ETENAREN ATARIKOA

Urteko lehen egunarekin bete dira 80 urte 'Eguna' egunkariak argia ikusi zuela. Xabier Lizardi poetak eta beste hainbat kulturgilek urte batzuk lehenago amestutako euskal kazeta Eusko Jaurlaritzan nagusi zen EAJren eskutik etorri zen. Sortzaile ugarik idatzi, itzuli eta marraztu zuen han. 36ko gerra galdu osteko frankismoak eragin zuen etenaren lekuko zuzen izan ziren guzti-guztiak.

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Egunkari baten jaiotza ez zen albiste egunero; euskarazko bat inoiz jaio gabea zen 1937ko urtarrilaren 1era arte. Egun hartan heldu zen euskaldunen Eguna, baina, kulturgile ugarik aspaldidanik amestutako kazeta. Hango kolaboratzaileetako bat, Txomin Arruti Mendi Lauta, ameslari ezagunenetako bat zen. Berak plazaratu zuen euskarazko egunkari baten beharraren ideia Donostiako Argia aldizkarian, 1929an; berak ondu zuen amets hura Jose Mari Agirre Xabier Lizardi lagunarekin batera.

Lehenagotik zetorren asmoa, baina, Lourdes Otaegi EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariaren aburuz: «Eusko-Elazkona. 1926an sortu zenetik, Euskaltzaleak elkarteko kideek egitasmo hori darabilte esku artean. Lizardi elkarte horretako buru izendatu zutenean, 1928an, ona iruditzen zitzaion ideia, baina badirudi lehentasunezko iritzi ziola ikastolak sortzeari. Horretan bideratu zuen indar gehien lehendabiziko urtebete pasean». Ikastoletan euskaraz erakusteko debekua Madrildiketorri zen arte, 1929ra arte. «Orduan heldu zion Lizardik bigarren helburuari, euskarazko egunkariari. 'Elazkona' ez, 'eguneroka', 'egunkaria' zein 'egunaria' deitu zion». Eta egitasmo horri erabat lotuta, Kirikiño saria sortzeari ere ekin zion, Euzkadi Bilboko egunkari jeltzalean euskarazko atala sortu eta ondu zuen Evaristo Bustintza Kirikiño idazlearen omenez. Egitasmo biek zuten zerikusia prentsarekin, idazleak idaztera animatzearekin, idazle berriak plazaratzearekin eta gozatzearekin.

Egunkari oso bat euskaraz egiteko ametsaren kasuan, Mendi Lautak zenbakietara itzuli zuen; Lizardik, berriz, erredakzio buru rolean sartu, eta egunkaria diseinatu zuen, nazio eta nazioarteko ikuspegia galdu gabe. Donostiako Argia aldizkariko zuzendari Ander Arzelus Luzear-i egokitu zitzaion testu guztiak orraztea. Jose Ariztimuño Aitzol-ekin, Nikolas Ormaetxea Orixe-rekin eta beste hainbatekin garai hartan trukatu zituen gutunetan, Lizardi diruaz mintzo da. Baita kolaboratzaile sarea sortzeaz ere. Bilbon, Euskaltzaindian eta Euzkadi-n ari zen Orixeri, esaterako, bizkaitar idazleak lotzeko eskatu zion.

Donostiako Argia aldizkariak erosi berria zuen errotatiban inprimatu nahi zuten egunkaria; proba-zenbaki bat hantxe bota zuten —1929ko ekainaren 9ko data dauka—; eta Bai izena asmatu zioten. Ametsa ez zen gauzatu, baina.

'Euzkadi' ardatz

1937ko urtarrilaren 1ean argia ikusi zuen Eguna-ren ardatza ez zen Argia izan, Euzkadi egunkaria baizik. «Kirikiñok Euzkadi-ko euskal atalean sortu zuen sareazen Eguna-ren bizkarrezurra. Gipuzkoa erori zenean, gainera, Argia-n eta El Día egunkarian idazten zuten asko Bizkaira errefuxiatuta heldu zirenez, Eusko Jaurlaritzak momentua baliatu zuen euskarazko egunkari bat sortzeko», Xabier Altzibar EHUko irakasle eta ikerlariaren arabera. Esteban Erkiaga Lauaxeta idazlea Euzkadi-ko euskarazko atalaz arduratu zen 1931-1936 epean , eta hura jo zuen Eguna-ren «hauspo» eta «haizelaritzat» Augustin Zubikaraik, gerra betean sortu zen egunkari euskalduneko erredaktore buruak.

Zubikarairen gainetik, zuzendari, Manu Ziarsolo Abeletxe izendatu zuten. Eta kazetari taldean, Zubikaraiz gain, Eusebio Erkiaga Endaitz, Jose Mari Arizmendiarrieta Arretxiñaga eta Alejandro Mendizabal Txaranbel daude. Eurak dira Eguna-ren erredakzioaren bihotza. Bazuten Aholku Kontseilu bat gainetik, eta hango buru ageri da Lizardik Bai egunkariaren alma mater-tzat nahi zuena: Luzear.

Erredakzioko kazetarien osagarri, kolaboratzaile sare zabal bat ageri da Eguna-ren artikuluetan. Atal propioa dutenen artean, bi emakume ageri dira: Julene Azpeitia Arritokieta eta Julia Gabilondo Maite. «Eguna-n idatzi zutenetako asko errefuxiatuta zeuden Bizkaian, eta haien umeak frontean zeuden. Eguna-n idazleei plaza ematen zitzaien. Eta gudariei ere idazteko aukera eman zieten. Fronteko kronikak oso indartsuak dira», Altzibarren esanetan.

Inazio Eizmendi Basarri bertsolaria zen gudari joandakoetako bat. Eguna-ren bigarren zenbakian sinatu zuen lehendabiziko bertso sorta, beste hainbat argitalpenetan ezagutarazita zeukan Nere bordatxotik sailaren barruan. Gerraz ari zen bertsolaria, iritzi-kazetaritza errimatzeko gaitasuna agerian utziz: «Berriro ere entzuna degu/ Mola jaunaren itz-otsa/ Laster ikusi bear degula/ Bere ezpata zorrotza:/ Euskaldun danak zapaltzea da/ Darabilkian ametsa,/ Oiarran gixa kukurrukuka/ Etorri baita onuntza!».

Errefuxiatuen artean zegoen aurrerago aipatu Mendi Lauta. Berari dagokio euskaraz 36ko gerrari buruz argitaratutako lehendabiziko eleberriaren egiletza. Loretxo izena du, eta atalka eman zuen egunkarian, otsailaren 14tik aurrera. Karlista etxeko alabaren eta mutil abertzale baten arteko gutunketa du ardatza; bi protagonisten arteko maitasun istorioa kontatzeaz gain, Zarautz jaioterrian faxistek egindako benetako hilketak eta lapurretak fikzionatu zituen Mendi Lautak nobela horretan.

Gerra betean, fronteko kronika, gerrako parte, kirol berri, beste egunkarietako ale eta nazioarteko albisteak irakurtzearekin batera, Eguna-ren irakurleek bertsoak, olerkiak, narrazioak irakur zitzaketen. Baita euskal idazleen inguruko artikuluak ere. Gerrak dena ukitzen zuen, baina, ezinbestean. Nemesio Arizmendi Atarrene kolaboratzailearen proposamena bere egin, eta elizkizuna eskaini zuen Eguna-k Bilbon, esaterako, «euzko-idazle eraildakoen oroiz».

Eguna-n idazten zutenek bazuten euskaraz idazten nabarmentzeak heriotza ekar zezakeelako kontzientzia, bistan denez. Donostiako prentsa frankistak Aitzol atxilotu berria sareratutako «arrain handi» gisa aurkeztu zuela bazekiten; animaliaren pare tratatua izan zela Hernanin (Gipuzkoa) fusilatze pelotoi batek eraitsi aurretik. «Badatorren genozidio fisiko eta kulturalaren kontzientzia badute. Frankistek eraildako idazleen itzala oso kontuan zuten», Altzibarren esanetan. Aitzol, Martin Lekuona antzerkigilea, Lizardiren Itz-Lauz antologia prestatu zuen —hitzaurrea ere idatzi zuen— Jose Markiegi, Gotzon Osoro Aberri ... halakoen hilketen oihartzun handia dago Eguna-n, ikerlariaren ustez, «badakitelako gauza bera egingo dutela beste hainbatekin harrapatuz gero, zergatik eta euskararen alde egiteagatik».

Frankistek aurrera egin ahala, literatur lanak eta irri-marrak urritzen joan zirenEguna-ko orrialdeetan. Ez zuten lore jokoetarako aldarterik. Ekainaren 13koa da ezagutzen zaion azken zenbakia.

Harrobitik hobira

Ekainaren 25ean fusilatu zuten Gasteizko hilerrian Lauaxeta, Eguna-ko hauspo eta haizelaria. Harrobia hobiraketa abian zen. Euskal Herrian argia ikusi zuen lehendabiziko euskal egunkariko erredakziokoek, berriz, espetxea eta erbestea jaso zituzten ordainetan. Baita kolaboratzaileetako askok ere. Batzuek eutsi egin zioten idazketari, baina. Eguna-ko kolaboratzaile batzuek Bartzelonan segitu zuten puska batez idazten, hango Euzkadi-n. Beste batzuek, Euzko-Deya-n eta Euzko Enda-n. Eguna-ko zuzendari Abeletxek, esaterako. Eta Basarrik, Mañarikok, Atarrenek...

Kartzela idazketa gune bihurtu zen Luzearrentzat eta beste hainbatentzat; Espetxean aldizkari klandestinoa da horren lekuko.

Kulturgileen jazarpen fisiko eta sozialarekin batera, euskararen eta euskal kulturaren ezabatze politikak etorri ziren. «Euskal kultura azpiratu zuten», dio Lourdes Otaegik. «Argitalpen guztiak debekatu zituzten. 1948an kokatzen da Donostiako Egan aldizkariaren lehendabiziko zenbakia, Koldo Mitxelenak-eta argitaratuta. Bitartean, atzerriko argitalpenak saiatu ziren hutsune hori betetzen».

Xabier Mendiguren Elizegiren iritziz, «belaunaldi galdu bat da haiena». Hilak, erbesteratuak zein isilaraziak izan zirelako. Euskal literaturaren antologia (Elkar, 1998) eman zuen Mendigurenek Koldo Izagirrerekin, eta, haren ustez, «guztiz mutuarazitako belaunaldi bat da» duela 80 urtekoena. «Berriz zerbait esan ahal izateko aukera izan zutenerako, pixka bat lekuz kanpo geratu ziren. Marxismoa, euskara batua eta beste etorri ziren gazteagoekin, eta batzuk egokitu ziren, baina gehienak ez», erantsi du.

Eten horri beste eten bat erantsi behar zaio, Altzibarren iduriko. ezezagutza. «Ez dugu ikertu, ez diogu garrantzirik eman horri. Hango sinadura eskok benetako odiseak bizi izan zituen, eta, hala ere, haietako batzuek gerora heldu zioten berriro ere idazketari, irratigintzari, bertsolaritzari».

Euskal PEN Klubeko kide Laura Mintegi bat dator Altzibarrekin: «Franco hil zen garaian egin beharrekoa orain egiten ari gara. Arlo askotan. Euskal PEN Kluba horregatik ere hasi da Eguna-ren ekarpena ezagutarazten». Gerrak eta ondorengo diktadurak ezkutatutako harrobia desobiratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.