Lau t'erdiko txapelketako finala

Orain edo inoiz ez

Irujok eta Olaizola II.ak lau t'erdiko finala jokatuko dute gaur, elkarren aurkako laugarrena kaiolan.Goizuetakoaren inguruko zalantzek eta Iberokoaren sasoi onak parean jarri dituzte apustuak

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Iazko lau t'erdiko finala begi ninian erreta daukate biek. Mila aldiz entzuniko disko on baten antzera. Gasteizen ikuskizun aparta eman zuten. Zaila izango da bi pilotari, lau t'erdian, Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak 2013ko abenduko 14an iluntzeanjokatu zutenean baino gorago ikustea. Bi aurrelariek pilota jokoaren sublimazioa lortu dute, eta iazkoa baieztapen horren beste eredu bat izan zen. Irujo 6-12 aurreratu zen pilota ziztu bizian mugituz, eta hortik aurrera Olaizola II.ak gaina hartu zion, zirujau zehaztasunez jokatuz (22-16). Inoizko pilota maila ikusgarriena ematen ari dira biak, eta euren arteko lehia historiako handienetako bat da. Handiena ez bada... eta gaur beste atal bat idatziko da, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan (17:00), elkarren aurkako hamabigarren finalean, lau t'erdiko laugarrena.

Lau t'erdian, baina, balantza alde batera erortzen da nabarmen. Kaiolan ez da orekarik: hor Olaizola da nagusi. Gaurkoa zortzigarren finala du, eta aurreko zazpiak irabazi zituen. Bere ibilbidean lau t'erdiko txapelketan jokaturiko partiden %77 irabazi ditu —partidako 21,3 tanto eginez—, eta bi baino ez ditu galdu azken lau txapelketetan. Zenbaki horiekin erraz ulertzen da zergatik irabazi dituen azken hiru txapelak. Goizuetarrak 30 urteen langa ondo pasatuta lortu zuen bere ibilbideko sasoi punturik onena.

Bolada hori, baina, pixka bat lasaitu dela dirudi. Eta hor datza Martinez de Irujoren aukera. Aurtengo txapelketan Olaizolari gehiago kosta zaio finalerako sailkatzea. Olaetxearen aurka galdu zuen eta beste aurkariekin boladaka aritu zen. Berak dioenez, joko gutxirekin dago, eta Asier Olaizola bere botileroak ahalaren erdian ikusten duela esan du. «Bai, baina finalean da berriz. Iaz ere gauza bera esaten zuen...», nabarmendu zuen Irujok pilota aukeraketan. Tira, Olaizolak duen maila teknikoarekin oso zaila da hura finaletik kanpo uztea.

Martinez de Irujo, aldiz, une oso gozoan dago. Txapelketako lehen partida galdu zuen, Xalaren aurka, baina beste guztietan itxura oso ona eman du. Irujok, lau t'erdian, ahalegin fisiko ikusgarria egiten du, eta hori da bere aurkariarekiko alderik handiena. Irujok zangoekin besoekin adina jokatzen du. Beraz, txapeldun handia pattal samar badabil, eta Irujo oso ondo, gaur izan daiteke Olaizolaren lau t'erdiko finaletako bolada hausteko eguna? Hala dirudi; orain, edo inoiz ez.

Apustuzaleek halako zerbait pentsatuko zuten, finalean dirua parean irtengo baita. Ondo bidean, eta aurreko finalei erreparatuta, apustuek Olaizolaren alde beharko lukete —hala daude apustu etxeetan—, alde pixka batekin, gainera. Baina zerbait ikusi diote, eta joera horrek Irujoren ezustekoaren aukera izan daitekeenaren ustea berresten du.

Horiek arrazoi logikoak dira: sasoia, boladak... Baina horietaz gain fisikoki neurtu ezin direnak daude. Esaterako, Olaizolak finaletan bere maila emateko duen abilezia. Gaurkoa bere ibilbide profesionaleko hogeita bigarren finala da, eta aurrekoetan zaila da bere maila eman ez zuen bateren bat aurkitzea. Are gutxiago bakarka. Iazkoa, beste behin iazkoa, horren eredu garbia da. Hori gutxi ez, eta Olaizolak Irujoren aurka bakarka, buruz buru zein lau t'erdian, jokaturiko azken lau finalak irabazi ditu. Gerla psikologikoa dago atzean, Olaizolak bere nemesiari neurria hartu diola. Bien ibilbideen hasieran alderantziz zen, Irujoren alde, baina azken urteetan joera aldatu da.

Irujo, dena den, gogorra da psikologikoki, eta galduriko finalak akuilu bilakatzeko gai da. Lau t'erdian, gainera, behin baino gehiagotan irabazi dio Olaizolari. Hirutan txapelketa nagusian, eta behin Nafarroako lau t'erdikoan, iaz. Estatistika, dena den, Olaizolaren aldekoa da garbi: txapelketan bederatzi aldiz jokatu dute elkarren aurka eta Olaizolak sei aldiz irabazi dio, tartean hiru final.

Iberokoa, baina, urte bikainari ginga jartzeko gogoz dago. Gaur irabazita, 2014ko hiru txapelak jantziko lituzke, aurretik berak 2006an eta Retegi II.ak 1990ean bakarrik lorturiko bilduma. Zortzi urte pasatu dira hiru txapelak irabazi zituen alditik, eta 33 urterekin puntan jarraitzen du.Gaurkoa ibilbideko hogeita batgarren finala du, eta ez da azkena izango. Ezta Olaizolarena ere. Eta, ziurrenik, ezta elkarren aurkako azkena ere. Finaletan beste edozein pilotarik baino gehiagotan ikusi dute elkar. Kondaira dira, pilotaren historiarako bi abizen. Beti elkarrekin, beti elkarren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.