Reala jokalari asko gabe ariko da gaur Valentzian

Jon Ander De la Hoz.
2021eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Sasoi amaierara begira jarrita dago Reala, eta, ordura artean, Europara sailkatzea beste xederik gabe dira txuri-urdinak. Espainiako Ligako bosgarren postuari eustea dute horretarako modurik eraginkorrena, eta lehen lortutakoa kareletik bota nahi gabe ariko dira gaur Valentzian (16:15, Movistar).

Ez dute arerio samurra izango. Sailkapenean ondo ala gaizki moldatu, Mestallan jokatzea ez da gustukoa izaten sekula. Ezta gaurkoan ere; Javi Gracia Realeko jokalari ohiaren taldeak zail jarriko dizkie gauzak.

Kirol arloan, aste makurra izan du Imanol Alguacilek. Donostiarren teknikariak zenbait jokalariren hutsunea izango du zelai erdian. Min hartuta daude Asier Illarramendi eta David Silva, eta Mikel Merino ere deialditik kanpo geratu da. Nafarrak arazoak ditu bizkarrean, eta ez da jokatzeko moduan izango. Gauza bera gertatu zaio Jon Guridiri, eta baita joan zen neurketan bosgarrentxartel horia ikusi zuten Igor Zubeldiari eta Martin Zubimendiri ere. Deialdia osatzeko, bigarren taldeko sei lagun deitu ditu Imanolek: Ayesa, Pacheco, Urko, Olasagasti, Lopez eta Turrientes.

Agerikoa da: taldea egokitu beharrean da Imanol. Teknikari oriotarrak esan du Europara sailkatzeko helburuari «erabat» lotuta daudela: «Hurrengo bederatzi neurketak oso garrantzitsuak dira klubarentzat». Haren esanetan, bide horretan behe mailetako jokalariekin aritu beharra ez da lasta txuri-urdinentzat: «Bigarren taldekoen beharra baldin badugu, gustura ariko gara haiekin, Xabik [Alonsok] egiten duen lanarekin erabateko konfiantza baitaukat».

Osasuna, Vila-realen

Realak kontrario gogorra izango du, baina Osasunak ere ez du samurragoa izango: Europarako lehian dagoen Vila-reali egingo dio bisita gaur (14:00, Movistar). Dena den, hari «beldurrik ez» diola esan du Jagoba Arrasate entrenatzaileak: «Errespetua badiegu. Talde handia da, bolada onean dagoena. Neurketa oso zaila da, baina aukera gisa hartuko dugu. Taldea ondo ari da etxetik kanpora, gainditzen zaila da, eta hori berritu nahi dugu». Halaber, gorritxoek «baloia azkar» mugitu beharra azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.