Julian Alaphilippe

Bihozkadei jarraikiz

Bigarrenez irabazi du Alaphilippek Munduko Txapelketa, bere-berea duen estilo ausart eta erasokorrarekin, eta talde aginduak erdizka beteta. Ortzadar elastikoa arrakastaz defendatu duen zazpigarren gizonezko txirrindularia da.

JULIEN WARNAND / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 28a
00:00
Entzun
Erasoa ez da erosoa txirrindulari askorentzat. Izan ere, jotzeak jota gelditzeko arriskua dakar berekin. Norbere suan erre daiteke txinparta pizten duena. Seguruagoa da gurpilean iraun eta azkenera arte itxarotea. Utikan bulkadak. Batzuetan, ordea, jaramon egin behar zaio bihotzaren deiari. Kalkuluak eta beldurrak alde batera utzi, eta barreneko sentipenen arabera jokatu. Gauza ederra baita arriskatuz irabaztea; eta zer esanik ez lortzen den saria ortzadar elastikoa bada, Julian Alaphilipperen (Saint-Amand-Montrond, Frantzia, 1992) kasuan bezala. Frantziarrak garaipen epikoa lortu zuen herenegun Flandriako Munduko Txapelketan, luzaroan oroitzen den horietakoa.

Zertarako begiratu atzera: Alaphilippe hautagai moduan lehiatu zen, iaz irabazi izan ez balu bezala, eta uko egin zion aurkarien zain gelditzeari. Erasoka, bihotzaldien bidez irabazi zuen berriro urrezko domina. Harentzat, ez dago ziklismoa bizitzeko beste modurik. Hala aldarrikatu zuen herenegun: «Oso garrantzitsua da niretzat eraso egiteko plazerari eustea: txirrindularitza oso kirol gogorra da, eta ez dut robot bihurtu nahi». Garaipenek ez dute apaldu frantziarraren grina. Kontrara, are erasokorrago dabil iaz Imolan (Italia) irabazi zuenetik. «Bizitasunez lehiatzen naiz, batzuetan edo askotan galdu arren. Dena ematen dut irabazteko, eta hori are politagoa da soinean ortzadar maillota duzunean».

Balioaz landa, zama ere apartekoa du elastiko horrek. Urtebetez, munduko txapeldun bati dagozkion emaitzak lortu behar dira. Askori gainezka egin izan die presioak, eta inoiz baino gehiago kosta izan zaie besoak altxatzea. Ostadarraren madarikazioaz hitz egin izan da. Alaphilipperi ez dio askorik eragin, Tourreko etapa bat eta Fleche Wallonne irabazi baititu, besteak beste. Halere, sasoi zaila izan dela aitortu du frantziarrak. «Energia asko erabiltzen dut lasterketetan, mugimenduak izatea gustatzen baitzait, baina, maillot hau duzunean, mundu guztia dago zuri begira. Eta ez bazabiltza horren ongi, suntsitu egiten zaituzte, lasterketa guztiak irabazi behar dituzulako». Hala, kontraesanez betetako sentipenekin heldu zion iazko garaipena berritzeko erronkari. «Urtea behingoz bukatzeko gogoa nuen, helburu berriei begira jarri ahal izateko. Baina, era berean, nire estatusa onartu eta ongi aritzeko ideia nuen gaur [herenegun]».

Hortaz, gogotsu eta galtzeko beldurrik gabe lehiatu zen. Erraien mintzoari jarraitzeko inoiz baino askeago. Lasterketaren gidoiak ere bide eman zion haren bertsiorik oldarkorrenari, selekzio nagusiak oso urrutitik hasi baitziren zuhaitza astintzen. Faboritoen artean, Remco Evenepoelek egin zituen lehen ahaleginak, baina antzuak izan ziren Alaphilipperen erasoen aldean. Aurrenekoarekin, xeha-xeha eginda utzi zuen tropela, eta harrapatu egin zuen Evenepoelen multzoa. Soilik onenak gelditu ziren lasterketa buruan. Alex Aranburu ez zegoen haien artean; erori, eta erretiratu egin zen.

60 kilometro falta zirenean oldartu zen txapelduna, eta ekinaldiari hamar kilometro geroago eman zion jarraipena. Wout van Aerten zalantzak bistaratu zituen bigarren eraso horrekin. Geroago, duda-mudak sortu zitzaizkion Alaphilipperi berari, eta hartu beharreko estrategiaz galdetu zion Thomas Voeckler hautatzaileari. «Zera jakin nahi zuen, Senechali esprinta prestatu behar zion ala ez. Ezetz esan nion nik, eta senari jarrai ziezaiola agindu», azaldu zuen gero Voecklerrek. Obeditu egin zion Alaphilippek. Ez erabat, ordea. «Eraso erabakigarria horren goiz jotzea ez zegoen planaren barruan. Nik esandakoaren kontrakoa egin zuen; beldurtu egin ninduen». Leuveneko zirkuituko azken itzuliaren aurretik abiatzeko esan zion senak Alaphilipperi. Suziria bezala atera zen muino bakoitzean, bizikleta gainean dantzari, 17 kilometroren faltan bakarrik geratu zen arte.

Garaipena lasai ospatzeko betarekin iritsi zen helmugara. Erakustaldi handi baten lekuko izan ziren errepide bazterrean saldoka bildutako zale flandriarrak. Batzuek «oso politak ez diren hitzak» esan omen zizkioten, eta horrek«are indar handiagoa» eman zion azken txanpan. Heroitzat daukate, aldiz, bere herrialdean, Munduko Txapelketa bi aldiz jarraian irabazi duen lehen frantziarra baita. Balentria hori beste sei ziklistak baino ez dute lortu gizonezkoen txirrindularitzaren historian: Ronssek, Van Steenbergenek, Van Looyk, Bugnok, Bettinik eta Saganek hiru garaipen lortu zituen erreskadan, 2015 eta 2017 artean.

Alaphilippek lehendik ere bereganatua zuen mundu zabaleko zaleen miresmena, Frantziako Tourrean egindako erakustaldiengatik batez ere. Hartan sei etapa zakuratu ditu orain arte, eta 2019an, gutxigatik ez zuen irabazi maillot horia. Fleche Wallonnen hiru bider nagusitu da, behin Milan-San Remon, eta Euskal Herrian ere egin du distira; 2018ko Donostiako Klasikoa eta Itzuliko hiru etapatan lortutako garaipenak dira horren adibide.

Badoa Van der Breggen

Alaphilipperen arrakasta zerrendaren batere inbidiarik gabe hartu du erretiroa Anna van der Breggenek (Zwolle, Herbehereak, 1990). Herbeheretarra asegaitza izan da profesional gisa egin dituen hamar urteetan. Lagin adierazgarria dira Italiako Giroan eta Fleche Wallonnen lortutako emaitzak: lau bider irabazi du bata, eta zazpi aldiz bestea, jarraian. Ez du aurkaririk eduki Huyko horman. Bestalde, bi aldiz izan da munduko txapeldun iraupen proban, 2018an eta iaz. Hirugarrenez nagusituta esan zezakeen agur. Haatik, ez zegoen sasoiko, eta Marianne Vosentzat lan egitea erabaki zuen. Herrikideari eman nahi zion lekukoa, laugarrenez bihurtu zedin txapeldun, baina urrezko dominak Elisa Balsamo italiarraren kolkoan bukatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.