Uxue Razkin.
FREKUENTZIAREN GERIZPEAN

Irrati-txertoa sineskeriari

2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Xabier Lasak 25 urtez irrati kritikak ondu ditu espazio honetan, eta orain niri dagokit sail honi doinua jartzea. Bene-benetan diotsuet, ahotsa berotzen ari naiz oraindik; tentuz idazten, irrati uhinetan lanean ari zareten esatarien eta kazetarion lana begirunez entzuten, esandako guztia xehe-xehe aztertuz. Miresmen handiko isiltasuna nabaritzen dut Lasaren jardunaren inguruan, eta hori ez nuke hautsi nahi; bada, era berean, nire eztarritik arituko naiz hemendik aurrera.

Pentsamendu kritikoari buruz mintzatu zitzaidan aurrekoan lagun bat. Gizarte kritikoago bat bilatzea garrantzitsua zela zioen, jakina, medio ezberdinen bidez hura lortzen saiatzen direnen jarduna nabarmentzea. Baieztapen hori nire egin, eta KKinZona irratiko (Urretxu, Gipuzkoa) Pentsatu, ez sinistu saioa otu zitzaidan berehalakoan, zientziari eskaini dioten espazio ñimiñoa, hain zuzen. Garai ezin hobean sortu dute: COVID-19a asmakizun bat dela eta gu kontrolatzeko eta menderatzeko xede duen plan baten target-a garela sinisten dutenen aurrean, zientzia, xiringaren orratzabalitz bezala, zainetatik sartu digute.

Bi atal ditu, oraingoz, ordu erdikoak biak, nahiko arantzatsuak: bata, metodo zientifikoa hizpide, iritzi guztiei egiaztagarritasuna aplikatzeko beharra nabarmentzen duena, eta bestea, txertoen eta horien aurkako jarrerek erabiltzen dituzten mitoen kontakizuna. Oro har, tonu pedagogikoa du irratsaioak, eta bertan azalpen zientifikoa eta zientziaren kontrako diskurtsoak txandakatzen ditu esatariak. Nanotxipak. Bill Gates. Maskara hiltzaileak. Miguel Bose. Plandemia. Alegia, sineskeria, batetik. Eta hori desmuntatzen duen zientziaren hitza, bestetik.

Abiapuntu interesgarria dauka Pentsatu, ez sinistu saioak. Ideia ausarta da, eta helburua betetzen duelakoan nago: azalpenak laburrak dira, oinarrizkoak, errazak, ondoren entzuleek izan ditzakeen pentsamendu eta ideia ugariren hazi. Ezer ikusten ez dutenen aurrean, apika, aukerarik onenari heldu diote, metodo zientifikoa uhinetatik zabaltzea, alegia. Begietatik ez bada, sar dadila belarrietatik. «Ez irentsi amua», diote irratsaio horretatik. Arrazoia dute: oporrak amaitu dira, baina negazionistek gure artean jarraitzen dute oraindik. Ez izan haiek bezalakoak. Ez izan negazionista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.