Junior Robinson

Txikia bezain ikusgarria

Urrezko LEB ligako jokalari ikusgarriena eta erabakigarriena da Junior Robinson Araberriko joko antolatzailea. Soilik 1,65 metro da luze, eta zaleak aho bete hortz utzi ditu saskiratzeko duen trebetasunagatik, jokatzeko duen azkartasunagatik eta salto egiteko duen gaitasunarengatik.
BERRIA

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko abenduak 4
Estreinako partidatik erakutsi zuen zer egiteko gai den Junior Robinsonek, Saenz Horeca Araberriko jokalariak. 1,65 metro eskas da luze, eta nola moldatuko zen ikusteko gogoz zeuden zaleak. Bada, zur eta lur utzi zituen: 47 puntu sartu zituen —LEB ligako inoizko markarik onenetan laugarrena— sei errebote jaso, eta lau asistentzia banatu. Zenbaki horiek, gainera, ez dira partida bakarreko kontua izan, Robinson txapelketako jokalaririk baliotsuena baita oraingoz. Araberriren lemazaina edo iparrorratza baino gehiago da. Bere buruari ez dio mugarik jarri nahi, eta garbi du zein izan den ailegatu den lekura iristeko gakoa: lana. «Inork ez dit ezer oparitu», esan du. Hala, beti du gogoan gurasoek txikitatik eman zioten gomendioa: «Ahaleginduz gero edozer gauza lor nezakeela esaten zidaten, bai bizitzan, bai kirolean. Partida eta lan sasoi bakoitzean oso presente dut hori».

Gasteizko taldearekin lortutako zenbakiak argigarriak bezain ikusgarriak dira. Txapelketako saskiratzailerik onena da: batez beste, 25,3 sartu ditu —azken norgehiagokan, 26, Tau Castelloren kontra—, 2,3 errebote jaso, eta 5,1 asistentzia banatu. Hainbat partida berak bakarrik erabaki ditu: besteak beste, Retabet Bilbo Basketen aurkako derbia. Azken jaurtiketa egiteko ardura hartu zuen. Berak igo zuen baloia, eta bitan pentsatu gabe jaurti zuen. Asmatu, eta arabarrak 76-77 nagusitu ziren. Saskiratze horrekin, bigarren zati gogoangarria biribildu zuen: 21 puntu sartu zituen. «Talentu ikaragarria duen jokalaria da. Egin duenaren aurrean, ezer gutxi esan daiteke», nabarmendu zuen Alex Mumbruk, Bilbo Basketeko entrenatzaileak.

Baina saskiratzeko duen erraztasunagatik baino harago, jokatzean duen bizitasun nahiz abiaduragatik eta jauzi egiteko duen gaitasunagatik nabarmendu da. Pibot baten antzera egiten ditu birrintzeak. Gainera, lotsagabea da. Huts egiteari ez dio beldurrik, eta aukerarik txikiena ikusten duenean jaurti egiten du, edozein lekutatik eta pentsatu gabe.

Horrek guztiak eman zion Araberriko entrenatzaile Antonio Herrerari atentzioa.«Denbora neraman nik hari erreparatzen. Udan, fitxatzera joan ginenean, ulertezina egin zitzaidan guk baino ahalmen ekonomiko handiagoa zuen talderen batera joan ez izana. Guretzat ikaragarria da halako jokalari bat izatea».

Are gehiago haren gaztetasuna kontuan hartuta. Izan ere, lehen denboraldia du saskibaloi jokalari profesional gisa. Araberrik fitxatu aurretik, NCAA Ameriketako Estatu Batuetako Unibertsitate Arteko Ligan jokatzen zuen: Mont St Mary's taldean, hain zuzen ere. Gainera, aurten udako liga jokatu zuen Atlanta Hawksekin. Bertan erakutsi zuen eskumutur fina. Baina ez zuen NBAko eskaintzarik jaso, eta Europan jokatzeko urratsa egitea erabaki zuen.

NBAko eskaintzarik jaso ez izanak ez du kezkatzen. «Uste dut hemen ere asko ikas eta erakuts dezakedala. Gainera, beste herrialde batean jokatzea eta bizitzea beti da aberasgarria». Erraz moldatu da LEB ligako jokatzeko modura: «Baloi jabetzak motzagoak dira, eta horrek lagundu egiten dit bizkor jokatzeko orduan. Gainera, taldekideekin primeran egokitu naiz. Oso gustuko dut hemengo jokoaren gogortasuna ere, zaildu egiten baitzara». Hala, unea bizi nahi du: «Behin baino gehiagotan galdetu didate sasoia hemen amaituko ote dudan, hain ondo jokatuta. Baina ez dut horretan pentsatu nahi. Joaten banaiz, zerbait hobea lortu dudalako joango naiz, baina, oraingoz, ez da gertatu».

Hori bai, ez dio muzin egiten NBAn jokatzeko ametsari: «4 urterekin, aitarekin telebistan partida bat ikusten ari nintzela, esan nion noizbait NBAn jokatuko nuela, eta ez dut aukera hori baztertzen. Bitartean, nire helburua jokoaren esparru guztietan hobetzen segitzea da. ACBn edo Euroligan jokatzeko aukera izango banu, urrats handia litzateke».

Bryant eta Lillard

Horretarako, lehen birrintzea egin zuen eguna du gogoan:«14 urte nituen. Gelako txikienetako bat nintzen, eta gimnasioan zegoen saskian birrintzea egin nuen». Gelakoak «zur eta lur» geratu ziren:«Berriro egiteko esan zidaten, baina hain nengoen hunkituta, ezin izan nuen».

Horrenbestez, garaiera ez da sekula traba izan harentzat. «Agian, ni fitxatzeko orduan, klub batzuentzat oztopoa izan daiteke. Baina ez dute sekula horretan pentsatzen. Nik nahi dudan bakarra saskibaloian jokatzea da, eta ondo pasatzea. Partida bakoitza ikasgai bat da niretzat. Nire garaierarekin, beste jokalariak baino bizkorragoa izan behar dut, eta sormen handiagoa eduki. Saskiratzeko modu berriak asmatzen ibilitzen naiz beti».

Horretarako, saskibaloi asko ikusten du: «Youtuben bideo asko ikusten ditut, onenengandik ikasteko, eta haien gauzarik onenak nire jokatzeko erara egokitzeko. Koby Bryant da nire jokalaririk gustukoena. Baina Damian Lillard miresten dut gehien. Eskola txiki batean hasi zen, eta Portlanden egonkortu da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna