Mikel Zumeta.
HERTZIOAK

Astelehen Tonikoak

2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Astelehenak egun latzak izaten dira gutako askorentzat. Asteari hasiera eman, datozen egunei aurre egiteko ganoraz jantzi eta indar hartzekoa. Goizeko lehenengo kafearekin hasita, makarrak kendu, dutxa hartu eta egin beharren zerrendari berriz ere heltzeko unea da.

Astelehenetan badago zorionez atal bat, ederra, Euskadi Irratiko Faktoria saioan. Josu Goikoetxeak astelehenero dakarkigun Astelehen Poetikoak. Asteko lehenengo egunean oasia landatzen duena, 10:30ak inguru entzun daitekeena. Bertan Goikoetxeak, astero, poeta baten lauzpabost poema jaso eta irakurriko ditu. Aurkezpena egin, idazlearen testuinguruan kokatuko gaitu, eta banan-banan poemak aletuko ditu. Hori gutxi balitz bezala, olerki bakoitzari soinu banda interesgarria jarriko dio, irakurketa egiten duen bitartean.

Poesia ez da izaten genero literario irakurriena, badu bai estimua edo nolabaiteko aura, baina jendearen gehiengoak poesiari ihes egiten diola esan genezake. Lana eskatzen duen zerbait balitz bezala, zaila, astuna, beti publiko orokorraz ari garela.

Goikoetxeak poesia ezagutzen du, bertsolaritza ere bai, eta kazetaritza, nola ez. Ezagutza horiek guztiak uztartuko ditu haren astelehenetan, atal arin eta gozagarria eskaintzeko. Ez delako berdina poema bati bakardadean aurre egitea, edo norbaitek testuinguru eta prestatutako klima erosoan errezitatzea. Hau da Astelehen Poetikoak duen berezitasuna. Gozoki prestatuko du bidea, erosoa izan dadin entzunaldia, gakoak argitu, kuxinak harrotu, tokia egiten digu entzuleoi, hark egiten duen bezala goza dezagun literaturaz, hain zuzen ere poesiaz.

Hamar minutu ingurukoak dira pildora bizigarriak, tonikoa astelehen goizetarako. Ahots leizetsua izango dugu bidelagun, Josurena, bisita gidatuan bageunde bezala, kobazuloan, sutargia eskuetan, poemaren hitz horien esanahia hormetan argitzeko bidean.

Eskertzekoa da egindako poema eta idazleen sailkapena: dagoeneko, Tene Mujika, Leire Bilbao, Xabier Montoia, Angel Erro eta Karmele Jaio ekarri ditu, besteak beste. Olerkiak zabaltzearen lana, testuinguruan kokatzearena eta hamar minutu inguruan norabait bahitzearena estimatzen da. Astelehenero duzue Faktorian entzuteko aukera, eta EITBPodkasten 15 bat inguru daude entzungai dagoeneko. Ez galdu uhinetan poesia entzuteko tertzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.