Utikan itzulinguruak

Alaves emankor dabil, joko eskasa egin arren. Seigarren dago bigarren itzuliko sailkapenean, zazpi lehiatan 11 puntu batuta. Hala, eskura dauka salbazioa. Gaur beste urrats bat egin nahi du, Valentziaren aurka.

Alaveseko jokalariak, Athletici azken orduan sartutako gola ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Distira gutxi, puntu asko. Hala laburtu daiteke Alavesen azkenaldiko jarduna. Arabarrak oso joko lakarra ari dira egiten, baina emaitzak zuribide paregabea dira. Hiru garaipen, bi berdinketa eta bi porroteko balantzearekin ekin diote bigarren itzuliari. Europako postuetan leudeke epe horretan, soilik Real Madril, Getafe, Bartzelona, Reala eta Sevillaren atzetik. Edonola ere, borroka horrek ez die axola. Mailari eusteak kezkatzen ditu, eta, helburu horri begira, aitzinamendu handia egin dute. Lan erdietan, bost puntura zituzten jaitsiera postuak; bada, orain, zazpi neurketaren ostean, bederatzi puntura zabaldu dute aldea.

Gasteiztarrek nekez sortzen dituzte jokaldi landuak eta gol aukera garbiak. Baina Mallorca ez gainontzeko aurkari guztien ateak zulatu dituzte bigarren itzulian. Ate aurrean oso eraginkor dabiltza, eta sormen arazoak jo handiarekin konpondu dituzte. Hor funtsezkoa ari da izaten Lucas Perezen eta Joseluren ekarpena: Alavesek zortzi gol sartu ditu azken zazpi lehietan, eta horietatik bost haiek lortu dituzte.

Bakarka, bikain dabiltza biak, baina ez hori bakarrik: oso ondo ulertzen dute elkar, eta haien arteko bat-bikoak zitalak dira aurkariaren area barruan. Modu horretan iritsi ziren Vila-reali eta Leganesi sartutako golak. Bigarren itzuliko gainontzeko golei erreparatuta, geldikako jokoak ere garrantzi handia izan du. Bi falta eta penalti bat baliatu ditu Alavesek hiru gol eta lau puntu lortzeko, Sevillaren eta Athleticen kontra. Kontraerasoak are funtsezkoagoak izan dira: bide hori baliatu zuen Eibar eta Levanteri hiru gol sartu eta bi norgehiagokak irabazteko.

Defentsako arazoak ere estalpean ari dira gelditzen. Bigarren itzulia abiatu zenetik, arabarrek behin baino ez dute beren atea hutsean utzi. Denera zazpi gol sartu dizkiete, bat partidako. Eta kopuru hori dezentez okerragoa zatekeen Pachecorengatik ez balitz. Atezainak geldiketa erabakigarriak egin ditu azken jardunaldietan; esate baterako, iragan larunbatean, Leganesen zelaian. Atepean haren bermea edukita, lasai dago Alaves. Baina hobe litzateke Pachecok lan gutxiago edukiko balu.

Horiek horrela, eraginkortasunari joko hobea eta sendotasun handiagoa gehitzen saiatuko da gaur Gasteizeko taldea, etxean Valentziaren aurka jokatuko duen norgehiagokan. Aleix Vidal zigortuta dago txartelengatik, eta Oliver Burke, gaixo; beraz, litekeena da Edgar eta Martin aritzea hegaleko lanetan. Borja Sainz eta Luis Rioja lirateke beste aukerak. Valentziaren etxetik kanpoko ahuldadea baliatu nahi dute arabarrek: Celadesen taldeak galdu egin ditu bisitari gisa jokaturiko azken lau partidak; guztira hamalau gol sartu dizkiote.

ALAVES-VALENTZIA
Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Laguardia, Ely, Duarte; Edgar, Manu Garcia, Fejsa, Martin; Joselu eta Lucas Perez.
Valentzia. Cillessen; Wass, Diakhaby, Paulista, Gaya; Kondogbia, Ferran Torres, Parejo, Carlos Soler, Guedes; eta Gameiro.
Epailea. Gil Manzano
Lekua. Mendizorrotza (19.940 ikusle)
Ordua. 21:00 (Movistar La Liga)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.