MUSIKA

Sinpletasunari gorazarre

Wilco taldeak 'Ode to Joy' estudioko hamaikagarren diskoa kaleratu du. Gitarra akustikoaren melodiak perkusio erritmo lasaiekin eta Tweedyren ahots hauskorrarekin uztartzen dira ia biluzik dauden 11 abestietan.

Jeff Tweedy taldeko abeslaria eta gitarrista, iaz, Gasteizen, Azkena Rock jaialdian. DAVID AGUILAR / EFE.
aitor biain
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Sinple, soil, baina eder. Oinarri horiek ditu ardatz Wilco taldeak azken urteetan. Esaten horren erraza den baina egiten horren konplikatua den hori. Jeff Tweedy lemazain duen Chicagoko (AEB) taldeak urteak daramatza bere hastapenetako indie alternatiboarekin zerikusi handirik ez duen musika sortzen. Mende hasierako rock alternatiboko taldeen artean gehien errespetatuetakoa bada ere, esperimentaziora jo du bere azken lanetan. Horren adibide dira, hain justu, Star Wars (2 015) eta Schmilco (2016) taldearen azken bi diskoak.

Mende laurdeneko ibilbidean askotariko musika estiloak jorratu ditu Wilcok, baina azken bi lan horiek harritu egin zituen taldearen jarraitzaileak. Gitarren distortsioak eta konponketa konplexuak alde batera utzi, eta minimalismora hurbiltzen diren lan akustikoetara jauzi egin baitzuen taldeak. Bide horretan oreka bat aurkitu du taldeak, ordea. Eta horren emaitza da Ode to Joy disko berria, estudioko hamaikagarrena. Iragan urrian kaleratu zuten lana, dBpm Records haiek sortutako zigiluarekin.

Tristuraren oda

2016an kaleratu zuen Wilcok bere azken-aurreko lana, eta ordutik bakarkako jardunean aritu da Tweedy. Hiru disko argitaratu ditu abeslariak bakarka, eta memoria liburu autobiografiko bat ere idatzi du. Liburua eta Ode to Joy diskoa egun berean kaleratu zituzten, eta, beraz, batek baino gehiagok pentsa lezake taldeko abeslariaren bakarkako beste lan bat dela. Gitarra akustikoen melodiak eta perkusio erritmo lasaiak Tweedyren ahots sosegatuarekin uztartzen baitira, kantu oro sinpletasunean biluzik utzita.

«Asaldura betean diren gaurkotasun politiko eta sozialari zuzendutako zoriontasun desafio bat» da lana, abeslariaren hitzetan; alaitasunari gorazarre egiten dion protesta disko bat, oinarrian —esanahi hori du izenburuak, hain justu—. «Gauzak pikutara doazenean zoriontsu edo aske sentitzeko, askatasunari egindako omenaldia ere bada». Baina egiari zor: musikak gehiago du melankoliatik zoriontasunetik baino, salbuespenak salbuespen. Tristuraren edertasuna islatzen duen soinu banda osatzen dute diskoko 11 abestiek elkarrekin.

Folk rock edo americana doinu goxoak pop melodiekin uztartzen dira tarteka. Hauskortasunera lerratzen dira kantu gehienak, baina badira elementu ezberdinen arteko baturari esker energia propioa sortzen dutenak ere: gutxiago gehiago da Wilcoren lan berrian. Hain zuzen, Sky Blue Sky (2007) diskoaren soinuarekin parekatu dute askok. Ez alferrik, hura izan baitzen taldea egun osatzen duten kide guztiek elkarrekin grabatu zuten estudioko aurreneko lana. Zehazki, Nels Cline gitarristaren eta Pat Sansone gitarrista eta teklatu jotzailearen lehenengoa.

Tweedyk sortu ditu kantu denak, aurreko lanetan egin moduan, eta taldeak Chicagon duen The Loft estudioan grabatu zituzten iazko urtearen hasieran. Abeslari eta gitarristak berak ekoitzi du diskoa ere, Tom Schick kolaboratzailearekin batera.

Glenn Kotcheren bateria —edo perkusioa, bere modurik zabalenean— da diskoko protagonista nagusia, Tweedyren ahotsarekin batera. Eta hala berrets daiteke lehen minututik: horren erakusgarri dira Bright Leaves, Before Us eta One and a Half Star aurreneko hiru abestiak. Diskoak aurrera egin ahala, alaitasun printzak agerikoagoak dira, bai erritmo aldetik eta baita melodia aldetik ere. Nolanahi ere, Love is Everywhere, Everyone Hides eta White Wooden Cross dira zeru gris hodeitsua zulatzen duten hiru argi printza nabarmenenak.

Sinpletasuna da diskoaren ideia nagusia, eta abestien luzeran ere islatzen da hori. Hiru eta lau minutu irauten dute gehienek —soilik kantu bakar batek irauten du bost minutu baino gehiago—, taldea arnasa luzeko eta garapen nabarmeneko abestiak egin zalea izan bada ere. Wilcok azalera ere eraman du sinpletasunaren ideia: oinarri gris baten gainean marraztutako zirkulu zuri batek ilustratzen baitu lan berria.

Donostian aurkezpena

Chicagoko taldea Ode to Joy diskoa zuzenean aurkezten ari da urriaz geroztik. Datozen hilabeteetan Europan zehar egingo duen kontzertu biraren barruan iritsiko da taldea Euskal Herrira: ekainaren 30ean Donostia emango baitu kontzertua Wilcok, Kursaalean. Aurreko diskoak ere aurkeztu izan ditu bertan. Euskal Herrian izan ziren azkeneko aldia, hala ere, iaz izan zen: Gasteizko Azkena Rock jaialdiaren barruan eman zuen kontzertua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.