Koldo Izagirre

Tifosi dohakabearen ahoa

2021eko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Balkoi bakarra karrika nagusian. Baina hori ez al da...Harena da, bai. Berea balkoi bakarra hutsik karrika nagusi luzean litekezin bat gertatu behar izan zaio.

Futbolak munduan eman dituen heroi zangarrenetarik, gure Martxel. Nafarroako klub bat larri —izena aipatzeak negargarrizko laidoan utziko luke—, hirugarren mailan beti gainez gain ibilita hanka biak erregionaleko armiarmailan sartzeko arriskuan. Eta gure herrixka harroxko honetako taldea berriz hirugarrenerantzairos uros ostikoz. Jotalari gogorrak genituen orduan, Martxel bera probintziakoselekzioan zebilen —zer axola Bizkaia ala Gipuzkoa?—, eta halakoen aurka egokitu nafarlarriei promozioko lehia. Hemengolokatzetan bana berdindurik —Martxelek ezin izan zuen jokatu, tripako mina egin omen zitzaion dopagelan—, haienean jokatu behar hil ala bizikoa.

Burua bi behorreko Citroen baten kapotaren azpian zeukala etorri zitzaion enkargatua. Igotzeko ofizinetara, dei bat zeukala. Egia esan, espero zuen. Eskuak kotoiarekin garbituz egin zuen eskaileretan gora, irria ezpainean. Hitzordu bat erdibidean. Hiru ordu laurdeneko berantarekin zafratu zituen gure Martxelek, eta kezka hauxe izena aipatzeak negargarrezko laidoan utziko lukeen klubeko direktipoek: gure herrixka zakarrak ba ote zeukan zelaian egin beharko lituzkeen berrikuntzak, entrenamenduetako orduak, bidaiak eta mutilek eskatuko lituzketen estrak ordaintzeko lain. Alegia, klubari interesatzen ote zitzaion, egiazki, hirugarren mailara itotzea.

— Ez dut uste buruko minez jarriko naizenik.

Martxelen jarrera irmoa ikusirik, mila pezeta ardostu zituzten klubarentzat —hirurogeiko hamarraldiaz ari gara— eta afaria jotalari guztientzat, direktibakoentzat gehi bi autobus bete piztifosientzat.

— Azken minuturaino eduki genituen sufritzen.

Azken minutuaren bigarren erdian, nafarrek behar zuten gola sartu zuen buruz gure Martxelek, atezainarekin oker urletu bati milesker. Laurogeita bederatzi minutuz eta berrogeita bost segundoz halako sufrikarioan bizi behar izan zuten ikusleak zelaira amildu ziren probintziako uztarkariak apur bat ubeltzeko, baina beraien jotalariek, fair play dotorez, arretxiko eraman zuten zorioneko Martxel golegilea zelaiaren itzuli perimetralean barna —estilo handiko kluba izan da beti hura—, zezenari lau azkazalak moztutako toreroa iduri,tronpeta joz. Tronpeta joz eta zaletuak oro atzetik zituztela bibaka.

Futbolaritzaren une historiko bat, eta ez edozelakoa.

Baina balkoi bakarra karrika nagusian.

Hori ez al da... Martxelena, bai.

Beste oker urleturen bat gertatu zaio ausaz.

Martxel, zu ez zinen etorriko finalera? Ez zinen gurekin zoratuko? Ez genuen ziztu berean adurtuko Espainiako erregea? Ez genuen buila berean triskatuko Espainiako himnoa? Abandonatu egin behar ote gaitu gure herritar ikonikoak?

— Lehen, zauria egiten zigun baloiak kopetan.

— Eta horregatik ez duzu ipini banderolarik balkoian?

— Ez, baina...

Ez da gozamena zuretzat bi euskal talde nagusiak maitalehian ikustea? Euria egin zuen Sevillan! Eta nola! Omenaldi bat izan zen, omenaldi bat gure espiritu aitornomikoari!Histeriako finalik sinestesikoena bientzat! Hogeita hamar urte luze xanpaina Kopatik edan ahal izan gabe!

— Lehen, baloia lokatzari kentzen aritzen ginen.

— Eta horregatik ez duzu ipini banderolarik balkoian, baloiari lokatza kentzen aritzen zinetelako?

— Ez, baina...

Denok genekien geure elkarbizitzako partida zela, huts egin ezin genuen dantzarik erotikoena. Inon ez da horrelakorik gertatu, eta nork daki berriz gertatuko den. Urteak pasatuko dira eta euskaldunok inoiz nahastuko ez dugun istorioa izanen da!

— Badira hogeita hamar bat urte ez naizela futbol partidak ikustera joaten.

— Eta horregatik ez duzu ipini banderolarik balkoian?

— Ez, baina...

Nolatan ez zenuen ipini, Martxel? Zer axola Araba ala Lapurdi, euskaldun guztion afrustrazio pandemikoa uxatzeko parada zen hura! Eredu bat biharamunduari!

— Lehen, lokatzetan bizi ginen...

Tifosia Martxeli beha, mindurik, ondoezik, gure herrixka txiroa ez ote den galtzen hasi bere heroi mitologikoa ere.

— Eta baloiari lokatza ezin kendurik hiltzen.

— Lokatzetan bizi ginen, baina margaritak loratzen ziren korner inguruetan.

Adiorik gabe egin du karrika nagusian gora gure herrixka harroxkoaren Martxel Handiak arrandegira, tifosi dohakabea ahoa bete lahar utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.