South Stream, bidean geratu den gasbidea

Berria -

2014ko abenduak 7
Elkarren beharra duten bi boxeolari dira Europako Batasuna eta Errusia. Lehenengoak bigarrenaren gasa eta petrolioa behar ditu, eta bigarrenak erosle bat bere produktuentzat. Baina azken hilabeteotako kolpeek harreman hori sakondu behar zuen proiektu bat txikitu dute: South Stream gasbidea. Siberiatik abiatuta, hodiek Itsaso Beltzaren azpitik Bulgariaraino joan behar zuten, eta handik Austriara eta Italiara. Ukrainatik edo Iparraldeko Itsasotik (North Stream) doazen gasbideen alternatiba izan behar zuena bertan behera utzi dute aste honetan Vladimir Putinek eta haren adar energetikoak, Gazpromek.

Arrazoiak, teorian, teknikoak dira. Europako Batzordeak traba ugari jarri dizkio proiektuari, gasbidearen jabea eta gasaren jabea enpresa bera izatea (Gazprom) EBren legearen aurkakoa delakoan. Beste arrazoi bat da Bruselak gutxitu egin nahi duela Errusiarekiko menpekotasuna, ez delako Moskuz fio.

South Stream alboratuta, Errusiak baliabide gehiago jar ditzake orain bere helburu nagusian: petrolioa eta gasa Txinara bideratzen. Europa hegoaldeko lotura, berriz, Turkian barrena egingo du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna