Txema Ramirez de la Psicina

Erabateko demokrazian

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Polizia-eredua mintzagai da egunotan Minneapolisen. Aste honetan hasi da han Derek Chauvin poliziaren aurkako epaiketa. Bera izan zen 2020ko maiatzaren 25ean errepidean, ahozpez eta immobilizatuta zegoen George Floyd gazte beltza hil zuen agente zuria. Lepoa birrindu zion azken hatsa eman arte. Sumina eta samina bazter guztietara zabaldu ziren. AEBetako zenbait hiritan eztabaida polizia-ereduaz harago joan da: indar polizialen deuseztapena ere eskatu dute. Gogoan duzue indar errepresiboen deuseztapena aldarrikatzen zen garai hura?

Bartzelona Minneapolisetik 7.277 kilometrora dago. Bertan ere, polizia-eredua mintzagai da; areago, askatu beharreko korapiloa bilakatu da gobernu berria osatzeko negoziazioetan. Euskal Herria gertuago dago. Hemen kolore guztietako indar polizialen gehiegikerien zerrenda egiteke eta aitortu gabe dago oraindik. Non dago Mikel? Baina hemen Ertzaintzaren eredua, eta, zer esanik ez, Guardia Zibilarena, ukitu ezina da. Indar polizialen zenbait jarduera puntual eta isolatuak kritikatu daitezke, baina eredua ezbaian jartzea… amigo, hori beste upeleko sagardoa da. Galde diezaietela bestela Iñigo Urkulluri edota Bruselak torturaren estalgile bezala seinalatu duen Grande Marlaska ministro sozialistari.

Polizia inoiz baino presenteago dago gure bizitzan. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa izan beharko litzateke haren jardunaren kontrola, kalapita politikotik at, eztabaida alderdikoietatik urrun. Poliziaren jardunaz eta manifestazioez egoki informatzeak asko esaten du gure komunikabideen kalitateaz. Manifestazio batez modu askotara informatu daiteke. Betaurrekoak nolakoak, ikusmena halakoa. Kazetari askok bigarren edota hirugarren eskuko iturrietatik jasotzen dute informazioa. Aldez aurretik egositako jana irensten dute. Bertaratuz gero, berriemailearen kokapena bera ere esanguratsua da: informatzailea poliziaren inguruan egon daiteke, manifestarien atzean edo espaloian. Ezer ez da neutroa.

Gauza jakina da komunikabide nagusiek statu quo indartzen dutela. Komeni da, hala ere, noizbait gogoeta deserosoak egitea. Adibidez, sarritan irakurri/entzun ditugu tipo honetako lerroburuak: Manifestazioak auto-pilaketa itzelak sortu ditu autobidean. Bere horretan irensten ditugu, xaloki, inozoki. Ez zaigu esaten zergatik antolatu zen protesta edota zenbat pertsona elkartu diren. Fokua eragozpenen inguruan lerratzen da. «Poliziak gas negar-eragileak erabili eta zalapartariak sakabanatu ditu» entzun ondoren, poliziak erabilitako metodo eraginkorrera bideratzen da gure arreta. Zenbat aldiz irakurri duzue, ordea, tipo honetako lerroburu bat?: Manifestazioa bakean zen polizia agertu arte.

Zenbait mugimendu per se susmagarriak dira komunikabide nagusien ikuspuntutik. Black Lives Matter mugimendua, adibidez, estigmatizatuta dago AEBetan: erradikalak, biolentoak eta politikoki lerratuegiak omen dira. Floyden heriotzak eta ondoren sortutako mugimenduak badirudi, zorionez, zenbait kontzientzia astindu dituela eta, itxuraz, ematen du erredakzioetan gauzak aldatzen hasi direla. Hala bedi. Haatik, ez dugu Atlantikoa zeharkatu behar horretaz jabetzeko. Euskal Herrian zenbat manifestazio jendetsu joan dira bake santuan eta ez dute aparteko arretarik piztu, ez hemengo eta are gutxiago Madrilgo edota Parisko komunikabideetan? Leloak ez dituzte ulertzen, lelotuta daude edo lelotzat hartzen gaituzte? Ez. Ez zaie interesatzen. Puntu. Beren konfort egoera eztabaidatzen duen oro baztertzekoa da; susmagarria, filoterroristak eta kito. Zer esanik ez istiluak sortu badira. Orduan, ohiko kontakizuna abian jartzen da. «Enfrentamendu latzak izan dira bart…». Nekez jakingo dugu istiluak nork, noiz edo nola sortu diren. Statu quo babestu, bermatu, zaindu egin behar da. Oraindik ez duzue ulertu?

Hasel ez da lehena

Hilabete joan zaigu Pablo Hasel rap kantari kataluniarra atxilotu zutenetik. «Koroari eta Estatuko erakundeei irain» egin izanagatik bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, sei urteko inhabilitazioa eta ia 30.000 euroko isuna ordaindu beharko du. Ikaragarria? Ez pentsa. Ezer ez da berria. Jende askok ez du jakingo, baina Franco fisikoki desagertu eta gero, Estatuan «erregea iraintzeagatik» kartzelara joan zen lehena Xabier Sanchez Erauskin kazetari gasteiztarra izan zen. 1983ko apirilaren 16an gertatu zen. Hemezortzi hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarian argitaratutako bi artikulurengatik.

Agerkariko zuzendaria zen garai hartan. Urtebete eman zuen Langraizko kartzelan. Aitortza eta erreparazioaren zain dago oraindik. Irainaren iturri, bi pieza ikaragarri arriskutsuak izan ziren: etakide preso batzuen arrebei egindako elkarrizketa bat eta editorial bat. Editoriala 1981eko otsail fatidiko hartan argitaratu zen. Juan Carlos I.ak Gernikako Batzar Nagusietara egindako bisita azkar eta gatazkatsua zen iruzkinaren abiapuntu. Paseotxoa eta espantá zuen izena (El paseíllo y la espantá gaztelaniaz). Bertan, Xabierrek, ohikoa duen estilo zorrotz eta ironikoan, zezenketa giroko metafora erabili zuen bisita hura ilustratzeko. Honela zioen: «Juan Carlos erregea ari da paseotxoa ematen. Janzkia estu doituta eta keinua goibel, kartoi-harrizko eta operetakoa dirudien Euskadi surrealista eta sinestezina ari da zeharkatzen. Jendetzarekin nahastu da, bai… Basauriko kuartelean non 'Espainia, Espainia' oihuen artean hartu duten. Gero, beren-beregi atondutako baserri-museo batera eraman dute, janari tipikoa dastatzera; ameskeriazko paseotxo barregarria». Zein da iraina?

Xabier erreferente maitagarria da. Berak areagotu zidan niri kazetari izateko grina. Era guztietako lanbideak izan ditu bizitzan zehar: apaiza, marinela, kazetaria eta irakaslea. Eta guztietan utzi du bere portaera etikoaren arrastoa. Orain Getxon bizi da, lasai asko Mentxu bere bikotekidearekin batera.

Ez. Hasel ez da lehena izan. Azkena ere ez, zoritxarrez. Guztiek merezi dute justizia, aitortza eta erreparazioa. Baina, lasai, badakizue «erabateko demokrazian bizi gara». Hemen adierazpen askatasuna bermatuta dago. Gauza guztiez hitz egin daiteke: polizia-ereduaz, independentziaz, monarkiaz. Ez al da horrela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.