Tommie Smith eta John Carlos

Arrazakeriaren aurkako ukabilak

Mende erdi da gaur Tommie Smithek eta John Carlosek arrazakeriaren aurka ukabila altxatu zutela 1968ko Mexikoko Olinpiar Jokoetan. Borroka horren ikur da egun keinua.
BERRIA

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko urriak 16
Olinpiar Joko guztiek utzi ohi dute arrastoa, baina gutxik 1968an Mexikon jokatutakoek bezain luzea. Ezusteko markak, eraldaketa teknologikoak... Baina, batez ere, indarra hartzen ari zen black power-aren (botere beltza) erakusleiho izan ziren, eta horren ikur, Tommie Smith (Clarksville, AEB, 1944) eta John Carlos (New York, AEB, 1945) atletak. Haien irudia arrazakeriaren aurkako borrokaren sinboloetako bat da, baita kirolarena ere: podiumeko lehen eta hirugarren koskan, ukabil bana gora, eta larruzko eskularru beltz batekin. Aldarrikapen harekin, batzuen miresmena jaso zuten. Baina baita beste askoren arbuioa eta ezin ikusia ere; batez ere, beren sorterrian. Han amaitu zen haien atleta ibilbidea. Denborak pasatu behar izan du haien keinuak eta hura egiteko izan zuten ausardiak aitortza izateko. Gaur bete da mende erdi egin zutenetik. Carlosek argi du: «Han amaitu zen nire kirol ibilbidea, baina mundu hobeago bat lortu genuen».

Smithek eta Carlosek haurtzaro gogorra izan zuten, eta arrazakeria pairatu ere egin zuten. Hauxe da Smithek kontatutako pasadizoetako bat: «Ustez baztertzailea ez zen eskola batera eraman ninduten. Arraza zuriko umeak ikusi nituen lehen aldia zen. Horietako batek, izozki bat jaten ari nintzela, kendu, eta lurrera bota zuen. Esan zidan beltzek ezin genituela izozkiak jan».

Atletismoari esker, aurrera egitea lortu zuten, eta unibertsitatera ailegatu. Han ezagutu zuten elkar, azken urtean. Carlos oso engaiatua zegoen arrazakeriaren aurkako borrokan, eta unibertsitateko atletismo taldeko gainerako kide afro-amerikarrak konbentzitu zituen Harry Edwards soziologoaren hitzaldi bat entzutera joateko. Ewardsek Giza Eskubideen Aldeko Olinpiar Proiektua elkartea sortu zuen, 1967an.

Hurrengo urtean, Olinpiar Jokoak jokatu ziren Mexiko Hirian. 1968ko iraultzaren urtea zen, gizarte borrokarena. Olinpiar Jokoetan egoteko AEBetako sailkatzeko probak iritsi ziren. Aste gutxi zen Martin Luther King hil zutela, eta atleta afro-amerikarrek Olinpiar Jokoetara ez joateko aukera aztertu zuten. Amorrua zen nagusi haien artean, eta arrazakeriaren aurkako borroka puri-purian zegoen. Tartean ziren Smith eta Carlos.

Azkenean, joatea erabaki zuten. Protesta gisa, denek ilea moztu zuten, eta erabaki zuten podiumera igoz gero kontzientziak agintzen zien moduan jardungo zutela. Horren berri jakin zuenean, AEBetako Olinpiar Batzordeak eskutitz bat bidali zien, ondorengo hau esanez: «Herrialdeari behar bezala ohore egiten ez dieten kirolariak kanporatuak izango dira».

Smith eta Carlos ez zeuden hori onartzeko prest. Hala, Smithek bi eskularru beltz erosteko agindu zion emazteari, eta podiumean ateratzea pentsatu zuen, ukabilak gora. Ez zion ezer esan Carlosi. Nahiago zuen itxaron sailkapen probak nola zihoazen ikusi arte.

200 metroko finalera iristea lortu zuten biek, eta harako bidean Carlosek esan zion zerbait egin behar zutela borroka hura ikusgarri egiteko: «Boterean daudenei oker daudela erakutsi behar diegu». Smithek baiezkoa esan zion.

Urrezko domina hark irabazi zuen; munduko marka onduta, gainera: 19,83ko denbora egin zuen. Carlosi azken unean egin zion ihes zilarrezkoak. Peter Norman australiarrak hartu zion aurrea. Dominak jaso aurretik, aldagelan zeudela, Smithek eskularruen ideia azaldu zion Carlosi. «Nik eskuinekoa jarriko dut, eta zuk ezkerrekoa jar dezakezu. Tiro hotsen bat entzunez gero, atera korrika». Normanek entzun egin zituen. Aldarrikapenean parte hartu nahi zuen galdetu zioten, eta baietz esan zien. Hala, Giza Eskubideen Olinpiar Proiektua elkarteko itsasgarri bat eman zioten, eta hark paparrean jarri zuen.

Hirurak podiumera igo ziren, eta, AEBetako ereserkiaren lehen nota entzun zenean, Carlosek eta Smithek burua jaitsi, eta besoa eta ukabila altxatu zituzten. Presarik gabe egin zuten, baina egiten ari zirenaz ziur.

Herrikideen ezinikusia

Bi atletak berehala izan ziren kanporatuak, baita Olinpiar Jokoetatik ere. AEBetara itzuli zirenean, heriotza mehatxuak jasan zituzten, bai beraiek, bai beren senideek. Gainera, arazo ekonomikoak ere izan zituzten, inork ez zielako lanik eman nahi. Antzera gertatu zitzaion Normani Australian. Smithek urrezko domina eta lasterketan erabilitako zapatilak enkantean jarri behar izan zituen dirua lortzeko.

Azkenean, haien balentria aitortu zuten. Smithek atletismo entrenatzaile eta Soziologia irakasle gisa egin zuen lan; Carlosek, berriz, Puman. 1984ko Los Angelesko Olinpiar Jokoetako antolakuntzan egon zen. 74 eta 73 urte dituzte, hurrenez hurren. Norman 2006an hil zen, bihotzekoak jota. Carlosek eta Smithek hil kutxa eraman zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna