Arrauna. Kontxako Bandera

«Oriok irabaztea ez litzateke ezustea»

Joritz Etxeberriak badaki zer den Oriorekin Kontxako Bandera irabaztea, 2017an lortu baitzuen, baina orduan sailkatze estropadan soilik egin zuen arraun. Bigarrena nahi du, arraun eginda. Taldea gai ikusten du horretarako.

Joritz Etxeberria, ezkerretik lehena, joan den igandean, Kontxako Banderako lehen jardunaldian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Kontxako Banderaren berezitasunetako bat da astebeteko tartea dagoela bi estropaden artean, iraileko lehen igandetik bigarrenera. Horrek pentsatzeko aukera handia ematen dio arraunlariari, betiere bandera irabazteko lehian segitzen badu aurreneko jardunaldiaren ondoren. Pentsatzeari ere neurria jartzea komeni izaten da, eta egindakoari, esate baterako, denbora tarte gutxi eskaini diote asteon Orioko arraunlariek: «Aurreko igandekoaz ez dugu asko hitz egin. Burua etzikoan jarri genuen azkar asko», kontatu du Joritz Etxeberriak (Donostia, 1988).

Lehen igandekoaz zer hitz egin ote zuen orain bigarren sailkatua denak? «Santurtzirekin gehiegi itsutu ez ote ginen», onartu du San Nikolas traineruan ababor aldeko hankan joan ohi den arraunlariak. Kontua da hori joan zela, eta oriotarrek Hondarribia eta 5,54 segundoko atzerapena baino ez dute buruan, nola eman buelta horri. Lehenik eta behin, sinetsi egin behar dute ahal dutela, eta, alde horretatik, batere aitzakiarik ez dute Orioko arraunlariek: «Sekulako konfiantza izan dugu uda osoan. Liga ia irabazita daukagu, banderak geureganatu ditugu, eta edozein egoerari aurre egiteko gai sentitzen gara». Oriotarrek sentitzen dutena sentitzea gauza handienetako bat da kirolari baten kasuan: «Uretara atera, eta lehian geure onena emango dugun ziurtasuna daukagu, eta sekulakoa da hori».

Bakoitzak bere barrura begiratuta ateratzen duen horretaz gain, kanpoko eragileek ere piz dezakete lehiarako grina, eta horretatik ere bada Orio aldean etziko estropada erabakigarrirako: «Badakigu Hondarribiak osatu duen hamalauko handi hori egundoko taldea dela, eta udan elkarrekin aritu izan diren txanda guztiak irabazi dituztela, baina, hain justu, horrek ere aparteko motibazioa pizten digu, halako kuadrilla on bati irabazteko gai izateko aukera edukitzeak».

Talde onarena aipatuta eta aurkari zuzenari loreak bota ondoren, Etxeberriak ondorengo baieztapen indartsu hau egin du: «Haiek oso onak dira, hamalauko horretaz ari naiz, baina, talde osoa hartuta, ez dut dudarik Orio ari dela erakusten uda honetan hobea dela. Hor daude datuak eta garaipenak, eta, gure taldean aldaketak egin izan direnean ere, irabazteko gai izan gara behin baino gehiagotan». Horra beste osagai bat oriotarren konfiantzaren lapikora botatzeko.

Burua igandean dutela, ezinbestean ari zaizkio Etxeberriari jokatu gabe dagoen estropada horretako egoerak burura etortzen, eta, halakoetan askotan gertatzen den bezala, kale zozketa eta horrelakoak ekarri ditu buruko pentsamenduetatik ahora: «Eskatzen hasita, eta normala den bezala, guretzat kale onena eskatuko nuke, eta Hondarribiarentzat, txarrena. Alboan edukitzea eskatzea ohikoa izaten da, baina aukeran nahiago gu punta batean kale onetik, eta haiek beste muturrean, kale txarrenetik. Hori dena lehiaren ikuspegitik esaten ari naiz, ez daitezela haserretu Hondarribian». Uste du kale zozketak eragina izango duela igandeko emaitzan: «Berdintasun handia dago, eta, denok geure onena ematen badugu, edozein huskeria izango da erabakigarria».

Kontu txikiez ari dela, Hondarribiak aurreko igandean erakutsi omen zuen ahuleziaren bat: «Kanpora ez zen gai izan Zierbena eta Donostiarra atzean uzteko, eta, agian, kanporako lana ez zuten bueltakoa bezain biribila egin», azaldu du Etxeberriak.

Eta Santurtzi? Hirugarrena da sailkapenean, eta 9,12 segundoko atzerapena du Hondarribiarekiko. Orioko arraunlariak azaldu duenez, «hautagai izaten segitzen du bandera irabazteko, eta gehiago esango nuke: gerta daiteke Hondarribia eta gure arteko epaile izatea, aurreko igandean santurtziarren eta gure artean gertatu zen antzeko egoera bat gertatzen bada. Sar dezake Hondarribia beste lehia batean, eta gu horretaz baliatu».

«Ez da 2017ko egoera bera»

Etxeberria bizitzen ari den astea ez zaio arrotza egiten, duela bi urte ere antzera baitzegoen: «Hirugarren ginen orduan, Hondarribiak bost segundo atera zizkigulako lehen igandean, eta Urdaibaik bederatzi. Emaitza horri buelta ematea pentsatzen pasa genuen astea, eta lortuko genuela sinetsita atera ginen uretara». Baita lortu ere. Alde horretatik bada antzekoa aurtengo astea oriotarrentzat, baina ezberdina ere bai, Etxeberriaren iritzirako: «Duela bi urte, ezustetzat hartu zen guk bandera irabaztea. Baginen hautagaiak, baina ez faboritoak, eta irabazteko moduak ere eman zion epika ukitua garaipenari». Aurten Oriok irabaziko balu, «ez litzateke ezustea izango», azaldu du, «udako emaitzak ikusita, faboritoen artean segitzen dugulako, nahiz eta bost segundoko atzerapenarekin bigarren egon».

Duela bi urtekoa gogora ekartzeko beste bide bat ere irekiko zaie gaur Orioko arraunlariei. Izan ere, orduan bezala, klubak deialdia egin die herritarrei gaur moilara azaltzeko, 19:00etan, arraunlariak animatzera, Denok bat eginda lortuko dugu! Ba al gea? Aupa Orio! lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.