumaia, uretan berriz

ETE ligako taldeen kasuan, denetarik dago, baina ia talde guztiak gai izango dira aurtengoari segida emateko. Hondarribia Euskotren ligatik dator, eta Iker Cortes entrenatzaileak taldeari eusten dio gutxi-asko. Gainera, Hibaikan ibili zen Amaia Etxabeguren bereganatu du, eta baita Errenteriako klubeko gazte mailako bi arraunlari ere. Perez patroi berriaz gain.

Hibaikan entrenatzaile berria izango dute: Amaia Gezala. Urteetan taldeko arraunlari izanak pausoa eman du ardura nagusia hartzeko, eta lortu du lehen ibilitako Nerea Orena tostetara itzultzea. Gazte mailako hiru arraunlari ere traineruan ariko dira, eta lagako dutenak ez dira asko izango. Ikusteko dago Galiziako eta Herrialde Katalanetako arraunlariek taldean segituko duten edo ez. Oraingoz, hamasei arraunlari eta bi patroirekin ekin die Hibaikak entrenamenduei.

Tolosaldean ere aurtengo lan onari segida emateko moduan izango dira. Entrenatzailea aldatuko dute. Aste hau bukatzerako jakingo da zein den, eta baliteke esperientzia handiko bat izatea. Deustun eta Kaikun ere ez dituzte aldaketa asko izango. Zahar berria Zumaia izango da. Hiru urtez lehorrean egon eta gero, uretan da berriz, 20-22 arraunlarirekin. Kike Manterola da berriz ere entrenatzailea. Hernaniren geroa ez dago argi, arraunlari gutxi baititu, Lea-Artibairen etorkizuna argitu gabe dago oraindik, eta Lapurdik uretan eutsi nahi dio taldeari; entrenatzaile berria zein den laster jakinaraziko du klubak. Galiziako ligan, Riveirak taldeari eutsiko dio, eta udaberri aldera indartu nahi du, udarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna