Frantziako Tourra

Hasi dira zuhaitza astintzen

Petersek irabazi du zortzigarren etapa, ihesean. Pinot jokoz kanpo gelditu da, eta Pogacarrek 40 segundo urratu ditu. Yatesek sufrituta eutsi dio lidergoari

Hasi dira zuhaitza astintzen.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Orain bai, piztu da lehia Frantziako Tourrean. Bezperako haize babesen ostean, atzo faboritoen arteko eraso festa izan zen Pirinioeatan. Ez zen galbahe handirik izan, gehienak batera helmugaratu baitziren; baina aurreko etapa menditsuen aldean, ikusgarria izan zen atzokoa. Eguneko galtzaile nagusia Thibaut Pinot (Groupama) izan zen, harrigarriki amildu ostean. Bestalde, etekinik handiena Tadej Pogacarrek (UAE) atera zuen, 40 segundo atera baitizkien gainontzeko hautagaiei. Etapa, berriz, Nans Petersek (Ag2r) patrikaratu zuen, ihesean erakustaldia eginda.

Bestelako ondorioak ere utzi zituen atzoko etapak. Hala nola, garbi ikusi zen Primoz Roglic dela Jumbo Vismaren liderra, lanean aritu baitzen Tom Dumoulin. Halaber, Egan Bernalen ezina ere agerian gelditu zen. Ineos ez da azken urteetako berbera, eta horrek on egiten dio ikuskizunari. Adam Yates (Mitchelton) ere estu eta larri ibili zen maldan gora, baina iraun egin zuen onenekin. Hala, elastiko horiaren jabe izaten jarraitzen du.

Ihesaldiak baimen osoa izan zuen laster osatu eta bidea egiteko. Hamahiru txirrindularik egin zuten aurrera; horien artean zeuden, besteak beste, Ilnur Zakarin (CCC), Benoit Cosnefroy (Ag2r), Nans Peters (Ag2r), Ben Hermans (Israel), Soren Kragh Andersen (Sunweb), Neilson Powless (Education First), Carlos Verona (Movistar) eta Toms Skujins (Trek). Inork ez zion mehatxu egiten lasterketako Yatesi, beraz, jazarpenari uko egin zion Mitcheltonek. Zalaparta Bales (11,7 kilometro eta %7,7ko pendiza) eta Peyresourderako (9,7 kilometro, %7,8) utzi zuten tropelean.

Pedalkada bakoitzarekin, handitu egin ziren aurrekoen aukerak. 25. kilometrorako,jada zazpi minutuko aldea zuten; 40. kilometrorako, hamar minutukoa; eta 50.erako, hamabikoa. Oker handirik ezean, garailea bertan zegoen. Hortaz, gehiegi estutu behar gabe iritsi ziren Mentera, eguneko lehen mendatera (6,9 kilometro, %8,1). Batera igo zuten, eta azken metroetan puntuak biltzeko esprinta egin zuen Cosnefroyk, mendiko sailkapeneko liderrak. Ez zuen aurkaririk izan. Tropelean, berriz, oso bare zeuden gauzak. Mitcheltonen erritmoa oso astuna zen, eta gainontzeko taldeek oraindik ez zuten ekimena hartu nahi.

Eszenatokia aldatzen hasi zen Balesera bidean. Jumbo lanean jarri zen, zati erabakigarrian berriz ere agintea izateko asmoz. Eta ihesaldian, bakarkako saiakera ausarta egin zuen Jerome Cousinek (Total Direct), aurrez hirugarren etapan egin bezala. Minutu bateko errenta lortu zuen, eta buruan iraun zuen, harik eta Balesen sua piztu zen arte. Multzoa aletu egin zen Zakarin eta Petersen erritmo aldaketen ondorioz. Tartaroa eta frantziarra izan ziren indartsuenak Balesen; gainean, minutu erditik gorako aldea zuten Skujins, Kragh Andersen, Powless eta Veronarekin.

Faboritoen multzoan, Thibaut Pinoten (Groupama) ezinak sortu zuen harrabotsa. Frantziarraren gorabeherak bukaerarik gabeko soka dira: bezperan oso fin moldatu zen haize babesetan, baina atzo, Tony Martinen (Jumbo Visma) erritmoak utzi zuen jokoz kanpo. Zortzi minutuko atzerapenarekin igaro zuen Baleseko gaina. Bat gutxiago.

Lehia bizia Peyresourden

Wout Van Aertek (Jumbo Visma) luzatua eman zion onenen taldeari Baleseko azken kilometroetan, eta Peyresourden, Dumoulinek hartu zion lekukoa. Askok Jumboren itzalpeko lidertzat zuten arren, atzo garbi gelditu zen luxuzko laguntzaile lanak egitera joan dela Tourrera. Herbeheretarrak gogor estutu zuen, eta lasterketa apurtzen hasita zenean, erasoa jo zuen Pogacarrek. Quintana eta Roglicek begi kliska batean harrapatu zuten. Hiru indartsuenak ziren, eta aukera zuten kolpea emateko; aitzitik, elkarri begira gelditu ziren, eta harrapatu egin zituzten atzetik zetozenek. Pogacarrek sekulako gorputzaldia zeukan, eta beste bi aldiz jo ostean, ziztu batean egin zuen alde. Bezperan galdutako denbora kosta ahala kosta berreskuratu nahi zuen. Mikel Landa (Bahrain) eta Richie Porte (Trek) ere xede berarekin abiatu ziren, baina ez ziren urrutira iritsi.

Yatesek, berriz, lanak izan zituen aurkarien gurpilean irauteko, Bernalek bezalaxe. Aurrez ahulezia zantzuak erakutsia zen kolonbiarra, eta atzo, berretsi egin zen ez duela iazko sasoirik; oraingoz behintzat. Gainera, taldearen sostengurik ere apenas izan zuen. Soilik Carapazek lagundu ahal izan zion apur bat. Oraindik aldaketa handiak gerta daitezke, baina orain arte ikusitakoaren arabera, azken urteetako mailatik oso urruti dabil Ineos. Talde britainiarrak ez du lasterketa nahieran kontrolatzeko gaitasunik, eta horrek bide ematen dio faboritoen arteko buruz-buruko borrokari. Horren lekuko da atzo Peyresoruden ikusi zena.

Ordurako, lasterketa buruan bakarrik zen Peters. Balesen behera 40 segundo inguru atera zizkion Zakarini, eta Peyresourden tinko eutsi zion aldeari. CCCkoak ahaleginak eta bi egin zituen jazarpenean, eta begi-bistan izan zuen frantziarra, baina bete egin zen azkenean. Horiek hala, garaipen handia lortu zuen Petersek; bere ibilbideko bigarrena du, iaz Italiako Giroan lorturikoaren ondotik. Haren atzetik, Skujins eta Verona iritsi ziren helmugara, 47 segundora. Zakari laugarren izan zen azkenean, 1.09 galduta.

Ausardiak saria ekarri zion Pogacarri: maldan behera jo zuen Bardeti 38 segundo atera zizkion, eta 40 segundo hautagai nagusien multzoari. Bertan sartu ziren oilarrik gehienak, Emanuel Buchmann (Bora), Enric Mas (Movistar) eta Carapaz izan ezik. Horiek hala, ez zen aldaketa handirik izan sailkapen nagusian: Yatesek, Roglicek eta Guillaume Martinek (Cofidis) jarraitzen dute lehen postuetan. Landa hamabigarren dago, 1.34ra.

Paue eta Laruntz artean jokatuko da gaurko etapa. Lau mendate ditu, horietatik bi lehen mailakoak: Hourcere (11 kilometro, %8,8) eta Marie Blanque (7,7 kilometro, %8,6). Azken horrek helmugatik hemezortzi kilometrora du gaina. Lasterketa Zuberoatik igaroko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.