Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Egunkarietako zuzendariak Pablo Gonzalezen eskubideen alde

Berria -

2022ko irailak 25

Euskal Kazetarien Elkartearen eta Kazetarien Euskal Elkargoaren ekimenez, euskal prentsako zuzendariek exijitzen dute errespeta daitezela Pablo Gonzalez kazetariaren giza eskubideak eta berme prozesalak.

Euskal gizarteari, haren instituzioei eta Europako agintariei: Pablo Gonzalez euskal kazetari bat da, espioi errusiarra izatea egotzita sei hilabete baino gehiago daramana Polonian kartzelaturik, behin-behineko espetxealdian, inkomunikatuta eta espetxe erregimen gogor baten menpe.

Otsailean atxilotu zuten, herrialde hartan berriemaile zebilela, Errusiaren inbasioaren ondorioz ukrainarrek hasi zuten exodoari buruz informatzen. Gonzalez aditua da alor horretan, eta haren kazetaritza lanak zenbait hedabidetan argitaratu izan dira.

Orain arte, ez dute inolako frogarik aurkeztu hura atxilotu eta kartzelatu izana justifikatzeko.

Pablo Gonzalez kartzelan sufritzen ari den bizi baldintzak onartezinak dira: inkomunikatuta daukate, ez dizkiote gutunak normal helarazten, ez diote uzten senideen bisitarik hartzen, eta arazoak ditu bere abokatuekin komunikatzeko. Hortaz, kasu honetan, prentsa askatasuna urratzen ari dira, defentsarako eskubidea ere bai, eta baita atxilotuen eskubiderik oinarrizkoenak ere, zeinak jasoak baitaude Europako Batasunaren eta Nazio Batuen zenbait arau eta tratatutan.

Euskal egunkarietako zuzendari garen heinean, printzipio demokratiko horien eta giza eskubideen alde gaude, eta zera exijitzen dugu: aplikatu daitezela Pablo Gonzalezen kasuan, errugabetasun presuntzioa errespetatuz.

Tartean diren instituzio guztiei eskatzen diegu ahalegina egin dezatela Gonzalez aske utz dezaten eta prozesu judizial bidezko eta garden bat izango duela bermatzeko, emaitza gorabehera. Halaber, berriro adierazi nahi dugu nahitaezkoa dela, egoera edo larrialdia edozein dela ere, libre, seguru eta giza eskubideak errespetatzeko berme osoz lan egiten uztea hala hedabideei nola kazetariei. Gerra ezin da aitzakia izan adierazpen askatasuna deuseztatzeko eta herritarrek informazioa jasotzeko duten eskubidea urratzeko.

Sinatzaileak:

Martxelo Otamendi (Berria), Jose Miguel Santamaria (Correo), Iñaki Gonzalez (Deia), David Taberna (Diario Vasco), Marta Martin (Diario Noticias de Alava), Eduardo Iribarren (Diario Noticias de Gipuzkoa), Joseba Santamaria (Diario Noticias de Navarra), Iñaki Soto (Gara).

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...