Gontzal Agote.
Oscar sariak. IRITZIA

Lehengo lepotik burua

2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Duela kasik 30 urte, 1990. urtean, Driving Miss Daisy filma izan zen orduko Oscarretako garaile nagusia: lau sari eraman zituen, horien artean film onenarena eta emakumezko aktore onenarena. Morgan Freeman, ordea, esku hutsik joan zen etxera, Daniel Day-Lewisek bere lehenengo Oscarra irabazi baitzuen.

Erretrobisoretik begiratze horrek bi gauzatarako balio du: alde batetik, Hollywoodek film klonikoak desberdin balira bezala ziklikoki birsortzeko —eta originalak balira bezala saritzeko— duen gaitasun harrigarria. Bestetik, salbuespenak salbuespen, kalitate mailan etengabeko maldan behera sartuta daudela aspalditik, bai Oscar sariak, bai haien inguruan dagoen zirku osoa.

Aspaldiko urte horietan, Unforgiven (1993), Out of Africa (1986), The Silence of the Lambs (1992), Platoon (1987), Schlinder's List (1994), Rain Man (1989) eta Amadeus (1985) ziren, besteak beste, pelikula onenaren sariak jasotzen zituztenak.

Kontrara, azken hamarkadan nabarmena da zenbateraino aldatu den panorama: The King's Speech, The Artist, Argo, 12 Years a Slave, Birdman, Spotlight, Moonlight, The Shape of Water, eta orain Green Book. Auskalo, baina begiratu batean ez du ematen hemendik 30 urtera berrikusteko moduko klasikoen zerrenda denik.

Antza denez, gainbeherak ez du etenik; aurten aspaldiko pelikula ustez onenen zerrendarik kaskarrena hautatu dute, nahiz eta halakorik egitea ez zuten marka erraza. Alferrik da hautagaien zerrenda bostetik zortzira handitzea, horien artean Bohemian Rhapsody, Black Panther, Vice, A Star is Born, Green Book edo BlacKkKlansman sartzen badira. Ez dirudi kasualitatea denik zortziko horretako bi onenak — The Favourite eta Roma—AEBetatik kanpoko ekoizpenak izatea.

Horiek horrela, aurtengo Oscar sariek inoiz baino argiago erakutsi dute zeinek jartzen dituen arauak, nor den epailea eta norena den baloia. Itxurazko aniztasun kultural baten mozorropean, Hollywoodek ozen adierazi dio munduari ez dagoela erregela aldaketarik onartzeko pronto.

Netflix eta gisako plataformentzako mezua gardena da: goxokia mutur aurrean jarri bai, baina hemen kontua ez da nork egiten duen pelikularik onena; hori ikuskizunaren apaingarria besterik ez da. Ohiko moduan, aferak dolarraren kolore berdea du, eta inor ez dago (oraingoz) aginte-makila partekatzeko prest.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.