Klima Aldaketa: Zer kalifikazio eman behar diegu gobernuei eta aldundiei?

Itxaso Apraiz Larruzea eta Ritxi Hernandez Abaitua
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Datorren irailaren 27an munduan egin nahi diren greba eta mobilizazioen aurrean, oso komenigarria da klima aldaketari aurre egiteko instituzio nagusien benetako «euskal agenda» ebaluatzea .

Ikerketa zientifikoetan oinarrituta, badakigu bero boladak Euskal Autonomia Erkidegoan sei aldiz ugariagoak izango direla 2050erako, eta horrek erkidegoko biztanleen bizi-itxaropena 4 urte murriztuko duela (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saila, 2017); badakigu ur baliabideak murriztuko direla, basoetan suteak ugarituko direla, kostaldeko eremuak zaurgarriagoak izango direla itsas mailaren igoeraren ondorioz, mende amaierarako hondartzen zabalera %25-40 gutxituko dela, uholdeen arriskua handitu egingo dela (Bilbo Handian, adibidez, hiru aldiz handiagoa) eta abar.

Hasieran aipatutako ebaluaziorako, hona hemen zenbait datu eta egitate esanguratsu:

1) Klima aldaketari modu eraginkorrean aurre egiteko, 2030. urterako Euskal Herrian berotegi gasen murrizketak %80 ingurukoa izan beharko lukeela ere badiote ikerketek. ?Klima aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia? txostenean, berriz, 2030erako %40koa baino ez da aurreikusten. Hala ere, portzentaje horretatik urrun geratu gaitezke, 2017an (neurtutako azken urtea) gasen isurketa txikiagoa izan beharrean, Nafarroan %3,8an eta EAEn %5,4an handitu baitzen. Gainera, EAEko per capita isurketek Europako batezbestekoak gainditu dituzte: 9,2 Tm-koa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 8,7koa Europan; mundu mailakoa, ordea, 4,7koa (2019).

2) Larrialdi klimatikoari behar bezala aurre egiteko ezinbestekoa den trantsizio energetiko eraginkorrak, besteak beste, zera eskatzen du:egun munduan ezagutzen diren erregai fosilen erreserben %70-%80 inguru lurpean uztea; hau da, ez ustiatzea, ez erretzea eta, aldi berean, energiaren kontsumoa nabarmen murriztea eta energia berriztagarrien aldeko apustu azkarra eta erabatekoa egitea. Hala ere:

- Eusko Jaurlaritzak hidrokarburoak bilatzeko baimena eman du Bizkaian eta Gipuzkoan. Baimena bi enpresei eman die, eta 6 urteko epea dute (2018).

- Gainera, Euskal Herrian, krisi ekonomikoaren garaiko urteak kenduta, energiaren kontsumoa etengabe handitu da (X. Zubialde, 2016).

Azkenik, egun EAEn energia berriztagarrien kopurua %7koa baino ez da (kasu honetan, Nafarroaren datua hobea da, %21ekoa, hain zuzen).

3) Garraio sektoreak gutxi gorabehera berotegi gasen isurketen herena egiten du, eta, gainera, kopurua handituz doa. Garraioa, beraz, sektore klabea da isurketa horien murrizketa lortzeko. Hala ere, Euskal Herriko instituzioek garraio pribatua sustatzen duten errepide azkarrak egiten eta berriak planifikatzen segitzen dute. Azken adibidea, Bizkaiko Aldundiaren ardurapean Super Sur delakoa zabaltzeko egiten ari diren obrak.

4) Industria sektoreak berotegi gasen %28 Nafarroan eta %21 EAEn isurtzen du. Azken erregistroaren datuen arabera, Bizkaiko Petronor petrolio findegia da enpresarik kutsatzaileena. Esate baterako, 2,27 milioi tona CO2 isuri zituen airera 2015ean. Petronorrekin batera, beste 5 enpresak EAEko sektore horren %72 isurtzen dute. Horregatik, enpresa gutxi horiei begirako neurri egokiak hartuz gero, isurketen kopurua nabarmen gutxitu litzateke. Hala ere, arlo horretan euskal instituzioek egindakoa hutsaren hurrengoa baino ez da.

5) Egin beharreko trantsizioa sozialki bidezkoa izan dadin, hau da, gehiengo sozialen interesen arabera gauzatu dadin, nahitaezkoa da demokrazia zabalenean oinarritzea. Arartekoak berak ere (Energia trantsizioa EAEn, 2018) zera gomendatzen du: «erabaki energetiko eta klimatikoetan euskal herritarren benetako parte hartzea bermatzeko neurriak txertatu behar dira euskal legerian».

Bide horretatik, beharrezkoa da ingurumen inpaktu eta diru publikoaren gastu handiko azpiegiturak (AHT, Zabalgarbiko eta Zubietako erraustegiak,...) gizartean ahalik eta era irekienean eztabaidatzea eta erabakitzeko orduan berariazko kontsultak egitea. Euskal instituzioek, berriz, inposizioaren bidea aukeratu dute, nahiz eta AHTren eraikuntzan, adibidez, isuritako berotegi gasen kopurua 2,97 milioi tona ingurukoa izan (G. Bueno, D. Hoyos, I. Capellan) eta kilometro bakoitzean 30 milioi euro inguru xahutu.

Datu eta egitate horiei erreparatuz gero, hau da, hitzak barik ekintzak aztertuz gero, argi dago, zoritxarrez, Euskal Herriko gobernuen eta aldundien kalifikazioak gutxiegi izan behar duela. Eta kalifikazio hori ez du aldatzen Eusko Jaurlarizak 2019ko uztailaren 30ean Klimaren eta ingurumenaren larrialdi egoera izendatzeak, aldarrikapen maila horretan ere, zenbait udaletxetan (Getxo, Sopela, Berango) Jaurlaritzan dauden alderdi biek Klima Larrialdiaren Aldeko Aliantzak aurkeztutako mozioen kontra egin baitute. Beraz, argi dago kalifikazioa aldatu nahi badugu herritarron ahotsa ozen entzunarazi beharko diegula. Horregatik da horren garrantzitsua irailaren 27rako deituta dagoen greba eta mobilizazioen eguna babestea eta modu aktiboan parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.