Alejandro Valverde

Zorra kitatu du azkenean

Alejandro Valverde espainiarrak luzaroan bilatutako saria erdietsi du Innsbrucken, 38 urterekin munduko txapeldun bihurtuta.

enaut agirrebengoa
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Bere ibilbide paregabeari Munduko Txapelketako urrezko domina zor zion Alejandro Valverdek. Sei aldiz zen podiumera igoa, baina behin ere ez koskarik gorenera. Innsbrucken (Austria) abagunea bikaina zuen falta zitzaion titulua lortzeko; eta, menturaz, hondarreko aukera ere bazen 38 urteko ziklistarentzat. Bada, ituan jo zuen azken balarekin, urteen poderioz findutako errematatzaile sena erakutsita. Ez zuen xahutu indar gramo bakar bat ere, eta esprinta 300 metrora abiatuta menperatu zituen Romain Bardet, Michael Woods eta Tom Dumoulin. Ortzadar maillota irabazita, pisu izugarria kendu du gainetik. Askatuta agertu zen helmugan: «Lasai erretira naiteke garaipen honekin».

Herenegungo garaipenari esker, ziklismoaren olinpoan sartu da. Apika, lehendik ere bazegoen bertan, baina, orain, ez dago zalantzarik jada. Munduko Txapelketan domina gehien lortu duen txirrindularia da, zazpirekin. Horietatik, lau brontzezkoak dira, bi zilarrezkoak eta bakarra urrezkoa. Lehen domina 2003an lortu zuen, Kanadan, eta azkena, hamabost urte geroago. Gutxirengatik ez da bihurtu inoizko txapeldunik zaharrena: 38 urte eta bost hilabeterekin irabazi du, eta 1985ean, Joop Zoetemelk 38 urte eta 11 hilabeterekin nagusi zen.

Edonola ere, arrasto sakonena Ardenetako klasikoetan ari da uzten. Bertako aldapa piko eta bortitzetan beste inon ez bezala moldatzen da: guztira hamazazpi aldiz igo da podiumera hiru proben artean. Fleche Wallonne bost bider irabazi du, eta Lieja-Bastogne-Lieja, lau aldiz. Erritmo aldaketa bortitzak egiteko duen gaitasuna da sekretua. Horrek aukera ematen dio aurkariak aldapan gora atzean uzteko eta esprint biziak egiteko. Hots, dohain oso aproposak ditu klasikoetarako, eta zukua atera die Ardenetan nahiz egun bakarreko beste proba batzuetan. Kasurako, bi bider irabazi du Donostiako Klasikoa.

Dopinaren orbana

Haatik, Lombardiako Giroa, Milano-San Remo edo Flandriako Tourra ez ditu irabazi, hiru monumentu horietan nagusitzeko bertuterik falta ez zaion arren. Orduan, zergatik ez ditu irabazi? Bada, arreta itzuli handietan jarri duelako, igotzaile aparta izaki. Onenekin lehiatu da beti, baina sailkapen nagusian behin besterik ez da gailendu: 2009ko Espainiako Vueltan. Bestalde, behin zapaldu du podiuma Frantziako Tourrean eta Italiako Giroan bi kasuetan, hirugarren legez. Distira gehiago egin du ehiztari gisa, hamasei etapa garaipen lortu baititu hiru itzuli handien artean. Horretaz gainera, astebeteko hainbat itzuli irabazi ditu; tartean, iazko Euskal Herriko Itzulia.

Orban ilun bat dauka haren ibilbideak, 2010ean bi urterako zigorra jaso baitzuen Puerto auzian nahastuta egoteagatik. Zigorralditik are indartsuago itzuli zen. Iaz belauna txikitu zuen Tourrean, baina kolpe horretatik ere altxatu da. Ardo onak bezala, hobera egin du urteekin, 122 garaipenen kopurura iristeraino. 2020ko Tokioko Olinpiar Jokoen ostean hartuko du erretreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.