Tadej Pogacar

Gazte eta errebelde

Esloveniarrak bere oinetan dauka ziklismoaren mundua, Frantziako Tourra 21 urte eskasekin irabazi eta gero. Erasora jo du beti, adorez eta indarrez, eta azken garaietan nagusi izan diren moldeak apurtu ditu. Etorkizuna berea du.

CHRISTOPHE PETIT-TESSON / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Iraultza egin du Tadej Pogacarrek (Komenda, Eslovenia, 1998) Frantziako Tourrean. Boterearen aurka altxatu da, lotsagabe, desafio eginez kalkuluetan, teknologian eta taldeen kontrol zorrotzean oinarritutako ereduari. Bere legea ezartzen saiatu da Jumbo Visma, iraganean Skyk edo lehenago US Postalek egin bezala. Baina gazte errebelde bat izan du aurrean. Esloveniarrak gorazarre egin dio erasoko txirrindularitzari, eta erakutsi du talde ahaltsu baten abarotik kanpo ere irabaz daitekeela munduko lasterketarik garrantzitsuena. 21 urterekin, galtzeko gutxi eta irabazteko den-dena duenaren grinAz eta kemenez jardun du. Mendateetan pultsu gogorra izan du Primoz Roglicekin (Jumbo-Visma), eta erlojuaren kontra burutu du matxinada.

Pogacarren garaipena aro berri baten hasiera izan liteke. Tourra giltzapetua izan da 2012an Sky-k aginte makila hartu zuenetik, baina britainiarren inperioa gainbeheratu egin da. Jumbok ezin izan dio lekukoa hartu. Herbehereetako taldeak erabateko nagusitasuna erakutsi du errepidean, uztarripean Gesink, Bennett, Van Aert, Kuss eta Dumoulin jarrita. Nekez eraso zitekeen Roglic, aurrean halako arrabola bat izanda. Tropelean otzan iraun: ez zirudien beste aukerarik zegoenik. Baina, tartean, partikula aske bat zegoen, gazte bihurri bat, gaiztakeria egiteko prest. Ia minutu eta erdia galdu zuen zazpigarren etapako haize babesetan, baina Pogacarren sugarra ez zen itzali. Kontrara, areagotu egin zitzaion jolaserako gogoa, eta maldak jolastoki bihurtu zituen.

Peyresourden hasi zen iraultza, zortzigarren etapan. Behin eta berriro oldartu zen Roglicen kontra, kateak apurtzea lortu zuen arte. Igoera estratosferikoa izan zen: 24 minutu eta 35 segundoan osatu zuen, batez beste 428 watt eta kiloko 6,5 watt inguru mugituta. Gauza itzelen bat egiteko moduko hankak zituen. Orduan, 40 segundo harramazkatu zizkion herrikideari. Eta, egun bat geroago, lehen etapa garaipena lortu zuen, Laruntzen, oilarren arteko esprint batean nagusituta. Beste horrenbeste egin zuen Gran Colombierren, hamabosgarren etapan.

Esloveniarra gorantz zihoan, eta oraindik Alpeak gelditzen zitzaizkion balentria gauzatzeko. Baina Roglic gainetik izan zuen azken etapa menditsuetan. Jumbokoak arrakalarik gabeko liderra zirudien, eta erlojuaren aurka, bere diziplina kutunean egin behar zuen elastiko horiaren defentsa. Bada, kartarik gabe gelditua zela zirudienean, hordagoa jo zuen Pogacarrek: ia bi minuturen aldea atera zion Roglici 36 kilometroko erlojupekoan, eta bere egin zuen maillot horia. Adierazgarriak dira Dumoulinen hitzak: «Munduko Txapelketa irabazi nueneko maila bertsuan aritu nintzen, eta, hala ere, ni baino 1.20 azkarragoa izan zen. Sekula ez naiz gai izango hainbeste estutzeko». Esloveniarrak ez zuen potentziometrorik erabili, eta hobe, bestela eztanda egingo baitziokeen: 415 watt mantendu zituen ordubetean, eta La Plancheko igoeran kiloko 6,9 wattera iritsi zen.

Hauspoa da gakoa

Bigarren sasoia baino ez du elitean, eta dagoeneko arrastoa utzi du ziklismoaren historian. Hasteko, azken 116 urteetan Tourra irabazi duen ziklistarik gazteena da, eta inoiz itzuli handi bat irabazi duten gazteenetan zortzigarrena. Gainera, azken 86 urteetan ez da izan Tourrean hiru etapa irabazi dituen horren txirrindulari gazterik. 1983az geroztik lehen parte hartzean nagusi izan den bakarra ere bada, eta Eddy Merckxez gain aldi berean hiru maillot irabazten bakarra ere bai. Baita lasterketa irabazi duen lehen esloveniarra ere.

Ausardiaz gain, hauspo ikaragarria du esloveniarrak. Ahalmen fisiko ia mugagabea dauka, eta esfortzuetatik ziztu bizian osatzen da. Horrek abantaila handia ematen dio hiru asteko itzulietan. Adibidez, Tourrean goiari eutsi dio astez aste, eta lasterketako azken egunean heldu da gailurrera. Antzera aritu zen iazko Vueltan ere. Hiru etapa irabazi zituen, bakoitza aste batean, eta erakustaldia egin zuen azken-aurreko egunean. Sailkapeneko bosgarren postua edonork sinatuko zukeen aurreneko itzuli handian, baina esloveniarrak podiumean egon nahi zuen kosta ahala kosta. Bada, helmugatik 40 kilometrora jota lortu zuen helburua.

Bederatzi urterekin hasi zen bizikletan ibiltzen; eta lehiatzen, urtebete geroago. 2017an bihurtu zen profesional, eta, geroztik, suziria bezala egin du gora. 2018an, Etorkizuneko Tourra irabazi zuen, eta, bi urte eskas geroago, zerua ukitu du Parisko Eliseoko Zelaietan, Josean Fernandez Matxin-en aginduetara. COVID-19aren Tourra izan behar zuen, baina Pogacarren Tourra izan da azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.