Dokumental ziklo bat antolatu dute kultura alternatiboa aztertzeko

Gasteizko Orbain kultur elkarteak bost dokumental emango ditu maiatzean. Emanaldiak amaitzean, solasaldiak egingo dituzte

Orbain kultur elkarteak bost dokumental emango ditu. BERRIA.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Euskal Herriko punk-rock mugimendua ikertzen duen Gasteizko Orbain kultur elkarteak dokumental ziklo bat antolatu du maiatzerako, Asteartean, Doku-Mental izenburupean. Asteartero dokumental berri bat emango dute beren lokalean. Solasaldiak izango dira ondoren, ikusitakoaren inguruan eztabaidatzeko. Antolatzaileen hitzetan,«beharrezkoa» da ikus-entzunezkoak ematearen alde egitea.

Halere, ez dituzte soilik punk-rockaren inguruko proiekzioak egingo. Musikarekin zerikusia daukaten filmez gain, «interes berezikoak» iruditzen zaizkien beste gai batzuk jorratzen dituztenak ere emango dituzte. Horrez gain, asteartero saiatuko dira dokumentalekin harremana daukaten pertsonak —zuzendariak, eragile sindikalak...— eramaten: «Proiektuan zuzenean inplikatuta daudenak edo gaian adituak direnak ekarriko ditugu».

Maiatzaren 2an emango dute lehen dokumentala: Una orquesta armada ¿Puede la música cambiar el mundo?. Musikak izan dezakeen botere eraldatzaileari buruzkoa da ikus-entzunezko hori. Hainbat musikarik beren bizipenak kontatzen dituzte. «Negar eta barre egiten dugu haiekin», azaldu dute antolatzaileek. Ivan Muñiz zuzendariarekin solasaldia izango da dokumentalaren ostean.

Maiatzaren 10ean, Las costuras de la piel filma emango dute. Bangaloreko (India) ehungintzako langileen gatazken inguruko ikus-entzunezkoa da. Elkarteak azaldu duenez, «duintasunezko istorio bat da». Ondoren, UGT eta CNT sindikatuetako kideek dokumentalari buruz hitz egingo dute.

Maiatzaren 17an, ¡Kafana! ¡Basta ya! filma proiektatuko dute. Hain zuzen, saharar errefuxiatuen egoera «lazgarria» erakusten du lanak. Elkarteko kideek azaldu dutenez, garrantzitsua iruditzen zaie egun Saharako egoera aztertzea. Ondoren, solasaldia egingo dute Arabako Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteko kideekin.

El ejército de la OTAN: operación Gladio da zikloan emango duten azken-aurreko dokumentala, maiatzaren 24an. Gladio operazioa NATOren ezkutuko espioitza sare bat izan zen, eta filmak kontatzen du nola jokatzen zuten espioiek Gerra Hotzaren garaian. Elkarteko kideek nabarmendu dutenez, NATO eta haren gerrak «oso presente» daude gaur egun, eta interes orokorreko gai bat da. Zikloaren azken ikus-entzunezkoa punk-rock mugimenduari buruzkoa izango da berriz: Punk Attitude-k munduko hainbat artistaren testigantzak jasotzen ditu.

Elkarteko kideek gaineratu dute punk-rocka eta kultura alternatiboa «aztertzen, mantentzen eta zabaltzen» jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.