'Allegro vivace'-k itxiko du Abao Txikiren denboraldia

Haurrak operara hurbiltzeko bidaia bat proposatzen du Comediants konpainiak. Hiru emanaldi izango dira asteburuan, Bilboko Arriagan

Erredakzioa
Bilbo
2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Operaren munduan barrena «bidaia zirraragarri bat» egitea. Horixe proposatzen du Comediants konpainia katalanaren Allegro vivace ikuskizunak. Joan Fontek sortua eta Gran Teatre del Liceuk ekoitzia da umeentzako ikuskizun liriko umoretsua, eta operaren munduaz eta inguratzen duenaz hitz egiten du. Abao Txikiren 17. denboraldia ixteko, hiru emanaldi egingo dituzte asteburuan, Bilboko Arriaga antzokian: larunbatean, 18:00etan, eta igandean, 12:00etan nahiz 18:00etan. Sarrerak salgai daude jada.

Haurrak operara hurbiltzeko, hainbat konpositoreren errepertorioetan arakatu du konpainiak, eta, hala, Monteverdi, Pucell, Mozart, Rossini, Donizetti, Berlioz, Verdi, Bizet eta Pucciniren obrak bildu ditu ikuskizunean, besteak beste. «Umeengan opera deskubritzearen zirrara» eragin nahi dute, eta, horretarako, opera ezagunen pasarteak emango dituzte, hala nola Rigoletto, La Traviata, Don Giovanni, Carmen eta Turandot-enak.

Bi protagonistak gidatzen dute istorioaren haria. Festa bat egiteko leku bila dabilen neska bat hutsik dagoen eraikin batera sartuko da, eta Vivace topatuko du han, operaren izpiritua gorpuzten duen pertsonaia berezia. Jon Koldo Vazquez eta Marta Rosell aktoreak sartuko dira protagonisten larruan. Alicia Ferrer sopranoak, Marta Rodrigo mezzosopranoak, Ricard Torino tenorrak eta Xavi Fernandez baritonoak jokatuko dituzte gainerako pertsonaien rolak. Olga Kobelina izango dute lagun pianoarekin, eta Esther Vila, berriz, biolontxeloarekin.

Denboraldi berria, urrian

Abao Txikik urrian ekingo dio 18. denboraldiari, eta lau ikuskizun taularatuko ditu 2023ko maiatzera bitarte. Historia de una semilla izango da lehena, eta Cuento de Navidad, Hansel & Gretel eta Itsasotik helduko dira ondotik.

Guztira, hamazazpi emanaldi izango dira, hiru eskolentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.