Boluntariotza ospatu, baloratu eta bultzatzeko eguna da bihar

2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Bere inguruan begiratzen duenean, besteak beste, inguruko injustizia edo sufrimendu errealitateak ikusten dituen gizarte baten adierazpen publikoa da boluntarioa. Errealitate horiek arintzeko, gutxitzeko edo horiei aurre egiteko mobilizatzen den komunitatea da. Premiak dituzten pertsonei laguntzeko, eta haien bizitza hobetzeko antolatzen den indar humanitarioa da.

Lehenengo esaldi horietan badira Boluntarioen Nazioarteko Egun honetan gogoratu behar ditugun elementu garrantzitsu batzuk, hots, gizarte batean duten gizarte-balioa nabarmentzen dutenak. Zalantzarik gabe, gizarte hori gizatiarragoa da konpromiso hori bultzatu, partaidetza sustatu eta elkartasun hori zabaltzen duen heinean.

Hona gaur egungo eta etorkizuneko boluntariotza osatzen duten alderdi batzuk: boluntariotza bideratzen duten balioak, garatzen duen jarduera, bere ingurumarian eraikitzen duen komunitate zentzua, eta bila dabilen etorkizun eraldatzailea.

Lehenik eta behin, boluntariotza motibazio desberdinetatik jaio daitekeen apustu pertsonala da. «Denbora dut», «bakarrik sentitzen naiz» edo «nire fedeak motibatzen du» adibideetatik hasi, eta inguruko errealitateetan parte hartzeko betebehar moraleraino. Dena dela ere, justizia, giza eskubideak, zaintza eta errukia bezalako balio nagusiekin lotuta jaio zen. Halere, konfiantza eta itxaropena bezalako emozioak ere ezinbestekoak dira.

Konpromiso pertsonal hori norberarengandik irteten den bidaia da. Mundua hobetzen laguntzeko nork bere indarretan konfiantza izatea, beste pertsona batzuekin lankidetzan aritzeko prest egotea, baita batzuetan, ezezagunak eta oso desberdinak izanda ere; guztia, gizarte bidezkoago bat eraikitzerantz.

Bigarrenik, boluntariotza konpromisoa da, loturak egiten diren pertsonak zaintzeko zein beraien autonomia eta/edo ahalduntzea sustatzeko. Boluntariotza, funtsean, beste pertsona batzuekiko harremana da. Entzutea eta laguntzea da. Hurbiltzen ari den aurpegia da. Bategite eta elkarrizketa horrek, azkenean, boluntarioa bera eraldatu egiten du, lagun dituen pertsonen eta euren xedeen lagun nekaezina bihurtuz.

Boluntariotza ez da inoiz neutrala. Pertsonekin eta haien eskubideekin jarrera hartu behar du beti. Boluntarioak badaki bere ekarpenak ez dituela ordezkatzen Estatuak giza eskubideekiko dituen betebeharrak. Bere egitekoa laguntza da, ahalduntzea, eta, batzuetan, salaketa soziala.

Hirugarrenik, boluntariotza, hobetzeko konpromisoa da, txikia izanda ere. Pazientzia handiko hazi eraldatzailea da, baina jarrera sozial kritiko zein positiboa duena. Bere jokabidea, berez, aldarrikapena da. Gauzak egin daitezke. Gauza gehiago egin daitezke jendearen bizitza hobetzeko. Gauza gehiago egin daitezke jendearen bizitza jendearekin batera hobetzeko.

Boluntarioen azken helburua tokirik eta ahotsik ez dutenak ezagutzea da, beren kabuz izan dezaten. Boluntario lana ez da soilik gizarte-aringarri bat. Indar izugarria du gizarte arriskuen prebentzioan, bakardadeari, etsipenari, bizi-ziurgabetasunari edo beldurrari aurre egiteko orduan.

Azkenik, boluntariotza, komunitate antolatu bat da, indartsua beste pertsona batzuekin batera; pertsonalismoak ekiditen ditu, eta indibidualismoarekin zerikusirik ez du. Gizartean eta elkartasunean parte hartzeko ekimena da, eta kontsolamendu, samurtasun, zentzu, itxaropen eta parte-hartze premien aurrean laguntzen du.

Azken batean, boluntariotza gure erosotasun eremutik ateratzen gaituen lasaigarri ez den jarrera hori da. Jokoan dagoena ez da bakarrik besteen zaintza, baita norberaren zaintza ere nola ulertzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.