Pamplonesaren 100. urteurrena

BA AL ZENEKIEN...?

2019ko uztailaren 11
00:00
Entzun
... ia-ia ez zutela sanferminetan parte hartu greba baten ondorioz?

Pamplonesaren sorreratik, urte luzez gatazka handiak egon ziren soldaten eta lan baldintzen inguruan. Sorreran bertan, 1919an, ez zitzaion udal banda izaera eman, eta hasierako erabaki hark gerora eragina izango zuen. Diktadura garaian, musikariek aldarrikatzen zuten soldatak hobetzea: adibidez, 1965ean, gaitzetsi zuten ez zutela musikari profesionalen gutxieneko soldata kobratzen, baina patronatuak erantzuten zien ez zirela profesionalak, ordu batzuez soilik jotzen baitzuten. Beste aldarrikapen bat zen ez zutela asegururik. Kexu haiek ugarituz joan ziren, eta 1972an greba egitear egon ziren. Soldatak hobetzeaz gain, aldarrikatzen zuten patronatuan musikariek parte hartze handiagoa izatea. Azken orduan, uztailaren 5eko gauean, garai hartako zuzendariak akordioa erdietsi zuen patronatuarekin. Hala ere, erabaki harekin ados ez zeudenez, musikari batzuek banda utzi zuten. Urte hartako sanferminetan, 27 musikarik parte hartu zuten.

... lehenengo emakumea 1977an sartu zela bandan?

Ia 60 urte pasatu behar izan ziren lehen emakume musikaria izan arte. 1976an sartu zen Pamplonesan Maria Carmen Arias flautista. Otsailaren 6an jo zuen lehen aldiz, Ziudadelako Armen aretoan. Ariasek 2002ra arte parte hartu zuen. Gaur egun, Pamplonesak dituen 50 kideetatik, sei dira emakumezkoak. Dirudienez, 42 urteotan urrats batzuk egin badira ere, oraindik tarte handia geratzen da parekidetasunerako bidean.

... txistu ere egin dietela Iruñean?

Sanferminetan, baita festetatik kanpo ere, oso estimatua da musika banda. Hala ere, ez ditu beti txaloak jaso. Txistu ere egin diete. Adibidez, Manuel Lopez andaluziarra zuzendari izendatu zutenean, 1968an, Pamplonesa eraberritu nahi izan zuen. Musikariei balio handiagoa ematea aldarrikatzeaz gain, errepertorioa aldatu nahi izan zuen. Urte hartako maiatzean hartu zuen kargua, eta txupinazoan Camino de rosas pasodoblea (Arrosen bidea) jotzea proposatu zuen. Musikariek ohartarazi zioten ideia txarra zela, baina zuzendaria tematu egin zen pasodoble harekin. Uztailaren 6 hartan, gogoz egin zieten txistu, «inoiz ez bezala», gertaera hura bizi izan zuten musikarien arabera.

... kultur elkarte bat dela?

1986an, Iruñeko Udalak Pamplonesaren patronatua desegin zuen, uste baitzuen zaharkitua geratu zela, eta ez musikariek, ez dantzariek, ez gaiteroek ez zutela parte hartze handirik. 1987an, kultur elkarte gisa erregistratu zen, eta 30 urterako hitzarmena izenpetu zuen udalarekin. 2016an, Joseba Asironek beste hogei urterako ituna izenpetu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.