urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Gibraltar, berriz ere

2018ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Theresa Mayk etxean aski arazorik ez zuela-eta —babesa ematen dioten DUPko unionistek eta Alderdi Kontserbadoreko hainbat diputatuk Komunen Ganberan ezetz esango diotelako Bruselatik dakarren proposamenari—, Bruselara azken akordioa lortzeko bezperatan Espainia bihurtu du buruko min: Madrili onartezina zaiola adostutakoa, Gibraltarri buruzko beto-eskubidea galtzen duelako.

Zakur txarrak zaunka merke, ordea, azkenean mehatxuak kendu eta brexit-aren akordioa onartuko dute gaur. Baina Europako kantzilertzetan, Downing Streeten, Berlinen, Bruselan, Parisen ez dute ahaztuko azken orduan eta lekuz kanpo etorri den esentzialismo hispanikoaren erakustaldiarekin. «Eta hori oraingo gobernua ezkertiarra izanik», bota dute Daily Mail tabloide kontserbadorean, «Nola ausartzen zara?» izenburu esanguratsua daraman artikuluan. Atzean dagoena Espainian hain errotutako pentsamolde pikareskoa da, urtetan landu ez duzuna une zehatz batean zoriaren bidez lortzea, alegia.

Datorren ekainean mende erdi beteko da Francok Gibraltarko muga itxi zuela. Aurretiaz, gibraltardarrek deskolonizazio erreferendum gisa jotzen duten galdeketa egin zuten, hiria antolatzeko konstituzioa onartuz eta, bidenabar, euren britainiartasuna azpimarratuz. Gibraltartarren % 99k esan zuten Francoren Espainia baino nahiago zutela britainiar izaten jarraitu, eta diktadoreak muga itxiarazi zuen.

Arnasbide ia bakarra zeukan hiriak, eta itxi egin zuen Espainiak. «Hemen dena sartzen da mugatik, baita mezetarako ura ere!», esan zidaten hiria bisitatu nuenean. Komunikazioak eten zituzten, telefonoz ere deitzerik ez beste aldera. Hesiaren bi aldeetan elkartzen ziren Andaluziako eta Gibraltarko senideak, oihuka elkarren berri izateko. Itsasoz edo airez baino ez zegoen hiritik irteterik.

Hamahiru urtez guztiz itxita egon zen muga, 1982an oinezkoentzat zabaldu zuten arte; Espainia Europako Ekonomia Elkartean, egungo EBren aurrekarian sartu arte ez zien aterik ireki autoei eta oro har garraioari. Europarekin bat egiteko unean Londresek presioak lortu zuen irekiera, baina orduko Gibraltar oso desberdina zen 1969kotik: bere baitara bildutako komunitate sendoa zen, britainiartasunean bezainbat gibraltartar nortasunean errotutako giza taldea. Iberiar penintsulan Espainiaren aurkako sentimendurik handiena ez duzue Euskal Herrian ez Katalunian aurkituko, Gibraltarren baizik. Oso ondo dakite bereizten Espainia eta haren agintariak, Madrilek ordezkatzen duena, eta auzo dituzten Andaluziako herriak. Haietan lagunak, senideak eta, sarritan lankideak ere badituztelako. Europa mendebaldeko eskualderik behartsuenetako baten langabezia itzela apaltzen laguntzen du Gibraltarrek.

Ingelesek oinean brexit-aren tiroa jo zutenetik (inork baino hobeto ulertu zuten Gibraltarren zer esan nahi zuen brexit-ek, parte hartze handiena eta erabateko ezezkoa izan ziren hirian), nahaste erraldoi hori zelan konpondu eztabaidan ibili dira Irlandatik Alemaniaraino. Baina Espainiak bere obsesio identitariorako abagunea zela besterik ez zuen pentsatu. Europan sartzeak muga irekiarazi zion legez,brexit-a urrezko aukera gisa ikusi dute Espainiako gobernuek. Kontserbadoreek zein aurrerakoiek pentsamendu nazionalista bera erabili dute, espainiar eskuindar baten antz handiena daukana espainiar ezkertiar bat dela dioen esaldia betez.

Espainia auzo arrunt eta errespetagarria izan zitekeela pentsatu zuen belaunaldiak, muga zabalduta jaio ziren gazte eta nerabeek, espainieraz baino hobeto egiten du ingelesez. Galdetu izan zaienean, zalantzarik gabe erantzun dute: Tony Blairren eta Jose Maria Aznarren gobernuek hitzartuta —lehen aldiz Londresek bizkar ematen zien gibraltartarrei, inperialismoek sarritan egiten duten legez—, herritarrei galdetu zieten. «Bat al zatoz Erresuma Batuak eta Espainiak subiranotasuna partekatu behar luketela dioen printzipioarekin?» izan zen galdera, 20.000ko erroldatik 18 milak parte hartu zuten (%88ko parte hartzea), eta ezetz esan zuten 17.900ek. Boto-emaileen %98,9k.

Esanguratsua da, bidenabar, Euskal Herritik edo Kataluniatik konfederalismoa edo subiranotasun partekatua planteatu izan denean zer nolako ezetza eman dion Madrilek, eta zeinen lotsagabe aurkezten duen hori bera Gibraltarrerako konponbide gisa: lurralde bat bere menpe daukanean, ez dago ezer negoziatzerik, agerian utziz subiranotasun partekatu hori erabateko integraziorako urrats gisa baino ez dakusala. Emaztea gorroto duen baina hala ere bere menpeko behar duela dioen senarraren antzera gorroto du Espainiak Gibraltar. Sekula ez du aintzat hartu Gibraltarko biztanleen borondatea. Duela 300 urteko gerrek sortutako anomalia da, bai, kolonialismoaren ondorio da (Estatu Batuak, Kuba edo Argentina bezala), bai, baina egungo gibraltartarrak benetakoak dira, egiazko komunitate bat dira. Jatorria 1713an egongo da, baina XXI. mendeko tresnekin landu behar da: negoziazioa, elkarrizketa, demokrazia eta Gibraltargo herritarren borondateari begirunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.