Arrauna

Ofizioa eta eskarmentua

Zierbenak denboraldiko lehen garaipena lortu du, Donostian, Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian. Atzetik aurrerako estropada biribila egin du

Zierbenako arraunlariak, agintarien ontzitik bandera jaso berritan, atzo, Donostian, Eusko Label ligako estropadan. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Ofizioa eta eskarmentua. Bertute horiek dira Zierbenaren makulu nagusiak. Juan Zunzunegiren taldeak neguan erakutsi zuen traineru borrokalaria izango zela udako denboraldian. Bada, euren nagusitasuna berretsi zuten atzo, Donostian irabazita, Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian. Sekulako estropada egin zuen Zierbenak, batez ere, bigarren luzetik aurrerako saioan, eta behin estropada buruan ezarrita, Santurtzi eta Donostiarra ez ziren gai izan Zunzunegirenak harrapatzeko. Aitor Lazkano eta haren kuadrillak kronometro guztiak txiki utzi zituzten, baita Hondarribiak bigarren txandan ezarritakoa ere. Bestalde, sailkapen nagusian Zierbenak bi puntu jan dizkio Santurtzi egungo liderrari.

Zoriak hala erabakita, Santurtzi lehendabiziko kaletik aritu zen; Donostiarra, bigarrenetik; Zierbena, hirugarrenetik; eta Urdaibai, laugarrenetik. Ohorezko txandako lau oilarrek bazekiten kontuan hartu beharrekoa zela Hondarribiak egindako denbora. Hala, hasieratik lehertzera atera ziren. Hasi, behintzat, bide onetik ez ziren hasi Zierbenakoak. Irteera eman eta lehen minutuan bi segundoko atzerapena zuten, baina lehen berotu aldian, galdutakoa berehala berreskuratu zuten, beste hiruren pare jartzeraino. Santurtzik hartu zuen estropada burua, nahiz eta beste ontziak pare bat tosta atzetik egon. Marea behean zela kontuan hartuta, itsaslaster gogorragoa zuten ohorezko txandakoek, eta hori ekidite aldera, estropada eremuko bi ertzetako kaleetatik zihoazen Santurtzik eta Urdaibaik erdiko kaleetara joateko norabidea hartu zuten, itsaslasterra balia zezaten.

Donostiarra aurrena iritsi zen lehen ziabogara. Segundo bat geroagoSanturtzi, eta bi geroago Zierbena eta Urdaibai. Josu Andoni Barturen Bou Bizkaia ontziko patroiari, bestalde, trainerua gehiegi joan zitzaion. Ez zuen behar bezala jiratu, eta bermeotarrek larrutik ordaindu zuten. Aurrean, berriz, Donostiarra poparean ederki ari zen gozatzen. Arkaitz Diaz lemazainak ez zuen indarrik egin behar, ontzia ongi gogortuta zihoalako. Dena den, Santurtzi segundo batera zeukan, eta Zierbena, laura. Estropadako lan erdietan, Santurtzik egin zuen denborarik onena. Donostiarra eta Zierbena ere ez ziren urrun. Lazkano Zierbenako patroiak ziaboga azkarra eman, eta Torrekua ontziaren aurretik atera zen. Donostiarra atzean ikusteak hauspoa eman zien Zunzunegiren arraunlariei, eta arraunketa galdu gabe, Santurtziren pare jartzea lortu zuten. Baita aurretik jarri ere. Bi ontziak orduan Hondarribiaren denboretan ziren.

Hirugarren luzean, haizeak pittin bat gora egin zuen, eta arraunlariek nabaritu zuten. Diaz, esaterako, Torrekuaren txopan makur-makur eginda joan zen, haizea saiheste aldera. Bien bitartean, Zierbena aurrera zihoan, apurka-apurka, ubera pasaz. Azken ziabogan, Zierbenak Santurtzi eta Donostiarrarekiko hiru segundoko tartea zuen bere alde. Urdaibaik, berriz, hamasei segundoko galera zuen, arraunketa erabat galdua zuela.

Azken luze erabakigarrian, Gorka Aranberri Santurtziko patroiak istriborreko norabidea hartu zuen, hau da, laugarren eta bosgarren kaleetara, sakonera gutxiago egonda, zeuden olatu txiki eta ahul horiek hartzeko. Lazkanok, ordea, bere kaleari eutsi zion, eta ez zen arriskatu. Zierbenakoari ongi atera zitzaion jokaldia, aldea handituz joan baitzen Santurtzi eta Donostiarrarekiko. Baita Hondarribiarekiko ere.

Hala eta guztiz ere, ez zegoen ezer erabakita, eta Lazcanok dena emateko eskatu zien arraunlariei. Haiek patroiaren aginduari kasu egin eta erritmoa sarritu zuten. Garaipenak ez zien ihes egin, eta Hondarribia baino bi segundo lehenago helmugaratu ziren. Denboraldiko lehen garaipena lortuta, gaur hauspotuta ariko dira etxeko estropadan, Zierbenan (12:00, ETB1). Zunzunegiren taldearekin batera, Hondarribia, Santurtzi eta Orio ariko dira ohorezko txandan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.