Argazkilaritza

Kaleak isiltasunean fotografiatu zituzten

Beren lana ezkutuan gorde zuten hainbat emakume argazkilariren ondarea aurkitu dute azkenaldian. Horien artean daude Vivian Maier, Maxa Ivaxintxova eta Milagros Caturla. Beren obra gutxietsiz hil ziren.

Ane Eslava.
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Vivian Maier, Maxa Ivaxintxova eta Milagros Caturla; historiak ezabatutako hiru emakume. Estatu Batuetan, Sobietar Batasunean eta Katalunian jaio ziren, 1920 eta 1940 artean, eta inguratzen zituen guztia beren argazki kamerekin jasotzen igaro zuten bizitza hirurek. Baina, garai hartako testuinguruak, emakume izateak eta arazo ekonomikoek beren lana ezkutuan gordetzera bultzatu zituzten. Munduari beren talentua erakutsi gabe hil ziren hirurak, 2000ko hamarkadan. Gerora, ezustean, haien argazkiak aurkitu dituzte, eta horien balioa aintzat hartu dute: kalitate itzeleko milaka eta milaka argazki ateratzeagatik kaleko argazkigintzaren ikur bihurtzen ari dira.

Hiruretatik argitara atera zen lehenengoa eta ezagunena Vivian Maier da. 1926an jaiotako frantziar eta hungariar jatorriko estatubatuarrak haurtzain lana egin zuen bere bizitzaren zati handi batean, Chicagoko familia baten etxean. Haurrak zaintzen zituen bitartean, hiriko kaleetako eguneroko egoerak harrapatzen zituen bere kamerarekin, inori atentzioa eman gabe. Milaka argazki egin zituen, eta kolore horiko artxibategietan gorde zituen, armairuen barruan, Super 8 formatuan grabatutako filmekin batera. Berarentzako gela bat izatea exijitu zien nagusiei, eta argazkiak eta bideoak errebelatzeko gela ilun bihurtu zuen. Orduko gizarte newyorktarraren xehetasunak berezitasun eta dotorezia osoz harrapatzen zituen: egunkarien kiosko zaharren anabasa, aurpegi zikin baten gaineko malkoak, zinema leihatila zaharrak, espaloietan etzanda zeuden gizon mozkorrak... Hiriaren hondatzeak eta pobreziak erakartzen zuten bereziki Maier; eta, horrez gain, autorretratu asko egin zituen. Hasieran, Kodak Brownie kutxa kamera batekin, fokuratzearen kontrolik eta irekiduraren dialik gabekoarekin; ondoren, Rolleinflex bat eskuratu zuen, kontrol handiagoa onartzen zuena.

Maierren negatiboak armairuetan ezkutatuta egon ziren 2007ra arte. Urte horretan, harenaltzariak enkantean jarri zituzten, eta orduan, John Maloof izeneko kazetari eta historialariak argazkilariaren obra aurkitu zuen. Bi urte geroago, Maloofek bideoak ikusi eta argazkiak errebelatu zituen, eta, topatu zuenarekin harrituta, ikertzeari ekin zion.

Maierrek zaintzen zituen haurren familiarekin harremanetan jartzea lortu zuen. Argazkilaria, ordea, hilik zegoen ordurako: 2009an zendu zen, bakarrik eta dirurik gabe. Harekin bizi zirenek aitortu zuten ez zutela ezagutzen haien etxean lan egiten zuen emakumearen gaitasuna. Azkenean, Maloofek Finding Vivian Maier izeneko dokumentalean bildu zuen haren historia.

Argazkigintzarako zuen dohaina salbu, Maierren bizitzari buruzko ezer gutxi ezagutzen da. Zaintzen zituen umeek diotenez, oso izaera hotza zuen. Itxura berezia zuela ere esaten dute: garai hartan gizonezkoek erabiltzen zituzten gabardina eta alkandora zabalak eta txapela handiak janzten zituen.

Maierrek 120.000 negatiboko obra utzi zuen, zeukaten balioaren jakitun izan gabe. Egun, kaleko argazkigintzaren maisulantzat jotzen dute adituek haren lana, XX. mendearen erdialdeko New Yorkeko eta Chicagoko gizartearen irudi zehatza jasotzea lortu baitzuen. Hark utzitako ondarea munduko museo askotan dago ikusgai.

Norbere burua gutxiestea

Haurtzain estatubatuarraren kasua oso famatua bihurtu den arren, ez da ezkutuan geratu den argazkilari bikain bakarra: Maxa Ivaxintxovaren lanaren inguruko ezjakintasuna antzekoa da. Leningraden —egungo San Petersburgon— jaio zen, 1942an, eta, 18 urte bete zituenetik, inguruko guztiari argazkiak egiten aritu zen. Milaka egin zituen, zuri-beltzean. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren azken hamarkadetako eguneroko bizitza islatzen dute lanok. Leningradeko arte mugimenduetako kide izan zen, batik bat poesiaren eta argazkigintzaren alorretan, eta hainbat artista izan zuen bikotekide: Boris Smelov argazkilaria, Viktor Krivulin poeta eta Melvar Melkumyan hizkuntzalaria. Artista horien obrek aintzatespena lortu zuten; Ivaxintxovaren argazkiek, ordea, ez. Bere lana inguruan zituen gizonena baino eskasagoa zela uste zuen berak; horregatik, ezkutuan gorde zuen bizitza osoan. Hil arte. Argazkilari sobietarraren bizitzak amaiera tristea izan zuen: depresio gogor baten ondorioz, hainbat ospitale psikiatrikotan egon zen, eta 58 urterekin zendu zen, minbiziarekin. Hamazazpi urte geroago, haren alaba Aysak aurkitu zuen hark utzitako lana, etxeko atikoan: 30.000 negatibo, errebelatu gabeko filmak, egunerokoak... Alabak adierazi zuenez, amaren zaletasuna ezagutzen zuen, baina ez zekien zein zen pasio horren tamaina.

Maierren kasuan bezala, Ivaxintxovaren lanaren kalitate teknikoa eta estetikoa apartekoa da: konposizio joko bereziak egiten zituen, eta gaitasun handia zuen hiriaren eszenak erakusteko. Zenbait museok interesa agertu du lanongatik, baina, oraingoz, haren alabak sortutako mashaivashintsova.com webgunean besterik ez daude ikusgai.

Kataluniako Vivian Maier

Bere historia ezezagunagoa bada ere, Katalunian ere egon zen Vivian Maier bat: Milagros Caturla. 2001ean, Tom Sponheim estatubatuarrak Bartzelona bisitatu zuen, eta, jakin gabe, Els Encantseko merkatuan altxor bat eskuratu zuen, hiru euroren truke: 1960eko hamarkadan egindako argazkien negatiboz betetako gutun azalak.

Sponheimek argazkiak errebelatu zituen, eta, horien kalitatearekin liluratuta, sare sozialetan jarri zituen, egilea bilatzeko asmoz. Irudiak ikusitakoan, argazkigintza zale eta ikerlari askok artistaren bilaketari ekin zioten. Gizon bat izango zela pentsatu zuten gehienek. Begoña Fernandez ikerlariak aurkitu zuen, iaz, irudien egilea: Milagros Caturla bartzelonarra.

Caturla 1920an jaio zen, irakasle izateko ikasketak egin zituen, eta Bartzelonako Diputazio Probintzialean lan egin zuen. Baina, bitartean, bere irudimena askatzeko, Leica M2 bat eskuan hartu eta Bartzelonako egunerokotasuna islatzen zuten kalitate handiko argazki asko egin zituen. Hark ere, isilean gorde zituen.

2008an hil zen, alzheimerrak jota. Haren senideek esandakoaren arabera, Caturlak bere pasioari bide emateko gela bat zuen; Maierrek bezala. Baina, Ivaxintxovarekin gertatu zen bezala, senideek pentsatu zuten baliorik gabeko zaletasun bat baino ez zuela. Hiru emakume horien lana, eta beste askorena, itzaletik ateratzen ari da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.