Novak Djokovic

Berriro gailurrean

Novak Djokovic ATPko sailkapeneko lehen postuan dago, azken aldiz hori lortu eta bi urtera. Ezinean aritu da denbora luzean, baina suspertu egin da azken urte erdi eskasean.

CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Muturreraino lehiakorra da Novak Djokovic (Belgrad, 1987). Irabaztea besterik ez du buruan. Horregatik, ziurrenik, amorratuta utziko zuen joan den igandean Bercyko pabiloia, Parisko Masterseko finalean Karen Khatxanov errusiarraren aurka galdu ondoren. Khatxanovek, serbiarrari titulua irabaztea eragozteaz gain, haren garaipen bolada ikusgarria eten zuen: 22 partida irabazi zituen jarraian. Djokovici, ordea, gutxi iraungo zion haserreak. Galdu arren, bazuen zer ospatua: egun eskas bat falta zitzaion ATP zerrendako lehena izateko. Bi urte ziren ez zela buruan. «Munduko lehena izango naiz berriro. Zer gehiago eska dezaket? Hogei partida baino gehiago irabazi ditut jarraian, eta bost hilabete ikusgarri egin ditut», esan zuen. Atzotik munduko lehena da.

Oso atzetik aurrera egin du serbiarrak sailkapenaren buruan izateko, oso atzetik, duela bost hilabete eskas 22. postuan baitzen. Zaila zen sinisten nola egon zitekeen horren atzean hamabi Grand Slam irabaziak zituen tenislari bat. Baina Djokovicek urte eta erdi zeraman nahi eta ezin. Eskumuturrean eta ukondoan izandako lesioek hamaika buruhauste eragin zizkioten. Gaizki fisikoki, eta gaizki psikologikoki. Aitortu zuenez, 2016an lehen aldiz Roland Garros irabazi eta Grand Slama osatuta —Wimbledonen,AEBetako Irekian, Australiako Irekian eta Roland Garrosen nagusitu zen jarraian— «galdu» egin zuen «pistan gozatzeko gogoa». «Errekor eta titulu gehiago lortzeko beharrak eragindako presioari» leporatu zion.

Ilusio falta horrek zenbaitetan zabu-zabuka ibiltzera eraman zuten Djokovic. Adibidez, hiru aldiz aldatu zuen entrenatzailea: Boris Becker Marian Vajdarekin ordezkatu zuen lehenbizi; Vajda, Andre Agassirekin gero; eta Agassi, Vajdarekin azkenik. Azken horrekin, bere garaipen handi gehienetan ondoan izan duenarekin suspertu da. Hark agindu zion, hain zuzen, Pepe Imaz trebatzailearekin harremana eten zezala, harekin lan egiten hasi zenean egin baitzuen behera Djokovicek. «Sarearen beste aldean aurkaria ikusten duzunean, hari nola aurre egin pentsatu behar duzu, ez non dagoen Buda». Auskalo horrek eragina izango zuen edo ez, baina egia da Imazekin lan egiteari utzitakoan egin duela gora Djokovic.

Belarrean loratu zen

Belarreko denboraldia hastearekin batera hasi zen loratzen serbiarra. Queensen (Erresuma Batua) eman zuen lehen abisua, urtebete geroago final bat jokatuta. Hala, konfiantzaz ekin zion Wimbledoni. Tennys Sandgren, Horacio Zeballos, Kyle Edmund, Khatxanov eta Kei Nishikori kanporatu ostean, Rafa Nadal izan zuen aurkari finalaren atarian, eta hura ere mendean hartu zuen, partida gogoangarri batean. Garaipen horrek horrenbeste hauspotu zuen Djokovic, ezen finalean txikitu egin zuela Kevin Anderson. Bi urte ziren ez zuela Grand Slam bat irabazi. Wimbledon laugarrenez irabazita, ATPko lehen hamarren artean sartu zen. Bueltan zen.

Ia lau hilabete joan dira ordutik, eta gora besterik ez du egin. 33 partida jokatu ditu, eta bi soilik galdu. Hirugarren AEBetako Irekiarekin eta Cincinnatiko (AEB) eta Pekingo mastersekin loditu du bere garaipen zerrenda. Hamalau torneo handi ditu jada, Pete Samprasek adina. Nadal —hamazazpi— eta Roger Federer —hogei— bakarrik ditu aurretik. Horretan azpitik da, baina badu harro egoteko estatistika bat: Nadalen eta Federerren aurka jokatutako partidetan gehiagotan irabazi du galdu baino. Horrek agerian uzten du zer-nolako jokalari puska den.

Abiada hartuta dago serbiarra. Igande honetan Londresen hasiko den Maisuen Kopa du begiz jota orain. Urtea biribiltzeko modurik onena litzateke. Lortu edo ez, tenisak irabazi egin du Djokovic berriro goian egonda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.