Iban Zaldua.
Literaturako Nobel saria. IRITZIA

Nobelagile britainiar bat

2017ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Idazlea

Badaudepozten zaituzten sari-emateen albisteak, are Nobela bezalako sarien kasuan, hots, berez mainatsuak, politikoak, edo mainatsuak eta politikoak izan ohi diren horien artean—horrek ezartzen duen zama eta aurreiritzi guztiekin—. Kazuo Ishigurorena eguna alaitzen dizuten horietakoa izan da, niretzat behintzat.

Ishiguro, izen eta abizen horiek izanda ere, oso idazle britainiarra da. Izan ere, agian horregatik beragatik, bere kide batzuk baino are da britainiarrago: soilik idazle oso britainiar batek idatz dezake The Remains of the Day (Egunaren hondarrak, 1989) bezalako lan hiperbritainiarra, hots, landa-etxalde handiko azpigeneroaren erakusle ilunabarreko samar hori, jende askok izenburu bereko filmagatik ezagutuko duena (James Ivory, 1993; Anthony Hopkins eta Emma Thompsonekin), eta, legendak dioenez, lau asteko itxialdi batean idatzi zuena, 32 urte zituela, Tom Waitsen abesti baten inspiraziopean —musikak, bide batez esanda, garrantzi handia izan du Ishiguroren bizitzan eta literaturan—.

1960 eta 1970eko hamarraldietako esperimentalismoa —neurri batean— albo batera utzi eta narratibitaterako gustu klasikoagorantz itzuli zen belaunaldi arrakastatsu horretako partaide dugu Ishiguro, Salman Rushdie, Ian McEwan, Martin Amis, Julian Barnes, Graham Swift, Jeanette Winterson edo Hanif Kureishi bezalakoekin batera —ezagunenetako batzuk aipatzearren—. Izan ere, ziurrenik lehen buruko talde horretako kiderik apal eta ezkutuenetakoa da Ishiguro, eta alde horretatik ere poztu nau albisteak: Nobel sariak izaten du, batzuetan, justizia poetikorako nahikunderik.

Ipuingintzan aritu bada ere —Nocturnes 2009ko liburuan, musika mota ezberdinek harilkatutako narrazioek osatua—, nobelagile sena da nagusi Ishigurorengan. Nik bi lan azpimarratuko nituzke, bere ekoizpenetik, aipaturiko Egunaren hondarrak horretaz gain: batetik, Never Let Me Go (Ez nazazu sekula joaten utzi, 2005), zientzia-fikzioa eta literatura serioa bateragarriak direla erakusten duen enegarren adibidea —belaunaldi horren ezaugarri bat dena, bestalde: haientzat, oro har, generoa ez da jada, aurrekoentzat bezala, azpiliteratura—, eta, bestetik, The Unconsoled (Kontsolaezinak, 1995), estilo-ariketa kafkatar petoa, tour de force latza, lehenago aipatu dudan esperimentalismoaren ustezko bazterrera uzte hura zalantzan jarriko lukeena —hau bezalako urgentziazko artikulu orokortzaileei ez zaie kasu handirik egin behar—. Euskarara lan bakar bat itzuli beharko balitz, eta komertzialtasunari begiratu behar balitzaio —halakorik existitzen bada euskarazko literatura itzuliaren alorrean—, Ez nazazu sekula joaten utzi aukeratuko nuke —horrek ere bere filma dauka, 2010ekoa—; goi-literaturaren izpiritu fantasmatikoaren deiadarrei kasu egingo beharko balitzaie, ordea, Kontsolaezinak.

(Zerbaitek gehiagok ere poztu nau sari honetan, maltzurki bada ere —gogoratuz, esaterako, zenbat herrialdek aldarrikatu zuten Elias Canettiren aspaldiko Nobel saria: Espainiak, Bulgariak, Turkiak, Britainia Handiak, Alemaniak eta Austriak, gutxienez, segun eta bere txikitako hizkuntzari, jaioterriari, pasaporteari, bizilekuari edo literatura-hizkuntzari erreparatzen zioten...—: idazlearen jatorriari begiratzen dionik egongo denez, baita Akademia Suediar txit gorenean bertan ere, Haruki Murakamiren aukerak murriztu direlako, poxi bat bada ere, saria eskuratzeko orduan. Urte batzuetarako, behintzat).

Edonola ere: congratulations, Mr. Ishiguro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.