«Arriskatu egingo dut»

Carlos Tobalina pisu jaurtitzailea bihar goizaldean ariko da sailkapenean, Eugeneko Munduko Txapelketan. Erronka oso zaila du: 21 metro inguru bota beharko du finalerako sailkatzeko. «Ez dut ezer utziko barruan».

Carlos Tobalina, bola jaurtitzeko prest, ekain amaieran Nerjan jokatutako Espainiako Txapelketan. DANIEL PEREZ / EFE.
Julen Etxeberria.
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Eugenen (AEB) dago Carlos Tobalina pisu jaurtitzailea (Barakaldo, Bizkaia, 1985). Lehiatzeko irrikan dago. Bost urte behar izan ditu berriro munduko txapelketa batean aritzeko. Bost urte horietan behin baino gehiagotan lehiatu da nazioartean, baina inoiz ez munduko onenak tartean zirela.

Denboraldi honetan ere Europako Txapelketan parte hartzea zuen helburu nagusia; abuztuan jokatuko da, Munichen (Alemania). «Ezuste ederra» izan da Eugenen aritzea: «Ez nuen inondik inora espero sailkatuko nintzenik; lanak izan nituen sinesteko barruan nengoela. Uste nuen askoz marka hobeagoa lortu beharko nuela, baina, Espainiako Txapelketan lortutako emaitzari esker [bosgarrenez irabazi zuen, hogei metroko markarekin] eta zenbait jaurtitzailek Eugenen lehiatzeari uko egin izanari esker, hemen nago. Izugarri pozik nago».

Oso pozik dago, halaber, aspaldiko partez «gorabehera handirik gabe» aritu delako: «Sarritan pasatu naiz hogei metroetatik. 20,36ra bota dut bola, nire marka onenetik ez oso urrun [20,57 du, 2017an egina]. Erregulartasun horri esker ariko naiz Eugenen. Denboraldi ona egiten ari naiz, baina oraindik ez da amaitu: Eugenen ariko naiz lehenbizi, eta Munichen lehiatu nahi dut gero. Orain arte egin dudan lan ona biribildu nahi dut».

«Naturaltasunez» eraman du azkeneko txapelketa handietan aritu ez izana; 2020ko Dohako Munduko Txapelketan eta iazko Tokioko Olinpiar Jokoetan, besteak beste. Badaki «nolakoa» den bere kirola. «Atletismoan, galdu egiten da irabazi baino gehiagotan. Ekinaren ekinez lortzen dira gauzak; ez dago etsitzerik eta animoa galtzerik. Ez dut bereziki sufritu zenbait txapelketa garrantzitsutan ez parte hartzeagatik. Une horietan duzun sasoiari erreparatu behar zaio; batzuetan, ondo zaude, eta beste batzuetan, ez. Eta sasoiko ez bazaude, onartu egin behar da, eta goseari eta motibazioari eutsi inoiz txapelketa handi horietara itzultzeko».

Parisera iritsi nahi du

Horregatik eusten dio berak bigarrenez Olinpiar Jokoetan aritzeko itxaropenari [Rion lehiatu zen]. «37 urte betetzear nago, baina nire buruak dio Parisera iritsi nahi duela. Ea zer dion gorputzak gero. Baina saiatuko naiz».

Bihar goizaldean ariko da sailkapenean. Euskal Herrian goizeko laurak direnean jarriko da pisu jaurtiketaren zirkuluaren erdian, eta biraka hasiko da, ahalik eta bulkadarik handiena hartu eta bola ahalik eta urrutien bidaltzeko. Lehen hamabi sailkatuak pasatuko dira finalera, baina errealista da Tobalina; benetan zaila du aurrera egitea. «Ziurrenik, 21 metro baino gehiagoko jaurtiketa beharko da. Hitz handiak dira horiek. Ni saiatuko naiz gutxienez hogei metroetatik pasatzen. Ikaragarria litzateke nire marka onena hobetzea, baina ontzat emango nuke hogei metroak gainditzea».

«Ausart» jokatuko du: «Arriskatu egingo dut. Ez du zentzurik hemeretzi metroko jaurtiketa bat ziurtatzen saiatzea. Ez dut ezer utziko barruan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.